Z ber 2
Mikel Antza
Z ber 2
Mikel Antza
Ataramiņe, 2013

 

III. eszena

 

Aurreko eszenako kaiola berak, baina eskuinaldeko kaiolaren hondoko horman “Gora Euskal Herria Askatuta” idazkuna ageri da. Eusko Gudanak kantua entzungo da. gizon bat agertuko da kantan, presozaina mozorrotua bizkartzain duela.

 

GIZON BAT:

 

Eusko Gudariak gara

Euskadi askatzeko,

gerturik daukagu odola

bere aldez emateko

 

PRESOZAINA: Ixo! Isiltzeko! Rapport-a jarriko dizut iskanbila egiteagatik! Beste presoak esnatzen dituzu! Hau isolamendu kartierra da!

GIZON BAT: (jaramonik egin gabe kantuan jarraituko du)

 

Irrintzi bat entzunda

mendi tontorrean,

goazen gudari denak

ikurrina atzean

 

(Idazkuna duen kaiolako atea irekita egongo da, agindu gabe sartuko da bertan. presozainak giltzaz, itxi eta alde egingo du).

 

GIZON BAT: (ukabila altxatuta idazkunaren aurrean) Gora Euskal Herria Askatuta! (Irrintzi egingo du). Iuffiii! (Dantza jauzi batzuk egingo ditu, gorputza astinduko du, korrikalditxo batzuk egiten hasiko da, gelditu eta kantuan hasiko da)

 

Kartzela honek sarrera dauka

barruan nago eta badakit

irteerarik baldin badauka

ezkutatu dute ederki

gora eta behera begira nabil

baina aurkitu ezinik

oraingoz irtenbide bakarra

dut bi begiak itxirik

 

(Bitartean, presozainak presoa ekarriko du eta ondoko kaiolan giltzapetuko. Atetzarraren zaratotsa entzungo den arren presozaina berriz agertuko da, eta izkina batean egongo da, isil, adi. presoa ere, eskuak burdina-hesietan, atetzarraren zaratari adi egongo da, adi ere gizon bat kantuan eta dantzan arituko den bitartean).

 

PRESOA: E! Le Basque! Bukatu al duk?

GIZON BAT: Bai.

PRESOA: Ondo izorratu duk matoia! Gozoa jarri duk! Horren etxean emazteak agintzen dik! Gaur ere larrutan egin gabe etorri zaiguk eta guk ordaindu behar!

GIZON BAT: (Isilik).

PRESOA: Korreorik jaso al huen atzo?

GIZON BAT: (eskua poltsikora darama):

            Bai.

PRESOA: Etxekoena?

GIZON BAT: Neskalagunarena.

PRESOA: Zer moduz zagok?

GIZON BAT: Ez zekiat. Ez diat oraindik irakurri.

PRESOA: Nik ere arratserako uzten ditiat. Jasotzen ditudanean.

 

(Isilunea. presoa burdina-hesiari helduta, burua gizon bat dagoenera itzulita. gizon bat dantzan hasiko da: “Zazpi jauziak”).

 

PRESOA: E! Le Basque!

GIZON BAT: (dantza eten eta atera hurbilduko da):

            Zer nahi duk?

PRESOA: Oso interesgarria herenegun utzitako aldizkaria. Irakurri diat. Arratsaldeko matoia sasikumeegia ez baduk bueltatuko diat. Egia al da Espainian torturatzen dutela?

GIZON BAT: Bai.

PRESOA: Ni atxilotu nindutenean poliziek sekulako zaplaztekoak eman zizkidaten. Emaztea ere atxilotuko zutela mehatxu egin zidaten... , ez zidaten lo egiten utzi.

GIZON BAT: Salatu al duk?

PRESOA: Zer salatu behar nuen?

GIZON BAT: Ezer ez.

 

(Isilunea. gizon bat soinketa egiten hasiko da, lepo bueltan ekarri duen lehortzeko zapia tolestuta jarriko du lurrean, eskuak bertan bermatuta bular giharrak lantzeko beso-flexioak egiten hasiko da).

 

PRESOA: E! Le Basque!

GIZON BAT: Zer?

PRESOA: Zertan ari haiz? Kirolean?

GIZON BAT: Bai. Zer nahi duk?

PRESOA: Ba al duk azukrerik soberan?

GIZON BAT: Bai.

PRESOA: Igorriko al didak gero?

GIZON BAT: Matoiak ez dik nahi izango. Badakik. Hik ez badiok eskatzen, niri ez zidak deus onartuko.

PRESOA: Utzi nire kontu. Hik prestatu daukaana eta igorriko diat arratsaldeko matoia. Uste diat oso sasikumea ez den baten txanda dela. Badakik, burusoilarena.

GIZON BAT: Badakik ez diedala aurpegira begiratzen.

PRESOA: Zergatik?

GIZON BAT: Ez dudalako beren aurpegien oroitzapenik nahi.

PRESOA: Nirearen oroitzapenik bederen ez duk izango. Ez zigutek elkar ikusten utziko. Tira, ez duk asko galtzen. Ez nauk-eta Tom Cruise!

GIZON BAT: Elkarren ahotsarekin konformatu beharko gaituk. Zenbat denbora daramak isolamenduan?

PRESOA: Bi urte.

GIZON BAT: Ez al duk ateratzeko saiorik egin? Hau tortura hutsa duk!

PRESOA: Ohituta nagok. Hemen hobe nagok. Ziegan bakarrik. Modulu arruntean binaka, hirunaka eta baita launaka ere sartzen gaitiztek. Hemen lasaitasuna zagok. Ni oso pertsona urduria nauk, eta beti ditiat istiluak beste presoekin.

GIZON BAT: Eta matoien krudelkeria? Miaketak, biluzteak, mesprezua, ziega-aldaketak, gauetako zaintze-txandakoen sadismoa... Kartzelaratu nindutenetik ez diat gau oso bakar bat bera ere egin. Orduro esnatzen naitek.

PRESOA: Ohituko haiz. Laster, atean kolpea jotzen diatenean oharkabean mugituko haiz, eta kito!

 

(Isilunea. Oraingoan gizon bat ez da burdina-hesitik urrunduko. Biak isilik egongo dira).

 

PRESOA: Le Basque! Ba al duk tabakorik?

GIZON BAT: Esana diat erretzeari utzi niola.

PRESOA: Gauza ona duk hori, bai jauna! Nik saiatu arren ez diat lortzen ba! (Isilunea). Aizak, hilabete honetako mandatua ez zaidak iritsi eta estu nabilek, kantinatuko al didak tabako pakete bat?

GIZON BAT: Bai.

PRESOA: Eskertzen diat. Dirua jasotzean bueltatuko diat. Hik esan zer nahi duan kantinatzea eta erosiko diat. Igandetako pasteltxo bat edo, zer iruditzen zaik?

GIZON BAT: Ez, ez, uztak, behar dudan guztia badiat.

PRESOA: Nahi duan bezala. Aizak, biltzeko tabakoa izan dadila, e? Gehiago iraungo zidak. Eta biltzeko papera ere, ez bazaik inporta.

 

(Isilunea. gizon bat ez da mugituko. Biak egongo dira eskuekin burdinazko hesiari helduta).

 

PRESOA: Ba al duk ordua?

GIZON BAT: Bai. Gaur ez zidatek kendu ordularia.

PRESOA: Asko falta al duk promenada denbora bukatzeko?

 

(Taula-gaina iluntasunean murgilduko da poliki-poliki).