Antso erregea
Hasier Etxeberria
Antso erregea
Hasier Etxeberria
Egilea editore, 2004

 

11. agerraldia:
MENDEBALDEKO SENIDEAK

 

 

—11A—

 

antso haserre bizian ageri da Zaragozan gertaeragatik. bere gizonez inguratuta dago. munia ere bertan da. Iraina da egin dutena eta ezin du jasan, bortizki agintzen du presta dezaten bostgarren eskuadra. Mendekua dator.

 

ANTSO: (Haserre bizian)... eta, beraz, Zaragozako harresietan nire mezulari baten, nire ordezkari baten, burua jarri dutela zintzilik. Urde alaenak! Ez diegu halakorik barkatzen ahal. Odolezko irainak odolez behar dira garbitu. Fortun! Prestatu bosgarren eskuadroia! Al-Mandik ustelari ez nion barkatu eta ez diot orain barkatuko bere seme Yayah tentelari. Prestatu bosgarren eskuadroia!

 

 

—11B—

 

mezulari batek Leongo erregina den urraka, Antsoren arrebaren mezu bat dakar. Irakurri egiten dute eta ondoren gai horretaz dira mintzatzen munia eta antso. urraka arrebak, bere alaba antsa Leongoa ezkondu nahi du Gaztelako Infantearekin. Onespena nahi du.

 

ZAINDARIA: Jauna, Leongo Erresumako mezularia etorri da gutun honekin.

ANTSO: (Oraindik sutan) Sarrarazi... Ez, itxoiteko esan.Tori Munia, irakurri zeuk, otoi.

MUNIA: (Irakurri egiten du) Al Rey Sancho el Mayor, Rey de Pamplona, de Aragon, de Sobrarbe, de Ribagorza, Alava, Ipuzkoa y Rioja. A mi quierido hermano. El pasado 7 de Agosto, cuando combatía en las murallas de Viseo, fue muerto mi esposo el Rey de León. Comprenderás, querido hermano, que me encuentro más abatida que nunca y sin poder resistir este dolor en mis entrañas. Mientras nuestro hijo Bermudo, de apenas 11 años, no sea nombrado Bermudo III, he de ser yo misma la Regente de León. Pero las desgracias no saben caminar solas, en Oveco, en la Galicia, no podemos hacer frente a los ataques castellanos. Necesitamos tu protección, consejo y apoyo, querido hermano.

            Creo que sería de interés que mi hija Sancha desposara con el Infante de Castilla, tal y como hablamos el pasado verano. Pero necesito tu consentimiento, por lo que te solicito rápida respuesta. Que estos días de luto que vivimos, no resulten en perjuicio de nuestro Reino. Hasta que volvamos a vernos, recibe un afectuoso abrazo de tu hermana Urraca, Reina Regente de León. En León, en el 15 de agosto del año 1028.

ANTSO: Zoritxarrak beti saldoan, beleen gisan. Urraka arreba gaixoa. Zer iruditzen zaizu Munia?

MUNIA: Nik ez diot alde txarrik ikusten.

ANTSO: (bere gizonei beha) Eta zuek, zer deritzozue?

ENEKO LUPIZ: Bizkaiatik ikusita Leoi eta Gaztelaren arteko loturak indartzea, ez dakit ba, ez dakit ba... beldur apurtxo bat ematen dost. Azken urte hauetan euren arteko liskarretan nahastuta ibili dira, mugak non jarri erabaki ezinda. Zea eta Pisuerga arteko lurrak beti kolokan. Bitartean gu bake-bakean laga gaituzte.

ANTSO: Ixo, ixo, Eneko. Gure mugak ezin ditugu besteen liskar gainean oinarritu!

FORTUN XIMENEZ “AITAN”: Elizak onartuko du ezkontza hori. Ez dago odol arazorik: Gaztelako Infantea zure emazte Muniaren senide da eta Leongo Antsa, ostera, zeurea. Izatekotan,bion adina izanen zen arazo, es oztopo,14 urte baizik ez baititu oraindik neskatilak eta 12 Infanteak. Horrela itxaron egin beharko dute, esposatu arren, elkarrekin bizitzen jartzeko.

ANTSO: Horrek berdin dio. Bi Erresuma bakean gordetzeko, ez dago ezer hoberik esposamendu bat baino.

ENEKO LUPIZ: Hori egia borobila dozu, jauna.

ANTSO: Neure eskuz idatzitako gutunaz erantzungo diot arrebari, ongi irizten diogula bere eskakizunari eta gure aukeran dugun guztia jarriko dugula horretarako. Besterik ez jaunak. Ekarri papera eta tinta! Fortun, jarri behingoz, Zaragozara bidean, bosgarren eskuadroi hori!

 

 

—11C—

 

emakumeek hitz egiten dute: etsaiak ez daude erreinuaren mugetan soilik, batzuetan harrak, barne barnetik dira gizentzen...

 

1 EMAKUMEA: Ura esku artean hartzea bezala izaten da Erresumaren gobernua.

2 EMAKUMEA: Alde batetik gordetzen duzunak, beste batetik egiten du ihes.

4 EMAKUMEA: Ez da aski izaten norberaren borondatea.

5 EMAKUMEA: Besteak daude beti, gainerakoak.

6 EMAKUMEA: Eta ez dira izaten beti mugaz bestaldekoak.

7 EMAKUMEA: Batzuetan harrak barnean daude.

1 EMAKUMEA: Dena usteldu eta irentsi nahi duten harrak.

2 EMAKUMEA: Mendekua, liskarra eta kalapita. Horixe helburu.

3 EMAKUMEA: Gizenduz eta gizenduz doaz harrok

4 EMAKUMEA: Zikoizkeriaz dira elikatzen.

5 EMAKUMEA: Erresumaren oinarriak dituzte erasotzen.

 

 

—11D—

 

bela anaiak zebait ari dira prestatzen. Ez dago oso argi zer den, baina ezer onik ez. Pazientzia beharko dute prestatu dutena azkenera eramateko. Berdin dio horrek, guztiz erabakita baitaude eurek merezi dutena irabaztera. Kosta ahala kosta.

 

IAGO BELA: Ez da erraza izango.

RODRIGO BELA: Gizon asko beharko ditugu laguntzeko.

ENEKO BELA: Hori ez da arazo, ehun arte erraz bilduko ditugu.

IAGO: Kontua ez da sartzea, ordea, handik ihes egiten asmatu behar dugu gero.

ENEKO: Prest izango ditugu zaldirik azkarrenak.

RODRIGO: Eurek ere izango dituzte.

ENEKO: Ez gureak adinakoak.

IAGO: Nork sartuko dio ezpata?

ENEKO: Neuk!

RODRIGO: Neuk!

IAGO: Hiruok orduan!

ENEKO: Ez. Zu zaldien zainketan itxoiten beharko zitugu.