Antso erregea
Hasier Etxeberria
Antso erregea
Hasier Etxeberria
Egilea editore, 2004

 

6. agerraldia:
EZKONTZA

 

 

—6A—

 

urraka eta ximena, Antsorentzat prestatu duten esposamenduaz ari dira. ximena ez da oso pozik, baina etsi egiten du azkenean urrakaren boterearen aitzinean: Antso, Gaztelako Muniarekin esposatuko da, zeruak hala nahi ala ez.

 

URRAKA: Ximena andrea, Non da gaur zure semea?.

XIMENA: Auskalo anderea. Oibar aldean izanen da, Ramiro haurra jaio den ezkeroztik han sartuta dabil. Ederra dela esan didate nire biloba, indartsua, aitaren antzekoa.

URRAKA: Begira Ximena. Ezin zaitut ulertu. Zer Erregina mota zara? Ez al duzu ikusten izenik ematen ez dion artean desohorean garela guztiok, zu, ni eta baita Iruņeko Erresuma bera?

XIMENA: Izena ez dakit, izana badu berea. Leinuaren izena ez zaio jarriko Ramirori, baina Antsari esker odolaren borborra paketu zaio gure mutilari.

URRAKA: (tente jarrita) Errotari buelta gehiago eman behar zaizkio, emakumea! Amodioa gauza bat da eta bestea Erregetza.

XIMENA: Ez naiz zeharo tentela. Zeuk nahi zenuen lekutik doaz kontuak. Zaila da Antso kate motxean lotzea.

URRAKA: Berritsu zaude gaur, baina esaidazu behingoz: Gaztelako Muniarekin ezkonduko da ala ez? Gaztelarekin loturak behar ditu gure erreinuak.

XIMENA: Bai ...(urrakaren poza eta txaloak) Baietz “uste dut” (urrakaren haserrea dakar esandako azken honek)

URRAKA: Ederki da, zaharra naizelako narabilzu katua eta xaguaren jolasean. Baina jakin behar zenuke, neuri esker egingo dela ezkontza hori. Iloba darabilt Muniaren laguntzaile eta hura dabil Antso goraipatzen, gizon ederra dela, indartsua dela...

XIMENA: Ez du lan zaila zure iloba horrek: Antso gizon ederra da zinez. Munia, ordea, ez da gauza handia, txiki xamarra esan didatenez...

URRAKA: Bai, baina Gaztelako Kontearen alaba..

XIMENA: Hala ere ez da hori kontua, Muniaren borondatea ezagutzen dugu, Antsoren nahia da hemen kakoa. 19 urte ditu, bera da Errege eta, gainera, zezena ere bada gure mutikoa, sokarik lodienak ezin lotu duen idiskoa.

URRAKA: Antso Muniarekin ezkonduko da.

XIMENA: Hori da zuk diozuna.

URRAKA: Eta zuk zer diozu, ba?

XIMENA: Ez dela erraza lorontzian aldatzen pagoa...

 

 

—6B—

 

emakumeen taldeak, emakumeen bizimoduaz hitz egiten dute. Emakume mairuen gaia ere ateratzen dute eta nola tartean baden fatima qamar izenekoa, Bagdadetik etorritako kantari ospetsua eta emakume librea eta jakintza handikoa. Mairuen artean, emakumea askeago da orokorrean, bere buruaren jabeago eta garrantzi handiagoa du gizartean. Tuteran da, 1012 garreneko urtean.

 

2 EMAKUMEA: Emakumea beti emakume.

4 EMAKUMEA: Baita erregina denean ere.

5 EMAKUMEA: Gizonena da mundua!

2 EMAKUMEA: Gurean eta mairuen artean.

4 EMAKUMEA: Mundu zabal guztian.

5 EMAKUMEA: Eguzkiak gizona du berotzen

2 EMAKUMEA: Euriak bera bakarrik bustitzen.

4 EMAKUMEA: Emakumea, gizonarentzat kontsolamendua.

5 EMAKUMEA: Aitaren etxean pizten duena sua.

2 EMAKUMEA: Gurean eta mairuen artean.

4 EMAKUMEA: Mundu zabal guztian!

5 EMAKUMEA: Esan didate, hala ere, Fatima kantaria dela Bagdadetik etorria. Hori bai emakumea!

2 EMAKUMEA: Mairuen arteko Jainkosa ia.

4 EMAKUMEA: Tuteran omen da.

5 EMAKUMEA: Gizonak urtu egiten ditu haren eztarriko kantuak.

2 EMAKUMEA: Libre omen da gizonen munduan

4 EMAKUMEA: Hemen baino gehiago da emakumea mairuen artean.

5 EMAKUMEA: Ez da harritzekoa!

2 EMAKUMEA: Harengana behar du Antsak.

4 EMAKUMEA: Zaldiz da Oibartik abiatu Tuterara.

5 EMAKUMEA: Hiru orduko bidean...

 

 

—6C—

 

antsa, bertaren laguntzaz, fatimarengana joaten da kontsolamendu bila eta harekin da mintzatzen.

 

FATIMA: (Arabieraz hitz egiten du denbora guztian) Ez dago Bagdadekoa izan beharrik zure begi eder horietan nabaritzeko izua.

ANTSA: Ez da izua nire begi hauetakoa, kezka da. Kezka handia. Fatima anderea.

FATIMA: Zerk zaitu ba kezkatzen?

ANTSA: Ene etorkizuneko egunek naute kezkatzen.

FATIMA: Txarrak eta onak, denak dira ageri begi horietan.

ANTSA: Albiste txarrak lehenik.

FATIMA: Ez duzu izanen senarrik. Ez duzu ezagutuko zeure bizitzan beste gizonik. (bertak, kontsolatzeko edo, beso bat jartzen dio bizkarrean).

ANTSA: (Malko artean) Ez dudala izanen senarrik, banekien hori

FATIMA: Gure artean ez da gertatzen horrelakorik.

ANTSA: Zuen artean ez da gertatuko, baina gurean... ikusten duzu.

FATIMA: Hala ere, Iruņeko Erregeak zaindu egingo du zuen bion semea.

ANTSA: Eskerrak Jaungoikoari! Antsok zaindu egingo du gure seme Ramiro!

FATIMA: Hori ez duzu Jainko kontua. Hitza beteko du horretan zure gizon mundu honetakoak.

ANTSA: Gizonen kontua dela diozu, eta ez Jainkoarena. Baina nori eman behar dizkiot nik eskerrak?

FATIMA: Zeure buruari.

ANTSA: Ongi da, neure buruari orduan. Allah-k gorde zaitzala.

FATIMA: (Besarkatu egiten du antsa) Alikum Salam.

 

 

—6D—

 

La Palomica” jota herrikoia kantatzen dute.

 

                        Palomica palomica

                        No lenvantes tanto el vuelo,

                        Que si te vas de Navarra,

                        Ya no podrás volver luego.