Josafat
Luis Haranburu Altuna
Josafat
Luis Haranburu Altuna
Kutxa Fundazioa, 2007

 

Jesus Cabeza eta

Mari Jose Bilbaori,
gure lagunak izateaz gain oso jende bikaina delako.

 

 

 

“Erne! Betoz nazioak Josafateko zelaira, han eseriko baita Jauna, inguruko herri guztiak epaitzeko.

Auzia izango du haien aurka zeren emagalduen saritzat mutikoa eman zuten, eta zurruterako ardo-truke neskatxa saldu.

Egun hartan mendiek ardoa emango dute, muinoek esnea isuriko.

Bihur itzazue goldeak ezpata eta igitaiak lantza”.

(Joel 4, 2-12)

 

 

DRAMATIS PERSONAE:

            san migel (Aingeruz jantzia eta ezpataz hornitua)

            dante (Ernazimenduko jantzi dotoreaz)

            aitor (Agure zaharra)

            garibai (Garaiko jantziarekin)

            loiola (Sotana eta boneta buruan)

            axular (Sotana)

            larramendi (Loiola bezala jantzia)

            santa krutz (Bizarduna, guerrillero jantziarekin eta makila eskuan)

            MUNIBE: (xviii gizaldiko janzkeraz)

            chao (Jantzi beltza eta sonbreiru kopaduna)

            sabino (Ehiztari jantziaz eta bizar luzea, eskopeta eskuan)

            unamuno (Bizar luze eta lentedun)

            aresti (Kaletar gorbataduna)

            mirande (Bulegari gorbataduna)

            etakidea (Pistola bat gerrian eta kapusaia buruan)

            barandiaran j.m. (Indusketako jantziaz, blusoi bat soinean)

            hiriko (Artzain jantziarekin eta bere ardiekin, agian)

            mari (Neska gazte ederra, labur eta arin jantzia)

            narziso (Miraila bat eskuan duela eta bertan begira)

 

ESZENARIOAZ:

            Eszenarioa ezin konkretoagoa eta era berean ezin unibertsalagoa da. Buruan gertatzen da ekintza; antzezle/ikuslearen baitan, alegia.

            Pirandello eta Unamunoren ustetan bizitza drama bat da, norbaiten pentsamenduan jokatzen dena. Jainkoak pentsatzen gaitu edo eta gure pentsamendua baino ez da, Jainkoa.

            Dena den, Euzkadi bai dela benetakoa, naiz eta bere egiazko izaera, neurri batean bederen, gure ametsen erresumakoa izan.

            Josafateko zelaiak, geure buruko baratzean landatutako izaera birtuala dauka. Izaera poetikoa eta dramatikoa.