Antso erregea
Hasier Etxeberria
Antso erregea
Hasier Etxeberria
Egilea editore, 2004

 

2. agerraldia:
ITSASOA ETA BALEA

 

 

—2A(a)—

 

Bi arrantzale gazte, telmo eta sen, talaian dira txalaparta jotzen. Horixe du euren lana, itsaso zabalean begiak galtzea. Balea noiz etorriko den zain diren artean, hizketan dihardute.

 

TELMO: Zerua garbi zagok, urrutira ikusteko.

SEN: Urruti beharko dik, bai, gaurko gure baleak!

TELMO: Aitak agindu zidak, bat ikusi arte ez etxera itzultzeko.

SEN: Astebete baduk talai honetan gaudela.

TELMO: Mendebaldetik duk ufaka etorriko. Seguru.

SEN: Atariraino iritsi arte, ez duk hik ikusiko.

TELMO: Horra aditua!

............

SEN: Ixo, ixo. Zaldi hotsa zabilek.

TELMO: Zer diok?

SEN: Erregea izan baietz!

TELMO: Balea beharrean, to handiagoa!

SEN: Abarka Erregea!

 

 

—2A(b)—

 

Ehizan dabiltzan zaldun batzuk ikusiko diztuzte etortzen eta haiekin mintzatuko dira. Zaldunen burua, antso abarka erregea da. Antzezlan honetako protagonista nagusia den Antso Nagusiaren aitona eta Hondarribiko lehen harresiak jaso zituena.

 

1 ZALDUNA: Arratsaldeon jaunak.

TELMO ETA SEN: Baita zuei ere.

1 ZALDUNA: Orein zauriturik ikusi duzue ihesi?

SEN: Ez jauna. Azken ordu hauetan behintzat ez.

ABARKA: Balea ikustatzen? Hemen ez duzue gero neke haundirik. Ez zaituztet izerdituta ikusten...

TELMO: Gaztelua jasotzeko lanetan ez gaituzte hartu nahi izan. Gazteegiak omen.

ABARKA: Lana badago, ba, nahi beste.

TELMO: Baina gu ez gaituzte nahi.

ABARKA: Neuk konpon dezaket hori. Nor naizen asmatzea aski da.

TELMO: Errege jauna agian? Kapela eta zure armak ikusita...

SEN: Abarkak ere ezagunak dira... (ukondokoa ematen dio telmok. zaldunek farre egiten dute)

2 ZALDUNA: Gorteko nobleak ematen duzue urrutitik ikusita.

3 ZALDUNA: Urrutitik, oso urrutitik...

TELMO: Lan egiten duenak ez du Gorteren beharrik, jauna

ABARKA: Ikasi Fortun, erantzun zuzena. (gazteei). Ba, gazteluan lan egin nahi baduzue, bihar eguerdian agertu harresi berrira. Erregeraen babesa agintzen dizuet.

TELMO ETA SEN: Eskerrik asko jauna, baina itsas gizonak harrizko hormetan loturik...

2 ZALDUNA: Zer egingo duzue bikingoak itzultzen direnean? Txaboletan ezkutatu eta aia ama eta ai ama!

1 ZALDUNA: Kostalde guztia babestu behar da defentsa dorreak jasota. Geurea defendatzea, horixe da lehenengo legea.

ABARKA: Txorrotxioak utzita, goazen etxera jaunak Urraka anderea haserretzen hasi baino lehenago. Erbi argal pare bat baino ez dugu ehizatu. Nola egingo diegu aurre bikingoei hezur hauek bakarrik janda?

 

 

—2B—

 

Gorteko emakumeak ageri dira iruten eta josten. Gizonen galdezka ari dira.

 

1 DAMA: Eguzkia etzango da laister. Antso Abarka berandutzen ari da ehizan, anderea.

URRAKA: Oheratzeko badatorkit gaitzerdi. Jainkoak gorde gaitzala gizonezkoen ehiza kontuetatik.

2 DAMA: Ehiza zalea da berez gizonezkoa. Geu ere ehiza aski gara haientzat. (Irriak).

3 DAMA: Esango nuke, geuk ere ehizatu dugula baten bat. Edo bat baino gehiago (irriak).

URRAKA: Nork bere txanda izaten du bizitza honetan.

2 DAMA: Hala ere, ez niri esan, makalak gara gizonen aldean. Guk bat eta bakarra edukitzen dugu gehienetan, gazterik alargundu ezean...

1 DAMA: Eta bakarrarekin konformatu behar!

URRAKA: Elizak agintzen du hori.

3 DAMA: Ez dakit Erromarenak eta bizitzarenak bat datozen. Elizako bidean sartzeko baino haur gehiago da munduan.

2 DAMA: Legea gauza bat da eta gogoa bestea...

URRAKA: Ixo Andereak! Guk ezin dugu horrelakoak esaten ibili.

1 DAMA: Txarrerako edo onerako, begi guztiak daude geuri so.

2 DAMA: Bai, Gorteko izateak ere baditu bere alde txarrak: gizon eta ohe kontuetan beti zintzo ibili beharra (irriak).

URRAKA: Ixo! Maitasun kontuetan eredu izan behar dugu eta.

1 DAMA: Horraxe nindoan ni. Gizonezkoek lehen odolaldian erabakitzen dute guztia. Hor konpon gerokoak!

3 DAMA: Erraz konpontzen dituzte haienak. Baina, guk? Nola konpondu behar du emakumeak sabeleko fruitua?

 

Halako batean abarka erregea agertzen da emakumeen artera.

 

ABARKA: Ez da handia, hauxe gaur arratsaldeko ehiza guztia: bi erbi.

URRAKA: Ehiza ugari omen da, ba, Artzuko horretan.

ABARKA: Gazteluarenak lotzen gaitu, emakumea. Hori dugu eginkizun nagusia. Ni gabe ere, beste norbaitek asmatuko du zuretzat ehizatzen Erresuma guztian.

2 DAMA: Barkatu jauna, baina bere senarrak ekarritakoa izaten du gogokoen emazteak. Beste guztien gainean (irriz eta gainerako andereei behatuz).

ABARKA: Ezin du orein handirik ekarri, Erreginarentzat gela eguzkitsuena prestatzen ari denak. Hobea da hori ehizarik ederrena baino.

URRAKA: Bai, beharko dut zerbait senarraren faltan. Nire andereez lagunduta egoteko moduko gela zabal bat. Eguzkitsua, Naiara eta Errokaforteko gazteluetakoa bezala. Haietan errazagoa dago eguzkia, Hondarribi honetan baino.

ABARKA: Dauzkagun jauregi eta gaztelu guztien artean, Erreginari non egona ez zaio behintzat faltako.

 

Tobera hotsak eteten du elkarrizketa. Balea! hitza entzuten da bazter guztietan. Balea! Balea! Itsasoan ikuskatu dute nonbait, hilabeteko hirugarrena. Horretaz hitz egiten dute errege-andereek, albisteak ekarriz sartu den zaldunarekin.

 

ZALDUNA: Balea ikuskatu dute Mendebaldean.

ABARKA: Hirugarrena hilabetean!

1 ZALDUNA: Ez da marka makala.

2 DAMA: Getarian lau atzemanak omen dituzte denbora berean.

ABARKA: Bejondeiela.

 

 

—2C—

 

Supituan mairu talde bat pasatzen da armaturik, alde batetik bestera. Ez dago argi ihesi edo zerbaiten bila dabiltzan.

 

 

—2D—

 

emakumeek euren lekutik adierazten dute garai nahasiak bizi direla. Kolore desberdineko banderak aideratzen dituzte mintzatu ahala.

 

4 EMAKUMEA: Nortzuk ziren horiek?

6 EMAKUMEA: Mairuak.

7 EMAKUMEA: Gerla usaina dabil bazterretan.

4 EMAKUMEA: Noiz ez da izan gerrarik gurean?

7 EMAKUMEA: Orain, gainera, erregerik gabe dago Iruņea.

4 EMAKUMEA: Antso Abarka eta Antso Dardartia, biak dira hilak.

7 EMAKUMEA: Haien alargunen eskuetan dago Iruņeko erresuma.

4 EMAKUMEA: Urraka amona eta Ximena ama.

7 EMAKUMEA: Ximena ama eta Urraka amona.

6 EMAKUMEA: Haur txiki baten eskuetan dago Erresumaren geroa.

4 EMAKUMEA: Txori txiki batentzat habia handia.

6 EMAKUMEA: Ederra da, behintzat, haur erregea.

7 EMAKUMEA: Bai, baina ez ahantzi haren begietakoa.

4 eta 6 EMAKUMEAK: Seinalea!

4,6 eta 7 EMAKUMEAK: Begietako seinalea!

 

 

—2E—

 

antso txikia ageri da ezpata handi batez jolasean. Bere amatxi, Antso Abarka zenaren alargun urraka, etortzen zaio hizketara.

 

URRAKA: Astuna ezpata hori zuretzat.

ANTSO: Badut aski indar. Jarri lepoa!

URRAKA: Zure aitonarena zen hori.

ANTSO: Abarka handiarena, badakit.

URRAKA: Ez deitu horrela aitonari.

ANTSO: Mundu guztiak deitzen zion Abarka.

URRAKA: Eta zure aita zenari Dardartia.

ANTSO: Gartzia nuen aita, Antso aitona, neu bezala deitzen zen.

URRAKA: Ez, Antso, zeu deitzen zara hura bezala: Antso Hirugarrena, horixe zara zu.

ANTSO: Nola deituko didate niri errege naizenean?

URRAKA: Laster jakingo dugu hori, koroatutakoan.

ANTSO: Ezpata nola mugitzen dudan ikusita, Gerlaria deituko didate.

URRAKA: Hobe duzu bai, gerrarako prestatzea.

ANTSO: Gerra! Beti gerra! Noren kontra, ordea?

URRAKA: Izan mairu edo izan bestelako, ez zaizu etsairik faltako, maitea.

ANTSO: Dantzatuko dut ezpata airean!

URRAKA: Astuna duzu oraino.

ANTSO: Etor bitez etsaiak!

URRAKA: Etorriko zaizkizu bai.

ANTSO: Etor bedi gerra!

URRAKA: Etorriko da berez, gutxien uste duzunean.

 

 

—2F—

 

antsok emakumeen jarduna entzuten du, urrutira.

 

4 EMAKUMEA: Gerra, beti gerra!

6 EMAKUMEA: Bai, egin dezagun gerra!

7 EMAKUMEA: Gerra da handiena!

4 EMAKUMEA: Borroka gaitezen mundu guztiaren kontra.

6 EMAKUMEA: Erre ditzagun etxeak!

7 EMAKUMEA: Suntsi ditzagun bazterrak!

4 EMAKUMEA: Bortxa ditzagun neskatoak!

6 EMAKUMEA: Torturatu arerioak!

7 EMAKUMEA: Moztu lepoak.

4 EMAKUMEA: Uholdeka odola gure ibaietan!

6 EMAKUMEA: Berdindu zeruak eta lurrak!

7 EMAKUMEA: Samina, gosea eta heriotza!

4 EMAKUMEA: Suntsipena!

6 EMAKUMEA: Gal gaitezen denok

7 EMAKUMEA: Ero gaitezen denok...

4 EMAKUMEA: Errege gerlazaleen ondoren ez dago besterik.

6 EMAKUMEA: Nigarra eta galera.

7 EMAKUMEA: Heriotza eta ilunaldia.

 

 

—2G—

 

antsok ezpatari begiratzen dio. Airean erabiltzen du apur bat, baina indarrik gabe. emakumeen hitzek kezka sartu diote: ez daki gerra ona ote den. Gogoeta egiten du ezpatari ari zaiolarik.

 

ANTSO: Jostailu zara gaur, bihar izkilu. Burni zati landu bat, besterik ez zara. Zure ahoaren zorrotza beti da egarri. Eni dagokit zu asetzea, eni zurekin ibiltzea. Etorriko da guda eta aseko zaitut. Baina zaude geldik oraingoz... Hobe duzu jostailu, bazter batean gordea. (Eta antsok ezpata bazter batean gordetzen du).