Antso erregea
Hasier Etxeberria
Antso erregea
Hasier Etxeberria
Egilea editore, 2004

 

10. agerraldia:
GIPUZKOA

 

 

—10A—

 

emakumeek gogoeta egiten dute Hondarribiko harresiei buruz: egia da hiria eta jendea babestu egiten dituztela harritzar hauek, baina itxi eta ito ere bai. Ikuspegia motz da hemen...

 

1 EMAKUMEA: Eta hormatzar hauek zer?

2 EMAKUMEA: Bai, zenbat denbora daroate zutik?

3 EMAKUMEA: Beti hementxe egon direla dirudi.

4 EMAKUMEA: Berrogeita bost urte dira Antso Abarkak hasi zituenetik.

5 EMAKUMEA: Mendeetan irauteko daude eginak.

6 EMAKUMEA: Hiria babesteko.

7 EMAKUMEA: Etxeak babesteko.

1 EMAKUMEA: Ikusmira itxi ere egiten dute, ordea.

2 EMAKUMEA: Itsutu.

3 EMAKUMEA: Ikuspegia motz du hauen barruan geratzen denak.

4 EMAKUMEA: Begiak behar dira urrun.

5 EMAKUMEA: Arimak behar du zabal.

6 EMAKUMEA: Gordelekua ez dadin izan presoleku.

7 EMAKUMEA: Gogoko ditu harri zaharrok Antso Nagusiak.

1 EMAKUMEA: Harri hauetara egin dio dei Gartzea Azenariz jaunari.

2 EMAKUMEA: Ipuzkoako lurrak dituzte gai.

3 EMAKUMEA: Erresumako lurrik antzuenak.

4 EMAKUMEA: Antsok Gartzea Kontea nahi du Ipuzkoako jaun.

 

 

—10B—

 

antso eta bere gizonek Ipuzkoako lurra dute mintzagai, nola gartzea geratuko den lurralde horien arduradun. antso eta gartzea, mintzo diren bitartean ibiltzen ari dira harresiei arreta bereziaz begira.

 

ANTSO: Hemen lasaiago hitz egingo dugulakoan deitu dizut honaxe.

GARTZEA: Ez da leku batere aldrebesa, jauna.

ANTSO: Iruņetik agintzen jarraitzen dut, baina hori ez da aski. Gauzak ongi lotuta edukitzeko, korapiloa leku bakarrean ez da aski.

GARTZEA: Begibistakoa da hori, jauna.

ANTSO: Nahiaran nahi dut indartu Errege Gortea, eta hegoaldeko lurralde lauetan hiriak eraiki. Gure aurrerapenak ez du beste irtenbiderik. Horretarako, ordea, Ipuzkoako baso eta itsas-ertzetan, Bizkaikoetan Eneko Lupizekin egin bezala, Erregearen ordezkaria behar dut izendatu.

GARTZEA: Zeure aukera duzu hori, jauna.

ANTSO: Agerikoa da zeu zaitudala gizon hori, Gartzea. Neure ondoan izan zaitudan hainbeste urte zintzoren ordainetan, zeu nahi zaitudala izendatu Ipuzkoako Konde jaun.

GARTZEA: Hara, jauna: Galga emaztearekin esposatu nintzenetik, Deba eta Urolako ibarretan nauzu erroturik eta ohartua naiz handik urrun dela Iruņea, urrun dela hegoaldeko lautada eta urrun dela mundu guztia ere. Mendi arteetan bizi gara nor norenari begira. Ipuzkoan jende askok ez daki zeu Errege zaitugunik ere.

ANTSO: Gartzea, maitea. Erabakita dugu geure Erresumako lurrak nola antolatu. Sena berezia erakutsi duzu jendea ezagutzeko orduan. Gogoan ditut zeuri entzundako hitz batzuk: “Euskaldunak beti nahi du bere etxearen jabe izan. Norberarena norberarentzat eta hortik aurrera, auzoaren senide”.

GARTZEA: Hori edonork daki hemen, Jauna.

ANTSO: Bai, Gartzea, baina inork ez du hori zuk bezain argi. Horixe dugu antolaketa eredua: bakoitzari berea eta hortik aurrera guztiok senide.

GARTZEA: Ziur baldin bazaude, Jauna...

ANTSO: Horixe nagoela segur. Txalupaz etortzeko agindu dizut, itsasoaren garrantziaz jabe zaitezen. Itsasoak bidea zenbat laburtzen duen ikas dezazun. Eta hementxe zaude, zaldi azkarrenean etorrita baino azkarrago.

GARTZEA: Bai, hemen nago baina juxtu-juxtu, jauna. Itsasoan hustu ditudan tripekin joan naiz ia. Ni lehorrekoa nauzu, ez itsasokoa.

ANTSO: Baina itsasoa dugu biderik zabalena. Bikingoei ikusitako lemarekin, bide guztiak dira orain zuzenak, haizea lagun bada, behintzat.

GARTZEA: Marinelek ederki egin dute irri nire lepora, jauna.

ANTSO: Hondarribiko hau dugu nafarrok portua. Bidasoan barrena etortzen dira honaino garraioak, baina ez da aski. Kostalde guztia antolatu beharrean gaude, Gartzea. Matxitxakotik Landesetara bitartean. Zeuri dagokizu Oriotik Arlaban arterako tartea, Ipuzkoa, gure Erresumako lurralderik txikiena, ez horregatik alferrena.

GARTZEA: Arlabaneraino?

ANTSO: Bai, Arlabaneraino. Handik behera, Muniok, Arabako Konteak, agintzen du. Errazagoa da lautada Errioxatik gobernatzea Ipuzkoatik baino.

GARTZEA: Asmoa ona da, jauna, baina Arditurriko meategi inguru hauetarako, Pasaian eta Done Ostian ari zarete antolatzen portuak eta hiriak. Oriotik harantzago, ordea, txaboletan ahal bezala bizi diren arrantzale eta laborari apurrak baizik ez dira.

ANTSO: Horrexegatik ematen dizut zeuri zeregina.

GARTZEA: Bai, baina zer nahi duzu nik egitea?

ANTSO: Ez dagoen tokitik urrea ateratzea! Horixe. Ipuzkoa ezdeusa behingoz Historian sartzea eta aurrerapidean jartzea.

GARTZEA: Nire esku dagoen guztia egingo dudala, aurrez dakizu, jauna.

ANTSO: Bai zure esku dagoena dagokizu, eta niri neurea. (Pergamino bat destoleztatzen du) Eta horrexegatik izendatzen zaitut Erregeren lekuko Ipuzkoako lurretan.

GARTZEA: Ohorea da enetzat, jauna.

ANTSO: Ohorea, lana eta dirua, Gartzea, gure egitekoaren hiru ardatzak. Ez ahantzi sekula.

GARTZEA: Ez, jauna.

ANTSO: Hasteko, Galga emazteak eta zeuk, lurrez hornitu behar dituzue Aizpeko Donibane Monastegia. Altzoko Olazabalen diharduzuen moduan, leku eta pasabide fidagarriak behar ditugu Ipuzkoako lurraldea bizkor dadin.

GARTZEA: Ederra litzateke Hondarribiko hau bezalakoren bat Deba edo Urolaren muturrean. Zure laguntzaz egingo genuke halako besteren bat.

ANTSO: Bihotzak salatu zaitu, Gartzea. Hastapenean beldur eta orain ameslari. Atsegin zaitut, Gartzea. Non egin behar dituzue oinarriak? Getariko Xaguaren gainean? Nahikoa lan duzu kostaldea eta Goierriko jauntxo horiek antolatzen. Gero gerokoak. Gainera, lanen bat utzi beharko diegu gure ondorengoei, ez da hala?

 

 

—10C—

 

Halako batean, ustegabean, zalaparta handi bat ikusiko da urrunean, Zaragoza aldean. Hilketa bat edo. Harresietako batean, urkatu baten itzala ikusiko da, dilindan.

 

 

—10D—

 

emakumeek kontatuko dute Zaragozan gertatutakoa: Urkatu egin dute antsok bidalitako mezularia. Kantuz egingo dute lan hori.

 

1 EMAKUMEA

            Zaragoza partian

            Atzo zen gertatu

            Erregeren gizona

            Lepotik urkatu

            Mairua beti mairu

            Uda eta negu

            Bihotzik ez daukanak

            Barkamenik ez du

 

2 EMAKUMEA

            Gorrotoak baditu

            Berezko bideak

            Nola suge zikinak

            Dituen bereak

            Mezularia joan zen

            Antso(re)n izenean

            Zintzilik ito zuten

            Soka muturrean

 

3 EMAKUMEA

            Mendekua ez da berez

            Erantzun zuzena

            Baina berdindu behar

            Irain eta penak

            Erregeak ez daki

            Baretzen kemena

            Zaragozatik dator

            Gorroto-eztena.