5. JOKALDIA
(Lehengoak ageri dira eszenan. Guztiak batera mintzo dira. Ez da ezer ulertzen, nahiko desordenua dago eta halako batean etakidea jartzen da eszenaren buruan eta pistola bat atereaz tiro egiten du airera. Mutu gelditzen dira guztiak).
ETAKIDEA: Isilik denok... Koņo!!
CHAHO: (etakideari haserre)
Baina zer da hau! Erotu haiz edo zer? Non hagoela uste duk?
SABINO ARANA: Arrazoi du Chahok, hori ez da jokabidea. Nongotarra zara honela jokatzeko?
ETAKIDEA: etakoa naiz ni.
SABINO ARANA:
Nongoa zarela diozu?
ETAKIDEA: Euskadi eta Askatasuna erakundekoa naiz ni. Abertzalea.
SABINO ARANA (Mespretxuz)
Abertzalea zu? Auskalo zer zaren baina abertzalea behintzat ez. Ni naiz abertzaletasunaren sortzailea, eta ez dut inoiz tiroka egiteko agindurik eman ez eta biderik jarri ere.
ARESTI: Arana jauna, hobe duzu bidetaz gehiegi ez hitz egin. Zuk harria jarri zenuen maldan behera piririka eta orain ezin duzu ukatu harriak azpian hartu duena.
SABINO ARANA: Eta zu? Nor zara zu? Hain lotsagabeki niri horrela mintzatzeko.
ARESTI: Gabriel Aresti nauzu, Arana Jauna, Bilboko poeta eta kontadore eta nire askatasunak ematen didan ahalmenaz mintzo natzaizu. Egia da zuk sortu zenuela euskal abertzaletasuna, baina hain modu hertsian zabaldu zenuen aberriaren ataka, non eta gehiago diren, atez kanpo gelditu diren euskaldunak barnean jaso direnak baino. Esaterako tiro egin duen astokilo hau zuetakoa duzu. Zure harriaren oinordekoa da eta zure jarraitzaile sutsua.
SABINO ARANA: Ez dut ezer ulertzen. Non dago San Migel? Non dago euskaldunen patroia?
LOIOLA: Ni ere Euskaldunen patroia naiz. Zuk zerorrek jarria. Ni bake ederrean nengoen nire konpainiaren lanetan baina, zuk zeure baratzera erakarri ninduzun eta bertan landatu. Ez zenidan, ez, neure iritzirik eskatu. Euskadiko gudaloztearen Jeneral izendatu ninduzun eta harrezkero gehiegitan erabili duzue nire izena alferrik. Mutil horrek egin duena onartu ezina da, baina poetak dioen bezala, galdetzekoa da noren erakutsiaz eta aginduz jokatu ohi duen horrela.
LARRAMENDI: (loiolarengana hurbilduaz).
Nire aita San Inazio, ez zaitez larritu, Nik ezagutzen dut Arana Jauna eta ez da gizon txarra. Mutil gazte hau berriz, urduri jarri da eta ezin izan du behar den patxadarekin jokatu. Mutil gehiegi ibili da azken aldian armetan jarria, eta denak ez bada ere, askok bederen borondaterik hoberenaz jokatu dute.
LOIOLA: Utz nazazu bakean, Larramendi, eta zaude isilik. Nire konpainiakoa izanik nolatan onartzen duzu armen erabilera?
LARRAMENDI: Nire aita, miretsia eta maitea. Gure konpainiak bide luzea ibili du eta etsai askori eman behar izan dio aurre. Egoera gaitzetan ibili da sarri eta ikasi du gizonen artean ibiltzen eta maneiatzen. Gainera, aspaldidanik geure konpainiak emana dio babesa tiranozidioari; izan ere errege batek edo agintariren baten herria zapaltzen badu, herriak bota dezake agintari tiranoa.
LOIOLA: Baina, erotu al zara Larramendi; nondik atera dituzu teoria zeken horiek? Nik ez duk sekula horrelakorik erakutsi; ukatzen dut horrelakorik nik esana.
ARESTI: Agian, Loiola zure kontua ere Sabino Aranarena da. Aranak harria jarri zuen maldan behera abiada handian eta zuk zeure konpainia ere armetan jarri zenuen.
LOIOLA: Armetan bai, baina Jainkoaren zerbitzuan. Nire konpainiakoak soldaduak dira baina elizaren soldadu. Azken batean ez dira soldadu materialak, ideia baten soldadu baizik.
ARESTI: (Pentsakor)
Ideien soldadu... diozu. Ideiak eta soldaduak nekez lot daitezken parteak dira. Ideia gutxiegi izan ditugu euskaldunok eta soldaduak, berriz, sobera. Gure ideia apurrak ere gehienetan fusilaren puntan argudiatu ditugu. (san migel sartzen da).
SANTA KRUTZ: Sarri, fusila izan ohi da pobreak eta zanpatuak erabil dezaketen argudio bakarra. Larramendi gizon jakintsua da eta berak argi dauka agintariak oker jokatzen badute zilegi dela haiek erailtzea eta beren kontra armetan altxatzea.
ARESTI: Ezaguna da Santakrutz, zure krudeltasuna eta zure bortxakeria, eta harritzen naiz elizak zure jokabidea ez gaitzestea. Ebanjelioaren kontrako bidetik ibilia zara eta gero hauek (etakidea adieraziz) zure bidetik ekin diote naiz eta beste ebanjelio baten izenean.
SANTA KRUTZ: Baina zer arraio diozu?... Ni beti ibili naiz Ebanjelioaren bidetik eta armak eskuan hartu banituen Kristoren legea eragiteko izan zen. Liberalismo ankerrari aurre egiteko. (Fusilarekin aresti apuntatuz jarraitzen du). Zu bezalako salduak nahi izan zuten euskaldunen fedea ezabatu. Ni ez naiz damutzen eliza eta Kristoren aldeko borrokan parte hartu izanaz.
ARESTI: (Fierki)
Parte hartu baino areago, zu izan zinen armetara mutilak eraman zenituena. Zu eta zure gisako apaizak ibili zarete jendea berotzen eta armetara bultzatzen. Betor Jainkoa eta esan dezala zuen fusilak maite dituen hala ez. (santa krutzek fusilarekin aresti jotzeko keinua egiten du)
SAN MIGEL: Atzera! Geldi! Baina zer gertatzen da hemen? Une labur batean faltatzen naiz eta dagoneko tiroka hasi zarete. Hau da hau, desgrazia.
SABINO ARANA: Gure patroi Jauna, ez da ezer izan.
SAN MIGEL: (Haserre sabino aranari)
Zer patroi eta zer potroi! Asper-asper eginda nago zuen kontuekin. Josafateko zelaian ere numeroa egin beharrean zaudete? Badut gogoa egun luze hau bukatzeko eta behingoz justiziak bere bidea egin dezan. Ez dut gehiago entzun nahi patroiaren kontu zoro hori. Jakin ezazue ni ez naizela inorren patroi eta gutxiago elkar joka bizi den herri batekoa. Mesedez, ez gehiago aipatu kontu hori, baldin eta eguna onik bukatu nahi baduzue. Aingerua naiz baina gogorrean ere badakit, gogoan izan Luziferrekin izan nuen jokabidea. Beraz, porta zaitezte modu egokian, edo infernuan amaituko duzue guztiak.
(san migelen hitzek izan dute eragina, eta guztiak apal ageri dira orain. etakideak arma eskuratzen dio san migeli eta honek kendu egiten dio).
SAN MIGEL: Eta orain berriro noa Hiriko eta Mariren bila, eta ni berriz etortzerako zuetako bi edo hiru lagunekin nahi dut mintzatu, epaiketa prestatu eta gauzak arintzeko. Egin ezazue kontu eta azti ibili zuen ordezkariak hautatzean. Garibai zu arduratzen zaitut hautapenaren akta jasotzeaz.
GARIBAI: Ondo da, Arkanjelu jauna.
SAN MIGEL: Laster arte, beraz.
(san migel badoa eta garibai jartzen da haren tokian beste guziak zirkuluan jartzen dira lurreari).
GARIBAI: Entzun duzue, San Migelek esan duena. Gure arteko bi edo hiru lagun hautatu behar ditugu ordezkari gisara. (Isilunea)
GARIBAI: Nork aurkezten du bere burua taldearen ordezkari izateko?
(Isilunea. Azkenik larramendik eta munibek jasotzen dute besoa).
GARIBAI: Larramendi eta Munibe prest dira gure ordezkari izateko.
ARESTI: Ni konforme nago Muniberen izenarekin, baina inola ere ez Larramendirenarekin.
LARRAMENDI: Eta jakin daiteke, Aresti jauna, zergatik jartzen didazun betoa?
ARESTI: Nik botoa ez emateak ez du esan nahi betoa jartzen dizudanik. Beste guziak ados badaude nik ere onartuko dut zure izena. Baina ez zait iruditzen gure interesei dagokionez zure ordezkaritza egokia denik.
MIRANDE: Ni ere Arestiren iritzi berekoa naiz. Aski dugu apaizen diktaduraz. Hemen ere zuek nahi duzue agindu?
BARANDIARAN: Niri, egia esan Larramendiren izena egokia iruditzen zait, aldiz Muniberena ez zait egokia iruditzen. Gogoan izan Munibe dela geure herrira ideia iraultzaileak ekarri zituenetakoa. Azkoitiko zalduntxoak ondo daude salako figura egiteko, baina Josafateko baratzean sobera dira kondeak eta markesak.
MUNIBE: Ez dut nik inolako interesik zuen ordezkari izateko, baina Barandiarani esan behar diot berak aurpegiratzen dizkidan ideiak izan zirela Euskal Herrian izan den aurrerapen bakarra. Urrutiko kontuak dira, baina esan beharrean aurkitzen naiz geure kontra jarri zen eliza hura izan dela geure herrian gertatu diren oker gehienen eragilea eta sorburua. Nik bederen ez nuke elizgizonik jarriko ordezkaritza horretan, aldiz, egokia litzateke Unamuno hautatuko bagenu.
MIRANDE: Ni ere ez naiz elizgizonen aldeko, baina apaizetarik norbait hautatzekotan Axular hautatuko nuke nik.
ARESTI: Ni ere Axularren aldekoa naiz.
CHAHO: Ez dago gaizki. Gainera Axularrek Iparraldeko euskaldunak modu bikainean ezagutzen ditu eta hizlari gisa, gainera, ez dugu hoberik aurkituko.
(Altabozean entzuten da “Arren eta mesedez Hiriko eta Mari ager daitezela Euskal Herriko salara, azken abisua da hau”).
LARRAMENDI: Eta zergatik ez hautatu Loiolako Inazio? Berak adiskide ugari dauka zeruan eta ziur naiz inork baino hobeto ordezkatuko gaituela.
CHAHO: Nire dudak dauzkat Larramendiren proposamenaz. San Migelek ez ditu estimu handian soldaduak. Eta are gutxiago patroiak.
GARIBAI: Nik ez dut oraindik iritzirik eman, baina zuek esandakoen haritik ausartzen naiz Axular eta Unamuno proposatzea San Migelekin hizketatzeko. Badu inork kontrakorik? (Isilunea) Beraz, Axular, onartzen duzu ordezkari izatea?
AXULAR: Onartzen dut hori bada zuen gogoa.
GARIBAI: Eta zuk Unamuno?
UNAMUNO: Onartzen dut eta gogoko dut Axularren laguntza.
GARIBAI: Beraz, Unamuno eta Axular izango dira Euskal Herriaren defentsan San Migelekin mintzatuko direnak.
(Iluna).