XIII. eszena
Bi ziegak. gizon bat eta emakume bat, norbera bere ohean etzanda dago. Ohetik hitz egiten dute. Noizean behin bat jaikiko da, harraskara hurbildu eta burua ur azpian sartuko du. Edota ura ahoan hartu eta gero bota egingo du. Urrats eta mugimendu oso geldiz egingo dute dena. Aldiz, oso bizi mintzatuko dira.
EMAKUME BAT: Orreagar nagok.
GIZON BAT: Ni ere.
EMAKUME BAT: Presoaren ametsa.
GIZON BAT: Presozainaren amesgaiztoa.
EMAKUME BAT: Esku batek bost hatz.
GIZON BAT: Gurdi batek bi ardatz.
EMAKUME BAT: Maite haut.
GIZON BAT: Maite haut, nik ere. (Isilunea) Itsasoko uretan murgil.
EMAKUME BAT: Gure lurrean hil.
GIZON BAT: Lurrean atseden.
EMAKUME BAT: Hire altzoan, lo.
GIZON BAT: Hire besoetan, lo.
EMAKUME BAT: Marrubiak bularretan.
GIZON BAT: Gerezi beltzak belarrietan.
(Isilunea).
EMAKUME BAT: Noiz esango dizkiat belarrira esateko guztiak.
GIZON BAT: Entzuten ditinat, sentitzen ditinat, gozatzen ditinat.
EMAKUME BAT: Zer krudelkeria mota da hau?!
GIZON BAT: Orreagar nagon, lepora salto egingo zienat.
EMAKUME BAT: Alferrik zabiltzak, ez gaitiztek suntsituko.
GIZON BAT: Harkaitza.
EMAKUME BAT: Haritza.
GIZON BAT: Badakin?
EMAKUME BAT: Zer?
GIZON BAT: Zoriontsu naun! Sinesgaitza iruditzen zaidan. Ezinezkoa beharko liken horrelako egoera batean zoriona sentitzea. Hainbesteko sufrimendu eta min. Ez ninan uste jasateko gai izango nintzenik. Haur nintzela beldur nionan minari.
(Ohean etzango dira biak).
EMAKUME BAT: Noiz esango dizkiat belarrira esan beharrekoak?
GIZON BAT: Itxi begiak. Ikusten al dun etxeko ataurrea. Lizarraren gerizpea. Nahi al dun ur freskoa limoi eta mendarekin?
EMAKUME BAT: Besarkatuko al nauk berriz. Maita nazak. Emadak hire sua, baretu ezak ene sua. Edango haut, jango haut... noiz esango dizkiat belarrira esan beharrekoak.
(Argia pixkanaka apaltzen hasiko da, ondorengo esaldiak ilunean entzungo dira).
GIZON BAT: Hi haut itsasargi, haize-oihal...
EMAKUME BAT: Noiz esango dizkidak belarrira esan beharrekoak?
GIZON BAT: ...fereka, erreka...
EMAKUME BAT: Noiz esango dizkiogu elkarri belarrira esan beharrekoak?
GIZON BAT: ...makulu, ohantze, sehaska,...
EMAKUME BAT: Noiz esango dizkiat belarrira esan beharrekoak...?
GIZON BAT: Noiz esango dizkidan belarrira..
(Argi fokuak aginteduna argituko du).
AGINTEDUNA: Plas, plas, plas (Txalo ere egingo du). Bikain! Hunkigarri! Barkamena eskatu beharko diegu, gainera! Zer uste dute hauek! Eskubideak nahi dituzue? Betebeharrak daude aurrenik! Kredituak eta hipotekak! Musu truk biziko zinetela uste al zenuten sugandila alferrok! Beno, beno, beno. Orain konturatzen zarete zer den sufrimendua. Eta zuek eragiten duzuenaz ez al duzue zer esatekorik? Zer uste duzue, hurkoak ez duela sufritzen? Dena libre dela? Ez jaun eta andreak, ez. Gizarteari ezin zaio tu egin ordaina jaso gabe. Hautsetan erein, lohietan bildu. Nik min, hik min. Begia begi truk. Damutuko zaizue egindakoa, damutuko zaizue lotsagabekeria. Ikasiko duzue nork agintzen duen, ikasiko duzue gizarte zibilaren nahiaren aurka jotzea garesti, oso, oso, oso garesti ordaintzen dela. Garesti baino garestiago. Hasi al zarete ulertzen? Beldur naiz ezetz. Hara! (poltsikotik gutunazal bat aterako du, gutuna gutun-azaletik, zabaldu eta irakurriko du). “Maitea...” Ez, ez, hau, ez. Aurrerago. Ea (marmarka irakurriko ditu paragrafo batzuk). Bai, hementxe. “Herria”! Hasi gara hitz potoloekin. “Herriaren alde dena eman dugu...” (marmarka jarraituko du) “Herria gurekin dago...”. Izan behar da inozoa pertsona, e? Balekite “herria” zertan dabilen beraiek hemen dauden bitartean. Nik esango dizuet: neguan eskiatzen, udan hondartzan, urte osoan lan eta lan, hipotekak eta kredituak pagatzeko. Eta kito! Zer besterik nahi duzue bada? (Isilunea). Eta bide zuzenetik ateratzen denari, zas! Kokotekoa! Hau tirria batzuk dutena, ez dagoen lekuan nahaspila sortzekoa. Ez ote da genetikoa izango? (Isilunea). Segi dezagun (marmarka lerro batzuk). Hau bai ederra! Entzun, entzun!: “Ni ondo nago”. Ondo dagoela ez dio bada. Barrezka hasi eta pixa egingo nuke galtzetan, itxuragatik ez balitz. Ai, ama! (barre-itxurak egingo ditu, sabelpea helduz, bere onera etorri arte) Zer nahi duzue esatea? Horixe, zuek pentsatzen duzuena: hauenak ez duela erremediorik. Luzaroan izango ditugula bezero euskaldunak ostatu hauetan. Zentzatuko diren esperantzarik bat ere ez. (Isilunea). Aspaldiko kontua baita. Ba al zenekiten Errolan ere beraiek akabatu zigutela. Ez, oraingoek ez, noski, beraien arbasoek. Baina hauek egiten duten modu berean: koldarki, traizioz, nola ez! Orduantxe galdu zuen gure Charlemagnek aukera ederra euskaldunekin behin betirako akabatzekoa, bai. Mesede galanta egingo zigukeen! Zer egingo diogu. Guri utzi zigun lana. Eta ari gara, ari gara. Ez dirudi, baina ari gara, pixkaka, pixkaka, goxoan. Batzuekin behar den gogortasunez eta besteekin... Ba al dakizue amuarrainak eskuz hartzeko nola egiten den? Esango dizuet nik. Errekan sartu behar da. Harri handi xamarren azpitan bilatu behar da, eskuak sartuta, erreka-sugeei beldurrik izan gabe. Poliki egin beharreko bilaketa lana da, amuarraina ez uxatzearren. Aurkitzen dugunean... geldi! Bougez pas! Ez dadila izutu. Guretu behar dugu. Bai leuna amuarrainaren azala. Bere sabela ferekatuko dugu lehenik, eta zein tamaina duen kalkulatuko dugu, burua non duen jakin behar dugu. Hortxe daukazue amuarraina, errekaren gordelekuan, aske. Gure eskuan preso dagoela jakin gabe oraindik. Une hori bezalakorik ez dago. Ohartuko denerako hatz erakuslea eta erpurua zakatzetatik sartu dizkiozu. Herio dantza. Alferrik du. Ohartu denerako berandu da. Bukatu da. Uretik kanpo dago, harrien artean, itolarrian. (Isilunea, amuarraina hil hurren begira balego bezala egongo da makurtuta). Tak! Kolpe errukiorra buruan eta saskira. Ez dute asko sufritzen. Are, beren azken uneak plazerezkoak dira. Errugabeen heriotza eztia. Klask!
(Bat-batean ilunduko da taula-gaina).