Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

8

 

YURI SAM: Ez izan prisarik

                        Zure bidaiaren helmuga

KURMA ETA KUMALEN: Zu zeu zara

YURI SAM: Zu zeu zara.

            Astiro ibili, bide zidorreko lorak bildu, pagoen adina kalkulatu, ezparak uxatu eta laztandu, ordea, tximeleta zuriak, edo uxatu tximeletak eta laztandu tabanoen pozoi garratza.

KUMALEN: Zin egin...

YURI SAM: ...aurrerantzean presarik gabe jolastuko duzuela bizitzaren patiotan, eta gutxika-gutxika mozkortuko zaretela, hondamenaren usainaz ere gozatu arte.

                                    Ez izan presarik

                                    Zure bidearen helmuga

KURMA ETA KUMALEN: Zu zeu zara

YURI SAM: Zu zeu zara

KUMALEN: Zin egin...

YURI SAM: ...aurrerantzean pausoak gelditu eta zerura begiratuko duzuela txoriak pasatzerakoan, eta inurrien ilara amaigabeak agertzean ordea, lurrera begiratuko duzuela. Baina zerua eta lurra odolez, lokatzez eta lerdez betetzen denean ere, begiratu zerura eta lurrera, ikasi hondamendia maitatzen edertasuna maitatzen duzuen moduan.

                                    Ez izan presarik

                                    Zure bidaiaren helmuga

KURMA ETA KUMALEN: Zu zeu zara

YURI SAM: Zu zeu zara

KUMALEN: Zinegin...

YURI SAM: ...aurrerantzean kaleetako ur putzuak zapalduko dituzuela, berandu iritsiko zaretela etxera adiskide bat espaloietan aurkitzen duzuenean, ziutateei zuen izena esango diezuela.

                                    Ez izan presarik

                                    Zure bidaiaren helmuga

KURMA ETA KUMALEN: Zu zeu zara

YURI SAM: Zu zeu zara

KUMALEN: Zin egin...

YURI SAM: ...aurrerantzean presarik gabe negar egingo duzuela, malkoen iturburua sikatu arte, iratxoak utziko dituzuela zuen gelak hankaz gora ipintzen eta ezezagunei oparituko diezuela zuen amets preziatuena. Izan haziaren koloreko amets zuri lizunak, izan odolaren koloreko ametsgaizto gorri bortitzak, izan kakazaharraren koloreko ametsgaizto eskatologikoak, izan hutsaren koloreko ametsgaizto beltzak.

 

yuri sam gutxika aldarera hurbilduz doa eta azkenik aldarearen gainetik jarraituko du bere erreguak egiten.

 

                                    Ez izan presarik

                                    Zure bidaiaren helmuga

KURMA ETA KUMALEN: Zu zeu zara

YURI SAM: Zu zeu zara

KUMALEN: Zin egin...

YURI SAM: ...faborez, presa guztiak atzerriko uharte urrun batera erbesteratuko dituzuela, erritmo geldo-geldoan ahoskatuko duzuela bizitza. Zoazte astiro, ez dago presarik: ibil zaitezte astiro, pentsa ezazue astiro, edan ezazue astiro, maita ezazue astiro, masturba zaitezte astiro, hil zaitezte astiro, sufritu ezazue astiro sufritu behar duzuen guztia. Poliki joanez gero, luzeagoa da bidea, lasaiagoa, ederragoa. Poliki joanez gero, denbora gehiago izango duzue zuen pribilegioez gozatzeko, zuen izerdiaz, eta zuen hondakinez, eta zuen gabeziez gozatzeko. Zoazte astiro, arren, ez dago presarik mugara iristeko eta, zinez, denak iritsiko zarete. Eta orduan, egunen baten, joko bitxi hau bukatu ostean, bidearen azken meandroa zeharkatu eta gero, lurraren garaiaz akordatuko zarete.

 

kurmak, bere totemetik aterako du concertina bat eta aurrealdera hurbilduz lurraren garaiaz mintzatuko da concertinaren soinuak lagundurik. Agindutako lur galdua.

kumalenek tortxa bat ateratzen du bere totemetik eta aldarearen atzealdetik hurbilduz, lurrean uzten du. kurmaren hitzak bukatzear direnean, kumalenek tortxa amatatzen du.

 

KURMA: Akordatzen naiz eguzkiaren garai harekin, berak adar sendoak argiztatzen zituen, eta baita adaska berriak ere, berak bazekien nola kolore eman objektu bakoitzari, berak zaldia jarraitzen zuen zaldia lasterka zihoanean, eta zaldia gelditzen zenean ere, han zegoen eguzkia, zaldiarekin, geldirik. Akordatzen naiz bai, nola ez naiz ba akordatuko, hura zen lurraren garaia, hura zen lurraren usainaren garaia, lur gurtua, hildako lagunak ehorzten zuen lur lehorraren garaia, uraren graziaz buztin bilakatua, eta guk lur hura esku artean hartzen genuen eta hura zen guri agindutako lurra, lur marroi hura baino beste lur santurik ez genuen ezagutzen orduan. Lur usaineko eta lur koloreko lur santua, lur gorria, lur beltza, guri agindutako lurra. Hura zen bai benetako lurraren garaia, lur zena lur usaina zueneko garai ahaztezina, nola ez naiz akordatuko ba. Gure eskuak lur hura harrapatzeko gai ziren. Lurran bizirik geundeneko garai ahaztezin hura, bai, akordatzen naiz, edozein gauza erortzen zenean zarata egiten zuela, guk leku guztietara begiratzen genuela gure begi jakintsuekin, gure belarriek haizearen soinu guztiak ulertzen zituztela, urrunetik ezagutzen genituela lagunen pausoak hurbiltzen, gure eskuak bai lorea, bai aizkora, bai harri txintxarra, bai fusila harrapatzeko gai zirela. Garai hartan, akordatzen naiz, gure eskuek ezin zuten kea harrapatu.

KUMALEN: “Orain ordea, kea da gure eskuek harrapatu dezaketen gauza bakarra”.

 

yuri sam aldarearen gainetik hitzegiten du, kurma eta kumalen lurrean belauniko geratzen diren bitartean.

 

YURI SAM: Bai, horrelakoak esango dituzue, eta herrimina izan beharrean bizimina izango duzue, eta zuen bizitzan egin ez dituzuen pekatu guztiak damutuko zaizkizue, eta zuen bizitzan sufritu ez dituzuen gaitz eta gabezia guztiak maiteko dituzue. Baina berandu izango da.

KURMA: Berandu zabiltzate.

KUMALEN: Ez duzue ezer lortuko honezkero.

KURMA: Berandu da.

KUMALEN: Ilundu du.

 

Iluna. Isiltasunean, concertinaren arnasa baino ez da entzuten. yuri samen kolpeek erritmo geldoa markatzen dute.

 

KURMA: Behin ilundu du doi-doi

                        portu berrian,

                        mihi lizunetako terraza zurietan,

                        edalontzien gardentasunetan.

KUMALEN: Birritan ilundu du bat-batean

                        ziutate erromesean,

                        demografia anitzeko kantoietan,

                        arkitektura kartoizkoetan.

KURMA: Hiru halako ilundu du zerraldo

                        zeruertzaz haraindiko lurraldeetan,

                        zabortegien tontor arpilatuetan,

                        zomorroen oskol liserigaitzetan.

YURI SAM: Bihotz-begi herdoilduetan,

                        bihotz-begi itsuetan,

                        hildako bihotz-begietan

                        ez du sekula iluntzen.

 

kurmak eta kumalenek atzekaldeko totemetatik bi kapa beltz atera eta jantzi egiten dituzte.

Erritmo bizian gogoratzen dituzte iraganeko borrokak aldarearen gainean.

yuri samek bi ezpata txikiekin guda-dantza burutzen du.