Antso erregea
Hasier Etxeberria
Antso erregea
Hasier Etxeberria
Egilea editore, 2004

 

12. agerraldia:
LEONEN

 

 

—12A—

 

emakumeek Gaztelako Infantearen eta Antsa Leongoaren arteko testuingurua agertzen dute. muniak urtebete behar izan duela esposamentua prestatzeko, baina etorri dela eguna, bere laino zuri eta beltz guztiekin...

 

1 EMAKUMEA: Urtebete behar izan du Muniak ezkontza bideratzeko.

2 EMAKUMEA: Urtebete, Gaztelako Infantea Leongo alaberekin ezkontzeko.

4 EMAKUMEA: Biak ditu senide, Gaztelakoa du bere eta Leongoa senarraren.

5 EMAKUMEA: Egina da tratua.

6 EMAKUMEA: Jarria da ordua.

7 EMAKUMEA: Leongo Plaza nagusia, munduan den ederrena.

1 EMAKUMEA: Artzapepizkuak ditu ezkonduko.

2 EMAKUMEA: Egina geratuko da horrela, Iruņea, Gaztela eta Leongo errege eta erreginen borondatea.

4 EMAKUMEA: Odolez lotuak elkarren arteko harremanak.

5 EMAKUMEA: Gizonek ezin dutena, Jainkoak lotuko du orain.

6 EMAKUMEA: Nongoa da, baina, errege-erreginen borondatea?

7 EMAKUMEA: Zerukoa da ala mundu honetakoa?

 

 

—12B—

 

Leongo plazan. Sartzen da segizioa jendearen txalo artean. Bidea irekitzen lau lantzero. Zetroa eta ezpata bi kojinetan daramatzaten bi mutikoren atzetik doa ezkongaia. Bere ondoren hiru ehiza aztore daramatzeten hiru gaztetxo. Gero azkona luzeak daramatzan gudari saldoa. Ikusgarriak dira, defentsarako baino, gorterako gehiago prestatuak.

 

PREGOILARIA: Zabaldu, zabal ezazue bidea. Kendu paretik. Egin pasabidea Garzia Santxez Gaztelako infanteari! (tronpetak).

 

printzea erdian dagoenean, bi zaldun gazte ezpatak eskuan dituztela agertzen dira arrapaladan. Bi-hiru aldiz sartzen diote ezpata infanteari jendearen begien aurrean. Inork ez du erreakzionatzen. Espantu oihuak. bi hiltzaileak fite desagertzen dira jendearen artetik eta zaldi kaskoak entzuten dira urrunean ihesi.

 

ZERBITZARIA: Hil zorian dago, gure Printzea hil dute. Nork egin du? Deitu sendagile bati! (Ondoko jauregi batera eramaten dute gaztelako infantea).

 

gartzea azenariz eta eneko lupiz agertzen dira jende artean.

 

ENEKO: (laguntzaile bati) Zer gertatu da?

ZERBITZARIA: Garzia Infantea hil egin dute.

ENEKO: Seguru hilda dagoala?

ZERBITZARIA: Oraindik ez da sortu zauri horietatik bizirik irtengo den gizonik.

GARTZEA: Nortzuk izan dira?

ZERBITZARIA: Bi zaldun gazte agertu dira arrapaladan. Hirugarrena zuten zain zaldiekin kantoian.

GARTZEA: Ez ditu inork gelditu?

ZERBITZARIA: Dena gertatu da ezustean, jauna.

ENEKO: Geurekin gurutzatu direnak izango ziren, Gartzea.

GARTZEA: Ia bota gaituzte zalditik lurrera, pasatzean.

ENEKO: Ezagunak egin jataz horreen zaldiak.

 

 

—12C—

 

emakumeek patuari buru hitz egiten dute, nola batzuetan erregeek ere ezin ditzaketen menpera erreinuko gora-beherak.

 

1 EMAKUMEA: Batzuetan gau beltzean sartu ohi da lainoa eta are egiten dira beltzago bazter guztiak.

2 EMAKUMEA: Katuak ere egoten dira itsu halakoetan, egunak noiz argituko zain, zerbait ikusteko peskizan.

4 EMAKUMEA: Patuak ere ihes egiten dio Erregearen nahiari.

5 EMAKUMEA: Antso Erregeak Leongo hiriaren kanpo aldean zeukan zutik kanpamendua eta harantza hartu zuten Enekok eta Gartzeak.

6 EMAKUMEA: Bidean, beste asko bezala, hiltzaileen aztarnei segika ibili ziren.

7 EMAKUMEA: Alferrik, ordea, hainbeste jende joan-etorrian dabilen lekuan, itsaso gainean baino zailago da aurkitzen inoren arrastoa.

6 EMAKUMEA: Europa guztira barreitau zen hilketaren oihartzuna.

5 EMAKUMEA: Eta iragan ziren egunak eta iragan ziren aste osoak, Monzongo jaunak Antso Handiari Nahiarako gortera egin zion arte ikustaldia...

4 EMAKUMEA: Berarekin zekartzan preso, bi bela anaia, gazteena, Iago, bidean zen hila.

 

 

—12D—

 

belatarrak ekartzen dituzte, atxiloturik, antso eta Iruņeko batzorde Gorenaren aitzinera. Gogorki hartzen ditu antsok eta epaiketaren ostean, zigorra handia da: bihar iluntzean sutan erreko dituzte, belar gaiztoen antzera.

 

ANTSO: Hona hemen gaizkileak.

RODRIGO BELA: Epaitu baino lehenago sententzia eman?

ANTSO: (Oso lasai) Eskuak lotuta ere zu beti harro. Ez dugu astirik zure ibili herren guztiak kontatzen ibiltzeko. Egunak eta egunak behar genituzke, euren gau luzeekin. Hitz egiguzu azkenengoaz.

RODRIGO: Gaztelako Infantearen hilketaz?

ANTSO: (Sutan) Besterik izan al da, bada?

RODRIGO: Lasai jauna, belatarrek odol beroa dugu, baina, hala ere, burua hotz. Arrazoi gabetan guk ez dugu nehor hiltzen, zaldun legearen arabera.

GARTZEA AZENARIZKOA: (Zutik) Nola ausartzen zara. Infantea bizkarretik hil eta zaldun legea aipatzera?

ANTSO: Tronpatu egin zara gurekin, Rodrigo. Gu ez gara edonor, gu Iruņeko Erresumako Batzorde Gorena gaituzu. Erantzun azkar, beraz: zergatik hil zenuten Gaztelako Infantea?

ENEKO BELA: Jaunak, barkatu, neuk esango dizuet. Rodrigoren ametsetan beti ibili izan da Antsa printzesa. Infantearekin egin beharreko eztaiak, hankaz gora jartzen zuen bere esperantza. Iago anaia gaisoak eskatu zidan Rodrigori hura hiltzen laguntzeko...

ANTSO: Utzi hildakoak pakean, nahikoa dugu bizidunekin. Egia al da dioena Rodrigo?

RODRIGO: (Astia hartuz) Ez, ez da inondik inora egia. Eskertzen dizut Eneko anaia nire mendekua leuntzen saiatu izana, baina kontuak ez dira horrela: Infanteak traidorea nintzela esan zuen denen aurrean. Bere menera jartzeko prest joan nintzaion eta iraina jaso nuen ordainetan.

ENEKO: (anaiari beha) Guri ez zenigun halakorik esan.

RODRIGO: Orain jakin duzu, bada, egia guztia. Ezpataz buruz-buruko lehia eskatu nion, bietako bat hilik gertatu artean, baina bere ezpatarik ez zuela traidoreren odolez zikintzeko asmorik erantzun zidan, ingurukoen irri artean. Belatar batek ez dezake era horretan inoren aurrean ohorerik galdu.

ENEKO: Baina Rodrigo...

RODRIGO: Ixo, alferrik dira orain gainerakoak. Ekarria geratu da ohorea, berez behar zuen lekura.

ANTSO: Jaunak, gauzak ikus litezke mila lekutatik, baina otsoa beti otso, baita otsokumearentzat ere. Inork ez badauka ezer esatekorik, bihar iluntzean sutan kiskaliko dira bi piztia hauek Nahiarako plazan. Inork ba al dauka gela honetan sugeen alde ezer esatekorik?

 

denek egiten dute ezetz buruarekin eta soldaduek, Fortunen keinu baten ondoren, arrastaka eramaten dituzte bi belatarrak.