Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

3

 

KUMALEN: Yuri Sam, 2000. urteko neguan hil zen.

KURMA: Heriotza ez da gauza ederra...

YURI SAM: ...eta ez da sekula izango.

            Azken momentuko erabakia zen Evohé, azken momentukoa, eta zuk, azken momentuan, erabaki okerra hartu zenuen, Evohé.

            Bide guztia elkarrekin egingo genuela esan zenidan, zuzen heriotzeraino eta baita heriotzaz haraindi ere, bidea elkarrekin egingo genuela eta maite zaitut, maite nauzu? Eta beti elkarrekin, zuzen heriotzeraino eta baita heriotzaz haraindi ere, eta maite zaitut, maite nauzu? Eta mugaz bestalde ere larrua joko genuela esan zenidan, larrua joko genuela mugaz bestalde. Heriotzaz haraindi ere maiteko zaitut, maiteko nauzu? Baina zu ez zara etorri!

KURMA ETA KUMALEN: Evohé!

YURI SAM: Azken momentuan ez etortzea erabaki zenuen, bakarrik utzi nauzu mugaz bestalde, Evohé! bakarrik utzi nauzu saguzarrekin.

            Ixo! Lotan daude.

KURMA: Lotan daude!

KUMALEN: Lotan daude!

YURI SAM: Ez dugu sekula santan larrua joko!!! Zoaz pikutara!!! Laztana. Ixo!

KURMA: Ixo!

KUMALEN: Ixo!

YURI SAM: Amets erotikoak...

 

Isilunea. Bat-batean kurmak eta kumalenek, barre algaraka, zinta bana jartzen diote yuri sami beso bakoitzean. Erritmo bizia, oroimenaren letania.