3. JOKALDIA
(Lehengoak eszenan).
SAN MIGEL: Eta zu nor zaitugu, jauna?
CHAHO: Ni Chaho naiz. Agustin Chao, Zuberoako euskalduna.
DANTE: Kreaturaren aita beraz eta poeta.
CHAHO: Eta zu nor zara, jakin badaiteke.
SAN MIGEL: (danteren aurkezpena eginazj.
Dante Alighieri, duzu honakoa. Florentziako poeta garaia.
CHAHO: (danterengana hurbilduz eta belaunikatuz).
Dante! Zu zara Dante! Parnasoko izar dizdirantea!. Oh! Egun handia gaurkoa! Poeta guztien aita zara zu.
DANTE: (Lotsaz eta chaho zutik jarriaz).
Gizona! Gizona! Zaude zutik. Zer dela eta zarata guzti hau?
CHAHO: Barkatu, Dante, ezin izan dut nire urduritasuna gorde, ezin izan diot nire emozioari eutsi. Jar zaitez nire tokian eta pentsa zer sentituko zenukeen inoiz ikusi gabeko semea besarkatu eta Parnasoko poetarik handiena agurtzeko aukera bat bestearen jarraian izango bazenitu. Egun benedikatua, gaurkoa, zeinetan nire amets gozoenak bete diren.
SAN MIGEL: Baina Chaho, nondik zatoz zu eta non dira besteak?
CHAHO: Euskal lurraren altzotik iratzarri naiz oraintsu eta nire herrikideen aitzindari nator. Laster dira hemen beste guziak.
DANTE: (Apartekoa san migelekin)
Badirudi beti eta egoera denetan izan dela lehena eta azkarrena.
SAN MIGEL: (Bere ordenagailuan dago eta fitxa bat irakurtzen duela dirudi)
Bai, aurkitu dut. Hemen dago.”Chaho Agustin Zuberoako poeta, idazle eta periodista. Aitor pertsonaiaren sortzailea eta lehen karlistadaren kronika egin zuena. Irudimen handiko gizona, baina ez da arriskutsua. Hala ere, askok euskal abertzaletasunaren aitzindaritzat daukate”.
CHAHO: Bai, jauna, horixe bera naiz ni. Irudimenarena ez dut uste gauza txarra denik eta are gutxiago niri bizitzera egokitu zitzaidan egunetan. Aitor asmatu nuela, egia da baina euskaldun guztien bihotzean zegoen jadanik zelatan, nik izena jarri nion soilik eta harrezkero hartu zuen gure artean tokia.
(Orain, ahotsa entzuten da danterentzat oharra emanez).
“Entzun arren, Dante Alighierirentzat oharra: Mesedez etor dadila Parnasoko zelaira; zain dauzka poetak”
DANTE: Barkatu jaunak; joan beharrean aurkitzen naiz.
SAN MIGEL: Baina...
DANTE: Zaude lasai, San Migel, laster hemen naiz berriro, orain Parnasoko partean nire galdezka daude eta harat joan behar naiz. Gero arte jaunak. Egun ona izan dezazuela.
(Agurtzen dute guztiak eta badoa, baina ateratzerakoan garibairekin egiten du topo, elkar oztopatuaz).
GARIBAI: Barkatu jaunak, euskaldunen salaren bila nabil.
SAN MIGEL: Aurrera. Aurrera, jauna. Nor zaitugu zu?
GARIBAI: Esteban Garibai, naiz ni. Arrasatearra eta historigilea.
SAN MIGEL: (Zorrotz)
Istoriogilea edo historiagilea esan duzu?
GARIBAI: Barkatu Aingeru jauna baina bietarik naiz. Kronikak egiten nituen nik, baina inoiz notizia garbirik ez nuenean sortu ere, egiten nituen zenbait gertaera. Zuloak estaltze aldera, badakizu...
SAN MIGEL: Ez, ez. Nik ez dakit ezer. Zuloak estaltzea literatura egitea da, poesia nahi baduzu. Eta kronikak idazteari, berriz, historia idaztea esaten zaio. Badirudi zuek, euskaldunak, oso emanak zaretela historia zuen gisara antolatzera. Hori ez litzateke gauza grabea, baldin eta gero historia horien haritik mundua zuen gustura taxutuko ez bazenute.
CHAHO: (garibairi, eskua luzatuaz).
Pozten naiz zu ezagutzeaz. Ni Agustin Chaho nauzu. Zuberokoa izatez eta historia kontuetan zaletua. Irakurri nituen zure lanak eta benetan eskertzekoa da Tubalez antolatu zenuena.
SAN MIGEL: (Haserre garibairi)
Tubalen istorioa zuk sortua da, beraz. Benetan mesede kaxkarra egin zenien zure herritarrei. Hori besterik ez zuten falta, alegia, Noeren semearen seme direla uste izatea. Horrela nozitu die gero historiak. Gezurraren lepotik harrotu ziren eta ez zuten zorigaitza baizik erdietsi. Ez zirenaren atzetik liluraturik galdu zuten beren burua... Baina geroxeagoko kontuak dira hauek, orain zuen beste herritarrak bildu behar ditut. Ez mugitu hemendik; laster nator, ostera.
(Ateratzen da san migel eta eszenarioaren erdian biltzen dira elkarri so garibai, aitor eta Chaho).
CHAHO: Ondo da, Garibai jauna. Ez egin arreta gehiegirik Migel Aingeruari erretxinduta dabil zerbait eta ez dago bere humore hobenarekin. (aitor, bere semea aurkeztuaz) Ez dakit Aitor nire semea ezagutzen duzun?
GARIBAI: Ez dut, ez, ezagutzen.
CHAHO: Beno, egia esateko Aitor nire semea izateaz gain, euskaldunon arbasoa da. Euskaldun guztien aita-basoa nolabait ere esateko.
GARIBAI: Barka iezadazu Chaho, baina ez dizut ongi ulertu. Aitor zure semea dela esan duzu, baina zure aita ere bai...
CHAHO: Horrelako zerbait, bai. Baina ez zaitez aztoratu gauza nahiko konplexua ematen du baina oso xinplea da aldi berean. Zuk Tubalena sortu zenuen bezala, eta eskerrak sortu zenuen, nik Aitor sortu nuen diferentzia batekin, alegia, Tubal Noeren benetako semea zen, baina Aitor nire seme poetikoa baizik ez da. Egia da nik sortu nuela baina bere benetako izaera euskaldunek eman zioten, horrela Euskal Herriaren historiari bere zutabea eta sostengua ezarriaz.
AITOR: Zuk horrela diozu aita, baina orain atera den San Migel aingeruak ez ditu gauzak era berean ikusten. Oso haserre dagoela dirudi, euskaldunek pertsonaiak eta gertakizunak asmatzeko duten afizioarekin. Ez dirudi oso kontentu ni hemen izatearekin eta beldur naiz azken judizioaren egun honetan gauzak ez ote zaizkigun okertuko. (Honetan nartziso sartzen da eszenara)
NARZISO: Barkatu jaunak baina euskaldunen salaren bila nabil.
CHAHO: Topatu duzu. Hau duzu euskaldunon sala. Ongietorria! Nor zaitugu zu? Zein Euskal Herritakoa zara zu?
NARZISO: Nik Nartziso izena dut, baina ez naiz euskalduna. Ni Heladeko irletakoa naiz. Baina honat etortzeko agindua eman didate: ni ere lote honetan juzkatuko omen naute.
(Argia itzaltzen da).