Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

4

 

YURI SAM: Henk ezagutu dut parnasoan. Parnasoan Henk, Henk ezagutu dut,

KURMA ETA KUMALEN: Henk ezagutu du,

YURI SAM: Henk ertzean,

KURMA: parnasoan Henk.

YURI SAM: Henk gixajoa,

KUMALEN: gixajoa Henk.

YURI SAM: Zigarro itzalia ezpainetan eta eskuak sorbaldan beti.

KURMA: Parnasoko Henk,

KUMALEN: Henk gixajoa,

 

kurma eta kumalen tiraka hasten dira yuri samen besoetatik zintzilik dauden zintetatik, yuri samen besoak eta gorputza korapilatuz.

 

YURI SAM: Ilargia bahitu omen zuela eta han dago sartuta, Parnasoan, jainkoen eta poeten etxean.

KURMA: Henk iraultzailea,

YURI SAM: Henk ezagutu dut,

KUMALEN: Henk parnasoan,

KURMA: ertzean Henk,

YURI SAM: Henk tinko,

KUMALEN: parnasoan Henk.

YURI SAM: Hiru hitz besterik ezagutzen ez dituena, hiru hitz eta galdera bakarra: “norena da errua?”

 

yuri samek zintek sortaraziko korapiloak askatzen ditu.

 

KURMA ETA KUMALEN: Norena da errua?

YURI SAM: Henk maisua,

KUMALEN: maisu Henk,

KURMA: parnasoan tinko Henk,

KUMALEN: Henk ertzean,

KURMA: ezpainetan Henk.

YURI SAM: Eta zuek, ba al dakizue galdera horri erantzuna ematen?

KURMA ETA KUMALEN: Norena da errua?

 

kurma eta kumalen, yuri samen gona azpian sartu eta jolasean hasten dira yuri samen hasperen eta irrien artean.

 

YURI SAM: Zuek ez, zuek lasai, goza ezazue gozatzeko daukazuen aukera paregabea. Maitalea, lagunak, haragiaren bertuteak, lerdea bularretan, sexuaren usaina, azal lizunak, hiriko puta eta txaperoak, patriketako gaztaina beroak, zizare zuri sudurzulozaleak, etabarrak...

KUMALEN: etabarrak,

KURMA: etabarrak,

YURI SAM, KURMA ETA KUMALEN: Henk!

 

kurma eta kumalen gona azpitik atera eta zintak hartzen dituzte berriro. yuri samek, besoak altxaturik, geldiune baten ostean batbatean askatzen ditu zintak. kurma eta kumalen lurrera erortzen dira.

kurma eta kumalen, gutxika lurretik altxatu eta atzealdera doaz. Makil bina hartu eta berriro hasiko dira makilekin soinuak ateratzen eta erritmoak markatzen.

 

YURI SAM: Gozatu beldurrik gabe, ez dago purgatoriorik!

            Henk ezagutu dut, ezagutu dut Henk bai, eta Marcus, ezagutu ditut Marcus eta Nayem eta oi! hau poza! Wendel ezagutu dut mugaz bestaldean.

KURMA: Wendel aingeru alaia,

KUMALEN: Wendel gudaria

KURMA: Wendel arkularia

YURI SAM: Wendel ezagutuko bazenu, Evohé, Wendel ezagutuko bazenute zuok gizaki bizidunok. Ni nire beldur absurdoekin joaten nintzaion gelara, batzutan negarrez, bestetan dardar batean, arnas estuka beti. Eta berak gerritik heltzen ninduen eta mamu guztiak uxatzen zituen bat-batean, eta dantza egiten genuen gazteluaren atarian lurreko baldosak pitzatu arte!

KURMA: Wendel hedonista jakintsua,

KUMALEN: Wendel maisua,

KURMA: aingeru bortitza Wendel!

YURI SAM: eta dantza egiten genuen bere erritmo hilezin harekin, gazteluko baldosak pitzatu arte!

 

hirurak hasten dira aldarearen inguruan dantzan. Aingeruen ospakizuna. Ospakizunaren dantza bat-batean eteten da.

 

YURI SAM: Ezagutzen baduzue, bizitza dantzatuko duzue bizitza dantzatu behar den moduan. Wendel ezagutu eta bizitza dantzatuko duzue... bizitza dantzatu behar den moduan...

KURMA ETA KUMALEN: dantza, Wendelen dantza!

YURI SAM: Ixo! Saguzarrak, errespetatu, behingoz, saguzarren amets erotikoak. Bienaventurados aquellos que respetan el sueño de todo lo que duerme. Hala esaten zuen Wendelek.