Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

6

 

YURI SAM: Zer dago mugaz bestalde? Mugaz bestalde, bada zerbait? Norbait? Ah! Zuek biziduntxoak, jakinminaren gatibu beti,

KUMALEN: bizidun gatibuak,

KURMA: jakinminaren gatibu,

YURI SAM: heriotzaren aurrean beldurturik begi bat itxita eta bestea ordea zabal-zabalik,

KURMA: gatibu beti,

KUMALEN: beti gatibu,

YURI SAM: heriotzaren ostean dagoenari begiratzeko beti prest,

KURMA ETA KUMALEN: jakinminaren gatibu.

YURI SAM: Izan badira bai, ehundaka biztanle mugaz bestalde. Direnik ez da sinistu behar, ez direla ez da esan behar.

KURMA: Izan badira,

KUMALEN: badira bai badira.

KURMA: Ez esan gero ez direla,

KUMALEN: ez direla ez esan.

YURI SAM: Evohé! Ez dugu sekulan larrua joko, hautsaren hautsa bizidunen pribilegioak!

 

kurma eta kumalen astiro egiten dute aurrera. kurmak aldarean zegoen yuri samen makulua hartzen du eta yuri sami ematen dio.

 

            Eta zuek fedebako gixajoak, indar telurikoen seme-alaba prodigoak, zorioneko bizidunak, zuek zuen arbasoen ahotsa ahaztu egin duzue, eta Mariren orrazia harkaitz artean galdu. Ah! Latza da fededunen bidea,

KURMA ETA KUMALEN: latza da bidea.

YURI SAM: Badira, hala ere, zuek gabe badirenak. Han, mugaz bestalde. Errealak dira oso mugaz bestaldeko biztanleak, eta zuek ez dituzue ahaztu behar.

KURMA ETA KUMALEN: Fedebako gixajoak!

YURI SAM: Baina nik, Yuri Samek, nire borondatearen kontra otoi egiten dut otoi egiten ez duzuen bizidun guztien partez.

 

yuri samek otoi egiten du kurma eta kumalen, lurrean, bere ezker-eskubian eserita dauden bitartean.