4. agerraldia:
MAITEA NUN ZIRA?
—4A—
antso hamasei urteko mutikoa da eta Kontseilu gelan dago, mapa batzuei begira. Leihotik “Maitea nun zira?” abesti herikoia entzuten du. neska batzuk ikusten ditu pasatzen eta haien atzetik abiatzen da urrakak bidea ixten dion arte.
URRAKA: Nora zoaz Antso?
ANTSO: Kantuaren lekura.
URRAKA: Han ez dukezu deus.
ANTSO: Agian zoriona.
URRAKA: Eta agian galera.
ANTSO: Frogatu egin behar.
URRAKA: Erregeak tronua du berezko lekua.
ANTSO: Gizonezkoa ere bada erregea.
URRAKA: Ezin duena ibili gona artean galduta.
ANTSO: Gizonezkoa gizon bada, beretzako du emakumezkoa.
URRAKA: Erregea, ordea, gizon baino lehen da errege.
ANTSO: Zorigaiztokoa! (Eta itzuli egiten da lehen zegoen lekura, mapa artera).
—4B—
al mandik kapitainak, kutxatila bat dakarkio. Mairuek bildu dituzten zergak daude bertan. Bakearen seinalea da kutxatila zergaz betea.
PREGOILARIA: Antso Errege Jauna, Al Mandik mairua, Al Mansurren semea.
ANTSO: Bisitaren handia! Etsaia sukaldean!
AL MANDIK: Ez gara etsai gaurgero.
ANTSO: Zerk aldatu ditu gauzak?
AL MANDIK: Kutxatila honek, jauna.
ANTSO: Zer dituzu hor?
AL MANDIK: Euskaldunen zergak, Iruņeko Erregearenak.
ANTSO: Lehenik kendu eta gero itzuli, haize eroa dabil zure buru horretan.
AL MANDIK: Bakeak behar du ordaina.
ANTSO: Ez balego lehenagotik iraina!
AL MANDIK: Ene aita hila da. Zurea ere bai. Haiekin lurpean haiek egindako guztiak.
ANTSO: Hoskako lurrak ditugu tartean.
AL MANDIK: Hoska mairua da, jauna.
ANTSO: Oraingoz, Al Mandik, oraingoz.
AL MANDIK: Eta beste mila urtean.
ANTSO: Ikusiko da hori.
AL MANDIK: Bakean etorri naiz.
ANTSO: Eta bakean zara joango.
AL MANDIK: Tori zergak!
ANTSO: Tori bakea (Eta eskua ematen dio, mairuak alde egin baino lehen)
—4C—
“Maitia nun zira?” entzuten du berriro antsok. Kapa bat jazten du, arropak txukuntzen ditu. Irtetera doa “abestiaren lekuaren” bila, une horretan, ordea, antsoren kontseilukoak sartzen dira eta mugez hasten dira hizketan, zein diren garrantzizko erreinu baten tinkatzeko. antsok erantzi egiten ditu kanpora joateko asmotan jantzi dituen arropak.
FORTUN: Hegoekialdeko mugak nola zaindu behar dugu erabaki, jaunak.
ANTSO: Konpondua dut hori Al Mandikekin.
FORTUN: Ez daukat nik bere aita Al Mansurren oroiminik.
BELASKO: Sugetzarrak hobeto daude lurpean.
FORTUN: Al Mansurrek Leon erasotzen zuen bakoitzean, guregana biltzen ziren hango kristauak.
BELASKO: Orain badakite Al Mandik ez dela Al Mansur, eta gurekin dute liskarra Leongoek.
FORTUN: Handiegia dela Iruņeko Erreinua, horixe diote.
BELASKO: Pirinioetatik haruntzago ere hedatzen dela gurea.
FORTUN: Eta zati bat hartu nahi dute hemendik, beste bat handik...
BELASKO: Hortzaka-hortzaka bukatzen da gazta.
ANTSO: Mairuekin bakea, eta kristauon artean gudua. Ez dugu atarramentua.
FORTUN: Campus Stelan, Done Jakue, Santiagoren hilobia dagoela hasi dira esaten.
BELASKO: Espiritu Santuak eraman duela haraino txalupa batean.
ANTSO: Ameskeriak!
FORTUN: Mundua mugitzen dutenak!
ANTSO: Zuhur jokatzea agintzen digu garaiak. Senitarteko loturak ditugu inguruko erresumetan.
BELASKO: Ez da aski. Azken hiru mendeetan zergak ordaindu dizkiegu mairuei.
ANTSO: Amaitu da hori.
FORTUN: Hoska menpe dute oraindik.
ANTSO: Konponduko da hori. Lehenbizi hegoaldeko mugak behar ditugu segur.
FORTUN: Orain da unea, ahul dabiltza etsaiak.
ANTSO: Nola dago lerro hori Belasko?
BELASKO: Oņako mendietatik hasita, Atea-porta mendi katea, Errioxako Kukula, Ezkarai eta Garrairaino. Gero, Kalagorritik gora egin behar da, Banu Kasi taifaren daukagun akordioagatik, Jaka euskalduneraino.
FORTUN: Eta Hoska?
ANTSO: Orain ez da unea. Munio, nola dira gauzak Pirinioez gaindi?
MUNIO: Sendo daude, azken muturrean ez bada, Paiarsen, non iskanbilak ditugu. Gainera Pirineotik iparralderuntz gure hizkuntza galdu egin da eta okzitanoz ari dira.
ANTSO: Ez da albiste ona guretzat.
FORTUN: Aragoiko aldean kontuak ditugu erabakitzeko. Bata da Hoska.
MUNIO: Bai, noiz arte hangoak mairuen menpe?
FORTUN: Muga horiek nola indartu behar dugu gaur erabaki.
zerbitzari bat sartu da
ZERBITZARIA: Odilon abadea heldu zaizue, jaunok.
ANTSO : Ba, sar dadila. Ongi profitatu behar dugu bere etorrera.
FORTUN: Bai jauna, baina jakinarazi behar genioke zein tokitan nahi dugun monastegiak antolatzea. Aipatu ditugun Oņa, Kukula eta Kalagorri onak lirateke horretarako.
ANTSO: Tira ba, sar dadila eta azal diezagula zer arraio ari diren Clunyko Monastegi horietan. (Atera da Fortun) Ez naiz batere fido sineskeriekin.
“Maitea nun zira” entzuten da berriro, eta neskatila multzo bat pasatzen da ertz batetik. antsok haien atzetik joan nahi du. Eskuetan hartzen du kapa. Alde egitera doanean, ordea, sartzen dira fortun eta bi fraide.
FRAIDEAK: Eguerdion Jaungoikoak. (Erregeari buruko keinuaz diosala egiten diote)
ANTSO: Baita zuei ere, jaunak. Pozten naiz zu ikusteaz, aita Paterno. Zer moduz Leire inguruan?
PATERNO: Ongi jauna, Jainkoari esker. Pater Odilonek hartu nau laguntzaile, nahiko nekatuta heldu baitzen gurera, eta gustura lagundu diot honaino.
FORTUN: Badakizue zein den gure asmoa: Musulmandarren esku izan diren lurretan fraidetegiak finkatzea, kristautasuna eta ordenua, biak batera ezartzeko.
ANTSO: Badakigu Cluny monastegian ebangelioan bizitzeko era berriak ari zaretela frogatzen. Zertan da zuen bizimodu berria?
ODILON: Jaun Zerukoak agindutakoa da, haren borondatea egin behar dela hemen lurrean, zeruetan bezalaxe. Espanturik gabe eta inoren kaltetan izan gabetan, gainera. Horretarakoxe erabakia hartua dugu aspaldi Clunyko fraideok. Otoitza dugu bide bakar eta lorpide...
Une horretan neskatila multzo bat pasatzen da ondotik eta euretako bat (antsa) nabarmendu egiten da haien artean. Inork ikusten ez duela, antsok jarraitu egiten dio ondoren eta halako batean, kontseilukoak, errege gabe ari direla hizketan ohartzen dira: Nora da joana gure errege jauna?
—4D—
emakumeek erantzuten diote galdera horri, antso eta antsaren arteko orain arteko gora beherak kontatuz.
3 EMAKUMEA: Ero da odola hamasei urtetan.
2 EMAKUMEA: Zoroa da bihotzaren oldarra.
4 EMAKUMEA: Ederki ezagutzen ditu Erregek Oibarko bideak.
5 EMAKUMEA: Hantxe da Antsa gaztea.
1 EMAKUMEA: Hantxe, hegaztiaren habia.
3 EMAKUMEA: Zorion eztia!
2 EMAKUMEA: Zorion eztia? (elkarri behatuz)
—4E—
Oibarko antsa Erregearen maitalea da. Berarekin dago berta konfidantza-dama. Solasean ari dira, Antsaren etxean. neska gaztea kezkatua dago, ez baitaki antsori nola esan haurdun dagoela. Halaber, ez daki erregeak nola hartuko duen sasiko semearen zaintza etorkizunean.
ANTSA: Urduri nago, Berta. Nola hartuko du Antsok albistea?
BERTA: Ederki erran zizun berak, haurdun geratzen bazinen, ez izateko kezkarik. Ziurtatuko zizula beharrezko guztia.
ANTSA: Bai erran bai, milaka aldiz erran izan dit hori, baina hitzak hitz huts dira. Haizearen jostailuak.
BERTA: Ez bizi beti kezkan, anderea.
ANTSA: Antso gero eta dago lotuago gobernatzera, gaur etorriko zaidan ere ez dakit...
BERTA: Ez dizu, ba, mezularia aurretik bidali? Zaude lasai, Antsa.
—4F—
antso sartzen da eta berta desagertzen. Hitz ederrak dauzka antsok, baina antsak badaki bere patua bazterrekoa izatea dela. Ez zaizkiola Erreginarenak aitortuko sekula.
ANTSO: Maitea! (besarkada, muxua) baneukan zeu ikusteko gogoa! Zein emakume ederra! Utzi ikusten. Begira zer ekarri dizudan (eta pultsera bat luzatzen dio ).
ANTSA: Zergatik?. Zertarako? Badakizu zurekin nahikoa dudala. Ezin izango dut jantzi gainera.
ANTSO: Nola ezetz! Ez baduzu eskuturrean jarrita hurrengoan, alde egingo dut zure ondotik. Zer ardura dizu denek jakitea nire maitea zarela?
ANTSA: Neuk ere badut zerbait zuretzat gordea.
ANTSO: Zer duzu?
ANTSA: Berri bat.
ANTSO: Ona?
ANTSA: Ona ala txarra ote den zeuk erabaki beharrekoa da..
ANTSO: (Oraindik konturatu gabe) Ona izango da orduan, txarretik badut eta egunero.
ANTSA: Ez, ez da horietakoa. Geure-geurea dugu berri hau.
ANTSO: Geu...re zer? Ez zara izanen...?
ANTSA: Bai, haurdun nauzu.
ANTSO: Ba, bai. Pozten naiz. Horixe baietz. Printzesa bat...... edo mutikoa ere izan daiteke. (Besarkatzen, sabela ukitzen) Maitea. Ez beldur izan. Bizitzaren legea da. Maitasunaren fruitua. Biona. Etor dadila, zainduko dugu eta.
ANTSA: Dugu? Zuk zaindu?
ANTSO: Jakina baietz! Guztien aurrean gainera. Erran dezatela nahi dutena gortesau horiek! (Eta antsa zizailu batean etzanarazten du)
ANTSA: Badakit bihotzez ari zarela. Pozten naiz. Baina buruz ere jokatu behar duzu.
ANTSO: Nola, bestela?
ANTSA: Ez zara edonor. Herriak behar zaitu... gero eta gehiago, gainera.
ANTSO: Nik ere behar zaitut zeu, arnasa baino gehiago (sutan). Zer nahi duzu, bihotzik gabeko panpina izatea Erregea? Erresumak gizon eta emakume bihoztunak behar ditu, ez sabel zuriak, ez emandako hitza irensten duten horietakoak...
ANTSA: Segur zara?
ANTSO: Bai maitea, horixe baietz... (biok besarkatuta, etzanda bukatzen dute)
—4G—
emakumeek “Erromako haizea” aipatzen dute lehen aldiz. Zibilizazio berriaren arauak datozela alde guztietatik.
1 EMAKUMEA: Erromako haizea dator!
2 EMAKUMEA: Lege berria.
3 EMAKUMEA: Arau bakarra.
2 EMAKUMEA: Elizaren bidea!
1 EMAKUMEA: Cluny!
2,3,4,5 eta 6 EMAKUMEAK: Clunyko fraideak!
1 EMAKUMEA: Epaile berriak.
2,3,4,5 eta 6 EMAKUMEAK: Jainkoak zerutik bidaliak!
—4H—
abade saldo bat sartzen da, oldartsu, kristautasuna hedatu beharraz hizketan. Monastegiak behar dituztela ere esaten dute, lurren eta fedearen mugak ezartzeko. Letania indartsu bat botatzen dute pauso sendoz mugitu ahala.
PATERNO: Bat. Musulmandarren aurrean kristauen eginkizuna!
BESTE FRAIDEEK: Eginkizuna!
PATERNO: Bi. Latina nagusi!.
BESTE FRAIDEEK: Latina!
PATERNO: Hiru. Erregearen ordez, abadeak behar ditu izendatu elizak!
BESTE FRAIDEEK: Elizak!
PATERNO: Lau. Erregea bai, baina beti gainetik Erroma.
BESTE FRAIDEEK: Erroma!
PATERNO: Bost. Mugak eusteko, lau haizetara monastegiak.
BESTE FRAIDEEK: Monastegiak!
PATERNO: Jaungoikoaren aginduak dira.
BESTE FRAIDEEK: Jaungoikoarenak!
PATERNO: Erromako Aita Sainduarenak.
BESTE FRAIDEEK: Aita Sainduarenak!
PATERNO: Eliza Santuarenak.
BESTE FRAIDEEK: Ama Elizarenak!
PATERNO: Eta Espiritu Sainduarenak.
BESTE FRAIDEEK: Espiritu Sainduarenak! (Aitaren eta Semearen egiten hasten dira, abiada gelditurik)
—4I—
mairu komertziante talde bat sartzen da eta Errege antso saludatzen dute.
MAIRUA: Salam alikum.
ANTSO: Alikum Salam. (haiekin du hitzegiten, dakarten merkantziaren gainean.
—4J—
abadeak haserretu egiten dira hori ikusitakoan. Alegia, Iruņeako erregea, merkatari musulmandarrekin solasten dela ikusitakoan.
1 FRAIDEA: Fedegabeari fedegabeak bezala dio erantzun gure Erregeak.
PATERNO: Bukatu behar da hori.
2 eta 3 FRAIDEAK: Bai, betiko bukatu.
PATERNO: Bat da Jaungoikoa.
BESTE FRAIDEEK: Bat eta bakarra!
PATERNO: Eta hiru aldi berean.
DENEK: Aita, Semea eta Espiritu Santua! (Berriro Aitaren eginaz batera).