Antso erregea
Hasier Etxeberria
Antso erregea
Hasier Etxeberria
Egilea editore, 2004

 

HASI BAINO LEHEN

 

            Ikusleak euren lekuetan esertzen ari diren bitartean, haur batzuk ageri dira zelaiaren erdian jolasean. batzuk soka-saltoan, besteak txingaka edo “txorro-morroan”... Batzuk baloi batez jolasten dira, futbolean edo. Esan bezala, Hondarribiko harresietan dagoen belardian gertatzen da hau guztia.

            “Pasa niri, bota ezak...” eta horrelakoak esaten dizkiote elkarri futbolean dihardutenek. Ikusleek ez dakite haur horiek ikuskizunekoak diren ala, ingurukoak izanik, benetan ote diharduten jolasean. Kontua da, ikusleak sarkinak edo intrusoak balira bezala sentituko direla. Azken finean, ohiko lekuan jolasean ari diren haurren jarduna etetera etorri baitira eurak.

            Ezinegona sentitzen dute ikusleek, ez baitirudi jolasa berehalakoan amaituko denik. Antzezlana hasteko ordua iritsi da, baina ez dago ezeren aztarnarik. Haurrak jolasean baizik ez. Serio, gainera: gola sartzen dutenean ospatuz, lurrera eroriz, borrokatuz eta abar. Jendea ordulariari begiratzen hasten da, ezinegonez...

            Halako batean, ordea, zazpi emakume zarpail agertzen dira, zaku handiak bizkarrean daramatzatela. Zaku horietatik, kolore ezberdinetako bandera motzak ageri dira: berdea, beltza, gorria, urdina, zuria eta horiak dira. Kolore bakarreko bandera modukoak. Txalupek itsasoan otarrak eta sareak seinalatzeko erabiltzen dituztenen antzekoak. Beste gauza eta tresna batzuk ere ageri dira zaku horietan: ispiluak, erratzak, oihalak....

            Haurrek jokoa eten egin dute. Emakumeei begira geratu dira, ixilik. Baina nortzuk dira horiek? galdetuz bezala. Ez dituzte ezagutzen eta ez dakite zer egitera etorri diren euren ohiko josalekurat. Badaezpada, baloia ongi babesten dute beso artean, kenduko ote dieten beldurrez.

            Emakumeetako batek, Harrapatu egingo haut!, esaten dio umeetako bati korrika jolasean. Beldurtzeko moduan, baina irri artean. Gainerako emakumeek ere, beste haurren atzetik egiten dute korrika.

            Ume jostariek baloia hartu eta alde egiten dute ihesi bazter batera. Gu ginen hemen jolasean! esaten dute protestatuz , jokoa jarraitzen uzten ez dietelako. Ordea, haserretuta alde egingo dute azkenean.