Antso erregea
Hasier Etxeberria
Antso erregea
Hasier Etxeberria
Egilea editore, 2004

 

8. agerraldia:
MUGAK

 

 

—8A—

 

Jean Michel Bedaxagarren “Nafarroa” jota kantatzen da. Bertan lurraren gora-beherak aipatzen dira.

 

                        Arbasoen harkaitza

                        Nafarroa, Nafarroa, Nafarroa

                        Arbasoen harkaitza

                        Lur emankor hezkaitza

                        Bedatseko ekaitza

                        Ekhiaren emaitza

                        Nafarroa, Nafarroa

                        Arbasoen harkaitza

 

                        Zazpietan lehena

                        Nafarroa, Nafarroa, Nafarroa

                        Zazpietan lehena

                        Gaztelien auhena

                        Santxoren hasperena

                        Gazten itxaropena

                        Nafarroa, Nafarroa

                        Zazpietan lehena

 

                                                (Hitzak eta musika: Jean Mixel Bedaxagar)

 

 

—8B—

 

emakumeak Oņan (Burgos) daude. Malato arbolaren inguruan. Zuhaitz horixe da mugaren marka, lur nafarren finiera. Mugari buruzko gogoeta egiten dute emakumeek. Xoriek nola behar dute jakin herri bat non den hasten eta non bukatzen...

 

1 EMAKUMEA: Zein da Erresuma baten egiazko neurria?

2 EMAKUMEA: Nola dakite xoriek non den herri bat hasten eta non beste bat bukatzen?

3 EMAKUMEA: Ibai bat behar da...

4 EMAKUMEA: Harri bat behar da...

5 EMAKUMEA: Arbola hauxe behar da Oņan, Gaztela eta Iruņeko lurren arteko mugak markatzeko.

6 EMAKUMEA: Arbola malatoa.

7 EMAKUMEA: Mugarrietan mugarri.

1 EMAKUMEA: Ez da aski, ordea. Erregeek paperak behar dituzte.

2 EMAKUMEA: Akordioak eta mapak.

3 EMAKUMEA: Marra zehatzak.

4 EMAKUMEA: Lurrean inon ikusten ez direnak.

 

 

—8C—

 

Oņako monastegiko baratzean bertan sortzen den iturriko ur kanalizatuta ondoan. Erregea pergaminoa irakurtzen ari da izenpetu duten bi zaldunen aurrean, beste bat, Bizkaiko eneko lupiz jauna, bere atzean mantentzen da.

 

ANTSO: (Irakurriz) “De divisione regno inter Pampilona et Castella, sicut ordinaverunt Sancio comte eta Sancio Regis pampilonemsis, sicut illis fuit una concordia et convenientia....Domino Nuņo Alvaro de Castella et seņor Fortun Okoiz de Pampilonia testes et confirmantes” Ongi da, jaunak, ez duzue lan makala izan, baina erdietsi dugu gure mugaren nondik norakoa finkatzea.

NUŅO GAZTELAKOA: (Erromantzez da mintzatzen) Cognosce su Mayestat, que misiu le Cont de Castiella, suegre da sua mayestat, sientese viellu et baldat. Non se fía cualquesun moment muslim tropa armata alzensen contra nos. Non plus, non se fia tiempu pasau pove volvere et, depois vostra mayestat coronatua habenem paquea, perduta sea et nos tamé.

ANTSO: Comunicatle tranquilitatean estatea. Lasai egon dadila...lasai.

NUŅO: Non pou vivre pensat Al Mansur el viellu na cualquesun moment novatua rinasca.

ANTSO: Pasata dies non volvent. Duodecim anni é pasat Altsasuan coronaverutadecim et ningun ha osat aqueste anni pasanti contra nos alzat. El Comt de Castiella pou se trová vieu, ma viginticuatri anni é la mia etate, et personalment forte et plen sentit mon corp. Veu et dite tuo misiu lasai egoteko, la paque goardarela firmement, et odie et sempere li patre de mia mulier cum tots mies forses defenderetlo. Diliu tamé proximament irem cabe lui para velu in sua mansione.

NUŅO: Tuas paraulas liu transmitareu, misiu. (Agurtzeko keinua)

 

nuņo gaztelakoak alde egiten du eta gainerako gizonak eseri egin dira. mutil batek gazta, ogia,ardoa eta intxaurrak ekartzen dizkie eta gogoz jaten dute protokolorik gabe, hiruak mintzo diren bitartean.

 

FORTUN OKOIZ: Zaragozako taifaren aurrean Funes, Faltzes eta Hoskako gainerako eremuetan, defentsak ongi hornituak ditugu. Baina Aragoi eta ekialdeko muga osoa ditugu kolokan. Aragoiko lautada geurea zen mairuak etorri artean, eta geroan ere, geurea behar du.

ANTSO: Horretan nago bai. Hegoaldeko muga finkatu ondoren, ekialdekoari ekin behar diogu. Gainera nire emaztearentzat izeba den Ripagorzako Maiora kontesak mezularia bidali dit oraintsu, bere defentsan joan nadin Paiarsko bazterrera. Horretaz nahi nuen zurekin solastu, Eneko, eta horregatik eskatu dizut gaur hemen egoteko.

ENEKO: Zeure zerbitzura, jauna.

ANTSO: Gurasoek emandako lurrak ziurtatu ditugu eta garaia da musulmandarrek azken bi mende hauetan kendu digutena berreskuratzeko.

ENEKO: Ulertzen dotzut, jauna. Bai.

ANTSO: Horretarako ordea, kristauon arteko pakea behar da. Familiako tratuak ez dira aski gure Erresuma trinkotzeko. Guri beti gustatu zaigu aske izatea, bizkaitarrak izan zarete horretan gogorrenak.

ENEKO: Bizkaitarrok beti gara bizkaitar, jauna.

ANTSO: Bai, baina ezin dira egindako akatsak indartu. Non zauria, hantxe igurtzia. Inguruko Erresumak indartzen ari diren bitartean, ez digu balio arbasoen aspaldiko tribuen antolaketak. Bi lan egiteko behar zaitut Eneko: armada antolatzeko eta Bizkaiko lurretan Erresumaren egitura errotzeko.

ENEKO: Ohore handia eskeintzen dostazu, jauna. Ez dira alferrik izan elkarrekin pasatu doguzan orduak. Osorik nator bat zeugaz Erresuma antolatzeko eritxian. Baina neuk lez dakizu, ez dala erraza bi lekutan une berean egotea. Ondo ezagutzen nozu eta badakizu erosoago mobitzen nazela zaldiz eta ezpataz, jauregietako kalakan baino.

ANTSO: Hitz ederrak zeureak, Eneko. (Zutitzen da eta beste guztiak ere bai. enekori begira) Bisigodoei eta ondorengo musulmandarrei aurre egin ezinik, mendietaraino ezkutatu izan gara. Baso eta haizpeetan gorderik eutsi diogu gure hizkuntza eta lege zaharrari. Baina lautadara jeisteko unea dugu orain, geure herriaren geroa antolatzeko. Batu egin behar ditugu erromatarrek aipatzen zituzten saltus eta ager haiek, basoa eta nekazarien lautada. Sendo eta irmo lautadara atera, harrizko mugak eraiki, dorreak jaso, defentsa antolatu. Militarrak eta adimentsuak behar ditugu, gizon kultuak. Armetan badakigu, letretan aldiz ez. Leireko monastegian ikasi nuen greko eta erromatarrek idatzitakoen berri. Horrelako monastegi bat nahi dut hemen ere, Oņan.

FORTUN: Begira, Eneko, betidanik izan dugu Auņamendi mendikatea gure lurraren bizkar-hezur. Iparralde eta hegoaldera hedadu dira handik saihetsak. Bizkaitarrek itsasoan duzue bizkar-hezur horren muga. Horregatik antolatu behar duzue hegoaldeko eremua, Bureba eta Atea-porta barne. Zuen Malato zuhaitza hementxe dago, geurea bera da, eta ez dago Urdeibaian edo Urduņan.

ANTSO: Bai, lautada behar dugu gure herria antolatzeko, bake garaian mendixkak ez zaizkigu nahiko. Une honetan indar aski dugu, ez dugu zertan ezkutatzen ibili behar. Horrexegatik ezarri dut gortea Nahiaran, Iruņean baino gehiago. Elkar ulertzeko garaian, zelaia gozoagoa da gure mendietako labirintoa baino.

ENEKO: Holakorik ez dot nik ukatuko.

ANTSO: Erromatarrek erakutsitako bideak eskuratu behar ditugu. Horregatik ari naiz Santiobidea ere hona ekarri nahian. Europatik Konpostelara joan nahi baldin badute, joan daitezela. Geuk egingo dizkiegu bide zabalak, baina ez malkarretan eta mendietako zidorretan. Monastegiz monastegi eginen ditugu. Hortik etorriko dira hiriak. Erromatarren garaian Baiona eta Iruņea bezala. Hirian dugu etorkizuna, ez mendian. Eta damu dut hau esatean, maite baitut mendia hiria baino gehiago. Baina gauza bat da bihotza eta bestea burua, Eneko, sutsu hori. Zeuk ere horrelaxe behar dituzu gauza hauek guztiak ikusi.

 

 

—8D—

 

emakumeek bela anaien bisita jasotzen dute. Gaztelan deserriraturik familia bateko oinordekoak dira. Etorkizuneko albiste nahi dute, baina emakumeek ez dituzte asko maite. Etorkizun beltza iragartzen diete: belea, beti bele.

 

IAGO BELA: Egunon andereak.

1 EMAKUMEA: Hara, hiru anaia Belatarrak!

RODRIGO BELA: Bai, hiru anaia bihotzean bat.

2 EMAKUMEA: Bihotzaren herena, orduan, bakoitzarentzat.

RODRIGO: Ez nuen horrelakorik esan nahi.

3 EMAKUMEA: Baina horixe esan duzu.

RODRIGO: Bat eta bakarra bagina bezala ekiten dugula, esan nahi nuen nik.

ENEKO BELA: Ixo! Ez gara hona txutxumutxuan ibiltzera etorri.

4 EMAKUMEA: Zertara etorri zarete, bada?

2 ENEKO: Etorkizunaren berri daukazuela esaten da.

5 EMAKUMEA: Etorkizuna, nork daki zer den hori?

IAGO: Ordaindu ezkero, asmatzen duzuela esaten da.

6 EMAKUMEA: Ez dugu behar zuen ordainik.

RODRIGO: Ekarri dugu, ba, urrea.

7 EMAKUMEA: Eraman itzuleran, ez dugu nahi zuen urrerik.

RODRIGO: Zein da, orduan, ordaina?

6 EMAKUMEA: Zerbitzurik ezean, ez dago ordain beharrik.

IAGO: Baina guk etorkizuna jakin nahi dugu.

5 EMAKUMEA: Zuena edozeinek daki.

RODRIGO: Zein da, beraz?

4 EMAKUMEA: Beltza duela beleak luma...

3 EMAKUMEA: ...eta beltzagoa duela arima.

2 EMAKUMEA: Belea beti bele, Belatarrak!

RODRIGO: Hori al da esateko guztia?

1 EMAKUMEA: Bai, horixe da dena.

ENEKO: (Alde eginez) Kiskaliko al zarete infernuko sutan!

1 EMAKUMEA: Ez inori desira zeuretzakoa dena!

 

belatarrek alde egiten dutenean, emakumeak antsori buruz mintzatzen dira. Berritu egiten dute haren begietako misterioa, denborarekin areagotu egin zaiona.

 

1 EMAKUMEA: Urde halakoak!

2 EMAKUMEA: Piztia ankerrak.

3 EMAKUMEA: Beti liskarrean.

4 EMAKUMEA: Orain ere badute zerbait eskuen artean.

5 EMAKUMEA: Aitagandik datorkie gorrotoa.

6 EMAKUMEA: Ez dute ahazten aitak Arabako Konterriaren buru izatera ez zuela erdietsi.

7 EMAKUMEA: Ondo merezita zeukan hori Bela zaharrak.

1 EMAKUMEA: Arabako konterria lortzeko beti zebilen liskarrean.

2 EMAKUMEA: Hortxe dute orain ordaina: Gaztelan ere baztertuak izatea

3 EMAKUMEA: Ezpal berekoak dira hiru semeak.

4 EMAKUMEA: Bai, zerbait darabilte eskuen artean.

5 EMAKUMEA: Antsoren aurka, agian.

6 EMAKUMEA: Antsoren aurka!

7 EMAKUMEA: Gure Erregearen kontra!

1 EMAKUMEA: Horixe ote begietan dakarrena?

2 EMAKUMEA: Zein ote du esanahia?

3 EMAKUMEA: Gero eta zaio nabaritzenago begietan.

4 EMAKUMEA: Gero eta zaio ezkutatzenago bihotzean.

5 EMAKUMEA: Zer da, ordea?

6 EMAKUMEA: Inork ez daki.

7 EMAKUMEA: Geuk ere ezin jakin.

1 EMAKUMEA: Non ote da orain Antso?

2 EMAKUMEA: Leirera bidean da, Ramiro semearekin.

3 EMAKUMEA: Han ditu beste hiru semeak ere, latinak ikasten.

4 EMAKUMEA: Ramiro sasikoa, Antsarena...

5 EMAKUMEA: Beste hiruak, Gartzea, Fernando eta Gonzalo, Muniarenak.

6 EMAKUMEA: Printze gehiegi Erresuma bakarrarentzat.

7 EMAKUMEA: Adar gehiegiak itotzen du askotan arbola.