Z ber 2
Mikel Antza
Z ber 2
Mikel Antza
Ataramiņe, 2013

 

V. eszena

 

gizon bat bere kaiolan soinketa ariketak egiten ariko da. Ondoko kaiolako atea ireki eta presozain bat barrura sartuko da. Zaratak entzutean gizon bat anketak utzita burdina-hesira hurbilduko da.

 

GIZON BAT: (Zain egongo da une batez) Ahmed! Ahmed!

PRESOZAIN BAT: Ez, ez nauk Ahmed, Georges nauk.

GIZON BAT: Georges? (isilunea) Iritsi berria al haiz?

PRESOZAIN BAT: Bai eta ez.

 

(Isilunea. Biak egongo dira burdina-hesiari helduta. Nork zer esango zain).

 

PRESOZAIN BAT: Aspalditik al hago hemen?

GIZON BAT: Lau hilabete.

PRESOZAIN BAT: Hainbeste! Ufa!

GIZON BAT: Ez duk hainbeste. Ahmedek bi urte zaramatzak. Eramango zitean. Azken egunotan ez diat bere berririk. Leihotik deituta ere ez zidak erantzuten. Bitxia duk. Alde egin aurretik abisatuko zidala esan zidaan. Ez ziotean aukera emango.

PRESOZAIN BAT: Nongoa haiz?

GIZON BAT: Euskalduna nauk. Eta hi?

PRESOZAIN BAT: Ni frantsesa nauk.

GIZON BAT: Baina nongoa?

PRESOZAIN BAT: Bertakoa. (Isilunea). Zergatik hago hemen?

GIZON BAT: Harrapatu nautelako.

PRESOZAIN BAT: Barka ezak, motel. Ez baduk horretaz hitz egin nahi...

GIZON BAT: Euskal Herriaren alde borroka egiteagatik nagok hemen.

PRESOZAIN BAT: A! Bai! Hi haiz terrorista!

GIZON BAT: Terrorista ni harrapatu nautenak dituk.

PRESOZAIN BAT: Barka ezak, motel! Ez hindudan mindu nahi.

 

(Isilunea. gizon bat burdina-hesitik urrunduko da pentsakor).

 

PRESOZAIN BAT: E! Le Basque!

GIZON BAT: Zer?

PRESOZAIN BAT: Zer nolakoak dira hemengo matoiak?

GIZON BAT: Sasikume galantak. Niri behintzat ez zidatek lorik egiten uzten. Etengabeko miaketak jasaten ditiat. Posta ere nahi dutenean ematen zidatek.

PRESOZAIN BAT: Ba al duk ordurik?

GIZON BAT: Ez! Gaur ere ordularia kendu zidatek hona irteterakoan.

PRESOZAIN BAT: Horiek dituk horiek sasikumeak! Ordularia ere kentzen diate?

GIZON BAT: Eta hori gutxienekoa duk. Beren zeregin bakarra gu nola zanpatu asmatzen ibiltzea duk. (Isilunea) Georges, ez duk nire kontua, baina hi zergatik hago hemen?

PRESOZAIN BAT: Iruzurragatik.

GIZON BAT: Ez, ez, ez duk hori nire galdera. Zergatik ekarri haute isolamendura?

PRESOZAIN BAT: Ihesaldi saiakera batean harrapatu gintiztean. (Isilunea). Nik ezagutu ditiat euskaldun batzuk lehenago ere... Nola zuan... Iņaki izeneko bat bazegoen, La Santen...

GIZON BAT: Badakik, euskaldun asko gaituk kartzelan. Iņaki izen arrunta duk.

PRESOZAIN BAT: Oso jatorra zuan. Denei ematen ziean laguntza. Hiruzpalau euskaldun ibiltzen zituan beti elkarrekin. Beti kirolean, askotan protesta egiteko afixekin ateratzen zituan etxartera. Elkartasun handia duzue zuen artean euskaldunok.

GIZON BAT: Bai.

 

(Isilunea)

 

PRESOZAIN BAT: Aizak, eta hemendik ospa egiteko asmorik ez al daukak?

GIZON BAT: (Isilune luzea) Ipuin bat kontatuko diat. Etzanda dagoen botila batean erle bat, euli bat eta xinaurri bat zaudek. Botilaren ipurdian argi bat zagok piztuta. Erlea, argiak erakarrita botilaren ipurdira itsatsita, ez duk inoiz aterako bertatik. Euliak, noraezeko hegalaldi zoroetako batean ustekabean botilaren ahoko zulotik ateratzea lortuko dik agian. Xinaurriak ordea, mantso-mantso, botilaren bazter guztietatik ibili ondoren, egunen batean ihesbidea aurkituko dik.

PRESOZAIN BAT: Oso polita hire ipuina. Ba al daukak planik?

GIZON BAT: Georges, ez bazaik inporta neskalagunak igorri didan gutuna irakurri nahi diat.

PRESOZAIN BAT: Nola lortu dun gutuna ekartzea!

GIZON BAT: Galtzetan gordeta, zer ba?

PRESOZAIN BAT: Besterik gabe, harritu naik, presozainak oso zorrotzak dituk-eta... (Isilunea). Gustu duan bezala egin ezak, irakur ezak gutuna. Zerbait nahi baduk deitu, hemen egongo nauk.

GIZON BAT: Georges.

PRESOZAIN BAT: Zer?

GIZON BAT: Zein ziegatan sartu haute?

PRESOZAIN BAT: 7.ean.

GIZON BAT: Hori zuan Ahmedena.

 

(Biak geldituko dira burdina-hesiari helduta, bata bestearen norabidean begira. Argiak pixkanaka apalduko dira).