Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

0

 

Iluna. Eszenatokiaren aurrekaldean zuzi baten sugarra ikusten da. Sarrerako purifikazioa. off ahotsa entzuten da sehaska kantu beltz hau kantatzen. Sarrerako otoitza.

 

OFF AHOTSA: Ixo!, ixo! saguzarrak lotan daude,

            amets erotikoak franko dituzte saguzarrek eta

            ixo! arren, lotan daudela.

            Zeintzuk dira haien begiak,

            begi xume itsuak badituzte,

            begiak.

            Zein da haien norabidea

            noraeza ez bada,

            noraeza.

            Zein da haien iparra

            hegoak ez badira,

            hegoak.

            Zein da haien metafisika,

            metafisikarik badute,

            ez badute.

            Ixo! Saguzarrak lotan daude.

 

Itzalpetatik, isiltasunetik kurma eta kumalen ageri dira, erdialdean dagoen aldare nagusiaren atzetik, yuri sam.

kurma eta kumalen eszenatoki guztitik zehar egiten dute dantza eskuan dituzten amuletoak astinduz.

Espazioaren aurrealdean egurrezko bi aldare txiki daude, hainbat makil iltzaturik dauzkatelarik. Espazioaren atzealdean, ezker-eskubian, egurrezko bi totem.

Espazioaren purifikazio eta sakralizazioa.

 

YURI SAM: Evohé! Evohé!

 

Geldiunea. Bat-batean yuri sam otoi egiten hasten da kurma eta kumalenen laguntzaz, azken hauek makil batzuekin erritmoa markatzen duten bitartean.