9. agerraldia:
LEIREN
—9A—
infanteak daude bere maisuarekin. Aita antso etortzen da ramiro semea lagun duela, eta semeen arteko lehen liskarrak hasten dira agertzen. Gutxi edo asko, nork bere lur zatia merezi duela uste du.
FRAIDEA: Ikus dezagun Gonzalo, bigarren deklinazioa ba ote dakizun.
GONZALO: Bai jauna. Zera...Dominus, domini, domino, dominum, domine, domino.
FRAIDEA: Ulertzen dituzu? Jaunarentzat?
GONZALO: Domino.
FRAIDEA: Jaunarena?
GONZALO: Domini.
FRAIDEA: Jaunak esaten du?
GONZALO: (burua igurtzen eta eskua astinduz itxoiteko keinuz) Dicet dominus
FRAIDEA: Bikain. (beste biei). Fernando, hasi gaurko irakurketa.
FERNANDO: “De bello galiko” (itzultzen) Galiako gudari buruz. Egilea: Cesar... inperatorrek idatzita.
FRAIDEA: Ikusten? Cesar Europako agintari nagusia izanik, Galia osoa konkistatu zuenenan Galia... Non dago Galia Gartzea?
GARTZEA: (nagusitasunez) Iparraldean. Gure mugatik haratago...
FRAIDEA: Ba Galia konkistatu zuenean egunero idazten zuen gertatutakoaz, apunteak iskribatzen zituen gero liburua osatzeko
GARTZEA: Bai, betikoa. Erregea izateko behar dudala idazten ikasi
FRAIDEA: Ez Errege izateko bakarrik. Edozein lurraldeko burua izateko, agirietan zer esaten den jakiteko, munduko historia ikasteko...
GARTZEA: Bale, bale... ikasgai hori jakin badakigu...
FRAIDEA: Jakin bai, gustatu ez, ordea. Jarraitu Gartzea.
GARTZEA: “Galia omnia divisa est in partes tres”. (itzultzen) Galia osoa hiru zatitan dago banatuta.
FERNANDO: Nik hori bai ez dudala ongi ulertzen. Galia bat bazen, nola dago hirutan banatuta? Herri bat zen ala hiru?
FRAIDEA: Cesar ez da hemen politikaz ari, geografiaz baizik. Lurrak, Galiako lurrak, hiru lurralde desberdinak zituela esan nahi du. Ez da sartzen han bizi zirenak herri bat edo bi ziren azaltzen. Erromatarrentzat inportanteena zen lurrak konkistatzea, antolatzea, haiek gobernatzea
GARTZEA: Berdin denontzat
FRAIDEA: Ba ez, ez da berdin denontzat. Herri bat bizi daiteke lurralde batean edo aunitzetan, baina bat izaten jarraitzen du, zergatik Fernando?
FERNANDO: Ba bere hizkuntza...ohiturak, legeak... berberak dituelako edo.
FRAIDEA: Horixe: Galian galoak ziren, gurean euskaldunak garen bezala, nahiz eta lurralde ezberdinak izan. Ulertzen?
FERNANDO: Ulertzen ez dakidana da zergatik Cesar geografiaz ari den politikaz jardun beharrean.
Agertzen dira antso iii.a eta seme ramiroa (13 urteko mutil mardula, aitaren antza bera, nahiz eta ofizialki premua ez izan) eta haurrak aitarengana pilatzen dira pozik. Gero sasianaiarekin hasten dira muturka.
ANTSO: Egunon semeok, baita irakasle jauna. Nola portatzen dira mutiko hauek?
GONZALO: Ez genekien etorri behar zinenik.
ANTSO: Ez eta neuk ere. Baina Errokaforten hitzarmena izenpetzera etorri eta nola ez hurbildu nere txorikumeengana?
FRAIDEA: Ez dira ikasle txarrak, jauna.
ANTSO: Beraientzat hobe. Gero ez dute denbora aunitz izanen ikasketan ibiltzeko. Ramiro ustekabean harrapatu dut ezpatako ariketak egiten beste gaztetxoekin, eta ezpata ikasketetan behintzat dotoretza lor dezake. Erabaki dut nirekin eramatea: bera baino gazteagoa nintzela hartu behar izan nuen Erregetza. Uste dut ikasketa klasikoak baino gehiago bizitza ikasketak behar dituela orain frogatu.
FERNANDO: Baina premua Gartzea duzu, aita. (gartzeak ukabildada ematen dio haserrez)
ANTSO (Aurpegiari so, bere bi eskuz semearen bizkarrari irmo eutsiz, baina haserretu gabe) Erresuma bat ez da premu bakar batekin antolatzen, seme. Denontzat dugu lana herria antolatuko badugu. Hori ikasi ez baduzu ez dakizu oraindik premutasuna zer den, seme. (fraideari) Denek ikasi dute izenpetzen?
HAURREK: Noski, aspaldian.
ANTSO: Ba agiri honetan zuek izenpetzea nahi dut. Horrela ikasiko duzue erabakiak adostasunean hartu behar direla. Eta gero lekuko guztiak izenpetu. Horrek ematen dio indarra agiri bati: Erregeak, lekukoek, eta kunplitu behar dutenek izenpetuta baldin bada
GONZALO: Ba ez da pergamino askirik izango denontzat...