Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

5

 

Astiro-astiro igotzen dira kurma eta kumalen aldarearen gainean. yuri sam, publikoari bizkarra emanez, kurma eta kumalen hitzak jasotzen ditu besoak altxatuta dauzkala. Xamanaren aurkezpena, jainkoen lekuko.

 

KUMALEN: Yuri Sam, mugaz bestaldeko bidazti bakarra eta bakartia.

KURMA: Kosmosaren zazpi espaloiak igotzeko eta jaisteko ahalmena dauka,

KUMALEN: arima hegalari eta psikoponpoa,

KURMA: hegaldi magikoen azkenengo xamana.

KUMALEN: Eta ez dago unibertsoan bere begiek ikusi ezin duten txokorik,

KURMA: eta ez dago munduan bere belarriek entzun ezin duten hitzik,

KUMALEN: eta ez dago bere zangoek zeharkatu ezin duten mugarik.

YURI SAM: Ayahuaskaren alaba naiz, Daturaren arreba, peyotearen lagunmina.

 

yuri sam, esku bakoitzean makil bana hartuta, dantza egiten hasten da aldarearen inguruan, kurma eta kumalenen laguntzaz.

 

            Dantza bat-batean bukatu, eta Yuri Sam belauniko erortzen da lurrera, publikoari begira.

YURI SAM: Evohé!

KUMALEN: Bizidunen pribilegio guztiak galdu zituen hala ere,

KURMA ETA KUMALEN: 2000. urteko neguan.

 

yuri sam altxatu egiten da, baina kurma eta kumalenek, eskuan dituzten makilekin, yuri samen makilak astintzen dituzte gero eta modu bortitzagoan.

yuri sam belauniko eroriko da berriro kurma eta kumalenen irainak eta garrasiak aurrera egin ahala eta azkenik kurma eta kumalenek makilak kenduko dizkiote yuri sami. Errua.

 

YURI SAM: Eta ez dut aitortu behar harrezkeroztik galdurik nabilela, noraezean noranahi noala iraganeko hainbat ziurtasun paperezko ontzi hauskor bilakatuta. Antzina izandako fedea izorratu zaidala erloju zaharkituaren moduan. Gereziondoen egur mistikoarekin eraikitako nire aldare kuttuna aspaldi profanatu nuela, eta egunero akatzen ditudala lau edo bost Atlantida Berri. Aitortzen dizuet hala ere, aitortzen dizut Evohé: zuek errugabeak zarete, nik aurkitu eta galdu nituen mapa, fede, aldare eta Atlantida guztiak. Mea culpa.

KUMALEN: Berea da errua.

KURMA ETA KUMALEN: Yuri Sam erruduna!

KURMA: Yuri Sam Madarikatua!

KUMALEN: Yuri Sam ahula!

KURMA: Yuri Sam eroa!

KUMALEN: Koldarra!

KURMA: Galdua!

KURMA ETA KUMALEN: Yuri Sam erruduna!

YURI SAM: Mea culpa. Erruduna, erruduna, ni naiz erruduna.

KURMA: Wendelen dantza hilezina!

KUMALEN: Henk errua norena den galdezka.

KURMA: Yuri Sam zeruan hegaz aitormenak eta testamentuak egiten.

 

kurma eta kumalenek makilak itzultzen dizkiote yuri sami eta berriro kendu. Ekintza hau eta azkeneko esaldiak hiru aldiz errepikatuko dituzte. Erruaren itzulera eternala.

 

YURI SAM: Eta zu, Evohé, Argiaren Printze, laztana, zu non? non? Ez dugu inoiz larrua joko amets erotikoetan ez bada. Hautsaren hautsa bizidunen pribilegioak. Lotan daude eta ixo!

KURMA ETA KUMALEN: Lotan daude!

 

kurma eta kumalen atzealdeko totemen atzean eskutatzen dira. yuri samek aurrealdetik hitzegiten du astiro-astiro eta belaunikoz. kurma eta kumalen atzetik. Jakin-minaren bekatua.