9. JOKALDIA
(san migel bere ordenagailuan dago ostera, eta halako batean loiola eta larramendi sartzen dira eszenatokira).
LARRAMENDI: Agur, San Migel, Zurekin nahi genuke hitz egin.
SAN MIGEL: Ondo da. Entzuten zaituztet.
LOIOLA: Badakit gu ez garela aingeruak, baina hala ere uste dut egoera honetan zerbait egin genezakeela Jaungoikoaren gloria handitze aldera.
LARRAMENDI: Loiolako Inaziok esan nahi duena zera da: alegia, guk jesuitok badakigu zerbait gizonen munduaz eta areago euskaldunen buruaz.
SAN MIGEL: (Ironiaz)
Jakin beharko zenukete bai, zuek eratuak dituzuenez.
LOIOLA: Zure hitzetan bada zerbait ihes egiten didana, baina egia diozu neurri batean gu izan garela euskaldunen kontzientziak landu ditugunak, bai eskolen bitartez eta halaber pulpituko lanarekin.
LARRAMENDI: Jesusen Lagundiak xede bakarra zuen mundu zabalaren zehar: Jaungoikoaren gloria hedatzea, baina Euskal Herriaren kasuan Jaungoikoaren gloria, bertan, ikusgarri egiten saiatu gara. Zuri hainbeste burukomin ematen dizun herri hautatuaren historia neronek sortua da, baina ez nuen orduan kapritxo alfer batez jokatu, baizik eta nire jomuga bakarra Euskal Herriak Jaungoikoarekiko erantzuna bere gain eta baitan, hartzea zen. Uste dut neurri batean bederen, lortu dugula Euskal Herriak bere burua Jaungoikoaren oinordekoa bezala ikustea. Euskal Herrira begiratuaz gero, mundu guztiak badaki zein den eredua, non dagoen garatua Jaungoikoaren gloria.
(san migel bere tokitik altxa eta eszenatokian batetik bestera hasi da ibiltzen. Urduri antzematen zaio, edo agian bere onetik kanpo ez du jarri nahi).
LOIOLA: Neronek ere pentsatu dut inoiz, mundua salbatzea baino hobea zela zenbait talde eta herri aukeratuak mundutik salbatzea.
LARRAMENDI: Horren atzetik ibili ziren gure anaiak Paraguay aldeko Erredukzioetan. Han, indio gajoak txartuak izan ez zitezen, misioetan bildu genituen munduko kutsaduratik aske eta garbi. Gizarte perfektuak antolatu genituen. Gure gidaritzapean indioek ikasi zuten beren buruak gobernatzen eta beren lurrak lantzen. Azkenean ordea, inbidiak eta lukurreriak ez zigun utzi gure esperimentua erabat burutzen. Nik ordea, gure Euskal Herrian antzeko ekimena abian jartzeko ideia izan nuen. Euskal Herria kristau eta askea munduaren kutsaduratik salbu. Bide horretatik hasi ginen Jesusen Konpainiakoak poliki baina irmoki lanean beti ere Jaungoikoaren gloria handitu nahiz.
LOIOLA: Gailendu beharra izan dugu hainbat oztopo eta neke, gure egitasmoa aurrera eramateko. Sarritan jarri gaituzte legez kanpo, deserrirako bidea ezagutzen dugu eta guztia gogo onez jasan dugu guztia, Jaungoikoaren gloriarako zela pentsatuaz. Guk geuk gatazkaren lehen lubakian ez gara borrokatu, baina erein genuen gure asmoaren hazia, eta horrela joan zen gorpuzten eta haragia hartzen, Euskal Herriko beste elizgizonengan ere, Euskal Herri berezi eta kristaua eraikitzeko asmo trinkoa.
LARRAMENDI: (Aingeruari)
Ez dakit entzuten gaituzun ala aintzakotzat hartzen gaituzun.
SAN MIGEL: Zergatik galdetzen didazu hori?
LARRAMENDI: Etengabeko joan etorrian zaudelako eta oraindik ez duzu txintik ere atera.
SAN MIGEL: (Uzkur)
Nahikoa hitz egiten duzue zuek. Gehiegi ere bai...
LOIOLA: Begira, San Migel, Larramendi eta neroni zuregana etorri bagara Euskal Herriarekiko sumatu dizugun jarreragatik da.
SAN MIGEL: Zein jarrera sumatu duzue, bada?
LARRAMENDI: Ezkorra.
LOIOLA: Eta, mesfidazkoa ere bai.
SAN MIGEL: Nire arrazoiak ditu mesfidaz jokatzeko.
LARRAMENDI: Guk hemen Josafateko egokiera honetan ez dugu esku hartze zuzenik, baina gogoan izan beharko zenuke Jesusen Konpainia ez dela edonor elizaren baitan. Ziur gaude gurekiko —neronetaz eta Loiolaz ari naiz orain— ez duzula errezelorik eta arazorik gabe pasako gaituzula zerura, baina guk hain bereziki eta maitekiro gidatu ditugun arimen alde nahi genizuke zure errukia eta artekari lana eskatu.
LOIOLA: Azken batean, San Migel, biok gara Euskal Herriko patroiak eta bide batez gogora ekarri nahi dizut zu bezala, ni ere, armetan ibilia naizela Jaungoikoaren soldadu izan aurretik.
SAN MIGEL: (loiolaren azken hitzek bere onetik atera dute Aingerua eta bere zorrotik ezpata atereaz hurbildu da loiolako Inaziorengana eta lepotik hartuta mintzatzen zaio honi) Kojo madarikatua! Alde nire begien aurretik edo eta epaiketarik gabe amilduko zaitut infernura! Utikan! Kanpora!
(Jesuita biak azkar batean ateratzen dira beren harridura aurpegian dutelarik).