9
YURI SAM: Evohé! Evohé!
KURMA: Bele beltz psikoponpoek seinalea pasatu dute urduri:
KUMALEN: Evohé, indar ilunen etsairik amorratuena, bizirik dago oraindik.
KURMA: Bidai mitikoaren erdian, munduaren mezuak berehala ulertu ditu Evohék, hermeneuta trebe baten moduan.
KUMALEN: Kaio zuriaren hegaldiek bide egokia erakusten diote,
KURMA: hatxisaren kea jainkoekin hitz egiteko kodea da,
KUMALEN: hondartzako maskorra aingeruen kobazulo.
KURMA: Momentua iritsi da,
KUMALEN: duna garaienera igo,
KURMA: bertan biluztu, eta Evohék behin eta berriz ohiukatzen du:
YURI SAM: Munduko indigenak gara eta ez gaituzue akabatuko! Munduko indigenak gara eta ez gaituzue akabatuko!
KUMALEN: Indar ilunen morroiek Evohé ikusi...
YURI SAM: Evohé! Evohé!
KURMA: ...eta bere bila joan dira gupidarik gabe.
KUMALEN: Bere ama eta maitalea salbatzeko itxaropena dauka Evohék.
KURMA: Ondo borrokatu da indar ilunen aurka,
KUMALEN: hamaika morroi zauritu ditu,
KURMA: bai eta zortzi etsai hil ere.
KUMALEN: Arma preziatuena,
KURMA ETA KUMALEN: adorea.
KURMA: lubaki zilegiena,
KURMA ETA KUMALEN: maitasuna.
KUMALEN: Bandera bakarra,
KURMA ETA KUMALEN: bizitza.
KURMA: Lurrean etzan eta lurra besarkatu du berehala Evohék.
kurma eta kumalen aldaretik salto egin eta euren makilen kolpe batez yuri sami ezpatak kentzen dizkiote.
yuri sam lurrera erortzen da. Porrota.
KUMALEN: Baina azkenean... preso hartu eta Parnaso izeneko psikiatrikoan sartu dute Evohé,
KURMA ETA KUMALEN: Argiaren Printzea.
KURMA: Parnasoan Henk,
KUMALEN: Parnasoan Wendel,
KURMA: Parnasoan Marcus,
KUMALEN: Parnasoan Nayem,
YURI SAM: Parnasoan zu, laztana, zu, Evohé, Argiaren Printzea. Horma zurien artean zaunka eman dituzu hainbat egun, erredentore bilakatu ezinean eta, azken momentuan, zure burua hormaren kontra txikitu ostean, ezereza aukeratu duzu, amaiera, horma. Evohé!
yuri sam atzera egin eta totem batetatik bere makulua hartzen du. kurmak errautsak botatzen ditu lau haizeetara.
KURMA ETA KUMALEN: Ixo!
KURMA: Erotikoak...
KUMALEN: ametsak.
KURMA: Begiak itxi.
KUMALEN: Iluna.
KURMA: Evohé, Argiaren Printzea.
KUMALEN: Evohé traidore.
KURMA: Fedeari eutsi.
KUMALEN: Fedea zapuztu.
KURMA: Dantzaren dantza.
KUMALEN: Fartsaren hautsa.
KURMA: Dena hutsa.
KUMALEN: Dena ezereza.
KURMA: Itaka bakarra.
KUMALEN: Itakarik ez da.
kurma eta kumalenek euren kapa beltzak eranzten dituzte eta aurreko aldare txikien artean uzten dituzte.
yuri sam balantzaka aldarera gerturatu eta gainera igotzen da. kurma eta kumalenek petaloak botatzen dituzte espazio guztitik. Erritmo biziko otoitza, maitasun-mezua pekatarientzat.