Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

11

 

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

YURI SAM: Henk.

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

YURI SAM: Marcus.

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

YURI SAM: Nayem.

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

YURI SAM: Wendel.

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

YURI SAM: Kallfumallen.

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

YURI SAM: Anchimallen.

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

YURI SAM: Inguma.

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

YURI SAM: Mari, jainkoen artean ederrena!

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

YURI SAM: Gauza eta objektu guztien indar mistikoa:

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

YURI SAM: Bizitzaren jainko eta deabruak.

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

YURI SAM: Egunsenti tristeen aingeru tristea.

KURMA ETA KUMALEN: Hor nonbait!

 

kurma eta kumalen yuri samen parera hurbildu eta bat-batean kentzen dizkiote makilak eskuetatik.

yuri sam belauniko erortzen da lurrera.

kurmak eta kumalenek aurrealdeko aldare txikietan kokatzen dituzte makilak.

kurmak eta kumalenek azken sakrifiziorako prestakizunak egiten dituzte, aldare nagusia eta totemak mugituz.

 

YURI SAM KURMA ETA KUMALEN: Evohé!

YURI SAM: Hor nonbait.

            Zuen eskuetan uzten dut hainbat izaki sekretuen patua. Zuen eskuetan uzten dut nire maitalea Evohé.

            Esaiozue, ikusten baldin baduzue, osasuntsuagoa dela metafisika gutxirekin bizitzea. Esaiozue bihotza hautsi zaidalako hil naizela. Bihotza hautsi zait, hautsi. Ez barre sarkastikorik bota mesedez, nik bihotza hautsita daukat eta hilik nago. Hautsita bihotza hautsita. Zuek ozta-ozta sinistuko didazue, beste askok esan dutelako nire aurretik bihotza hautsi zaiela. Baina niri bihotza hautsi zait benetan. Baina esaiozue maite dudala, esaiozue bihotza hautsi zaidala, baina esaiozue bihotza errai biguna besterik ez dela eta harrezkeroztik sendokiago maite dudala nire eskeletu guztiarekin.

 

yuri sam, kurma eta kumalenek erdialdean prestaturiko sakrifiziorako gunean kokatzen da poliki-poliki. kurmak eta kumalenek yuri sami laguntzen diote sakrifiziorako zehaztasun guztiak prestatzen: jantziak atondu, makulua aldarean kokatu, eta abar.

kurmak eta kumalenek ezpatak hartzen dituzte.

 

YURI SAM: Aio Evohé, aio bizidunak.

            Zoazte lasai, ez izan beldurrik, gozatu bidearen meandro bitxiak, jainko dislexiko horrek egindako meandro zoragarri guztiak. Gozatu, ongiaren eta gaizkiaren negozioaz aparte, bai zuzena, ona eta ederra, bai gaitza, okerra zein itsusia, bai miseria, bai hondamendia, bai odola, bai maitasuna, bai hutsunea, bai gorrotoa, bai kakazaharra, baita bizitza ere.

 

kurmak eta kumalenek yuri samen bihotza urratzen dute ezpatekin. lluna.

kurma eta kumalenek txanoa kentzen diote yuri sami, kantuka. Makulua hartzen dute eta makuluarekin jolasean, behin eta berriz ematen diote yuri sami azkeneko kolpeak.

Agonia geldoa. Azkeneko otoitzak, aintzak eta agurrak.

 

                                    Theffa thami mollffun

                                    Kullm chau-ngenechen, fei

                                    Meu tha mollffuñ thuumekeiyiñ

YURI SAM: Agurtzen dut nire eskua. Agurtzen ditut mugaz bestaldeko izakiak. Agurtzen ditut bizidunen pribilegioak, eta saguzarrak saguzar izaten jarraitzeko agurtzen ditut hitza eta ahotsa. Lagunak agurtzen ditut. Etsaiak agurtzen ditut. Zerua eta lurra agurtzen ditut.

                                    Chiffkullm fucha

                                    Chiffkullin kushe

                                    Meleimen tha treffei

                                    Chuneff fucha meleimen

YURI SAM: Planetaren bertute eta grazia guztiak agurtzen ditut. Planetaren zulo eta hondakin guztiak agurtzen ditut. Evohé agurtzen dut. Eguzkia eta ilargia agurtzen ditut.

                                    Theffei chungeff kushe

                                    Meleimen thefa chunef

                                    Weche wentru meleimen

                                    Theffa chungeff illcha domo

YURI SAM: Oroimena agurtzen dut. Bizimina eta malenkonia agurtzen ditut, ura eta gatza. Nire otoitzak ere agurtzen ditut,

                                    Theffa thami mollffun

                                    Kullfñ chau-ngenechen, fei

                                    Meu tha mollffuñ thuumekeiyiñ

                                    Chiffkullm fucha

                                    Chiffkullm kushe

                                    Meleimen tha treffei

                                    Chuneff fucha meleimen

                                    Theffei chungeff kushe

                                    Meleimen thefa chunef

                                    Weche wentru meleimen

                                    Theffa chungeff illcha domo

                        

kurmak eta kumalenek kantatzeari eta yuri sam kolpatezari uzten diote.

kurma eta kumalen aurrera doaz eta aurrekaldeko aldare txikiak zutik jartzen dituzte.

 

YURI SAM: beste sasoi eta beste mundu batetatik datozen otoitz zaharrak agurtzen ditut, agurtzen ditut agian benetako egia bakarra ezkutatzen duten hitzak:

            Arnasa hartzen dugula eta, noizbait, arnasa hartzeari uzten diogula.

 

kurmak eta Kumelenen euren ezpatak sartzen dituzte aurrealdeko aldareetan kolpe bortiz batez.

yuri samen heriotza. Consummatum est.