Z ber 2
Mikel Antza
Z ber 2
Mikel Antza
Ataramiņe, 2013

 

VI. eszena

 

gizon bat bere kaiolan, ateko hesiari helduta, zain, beste inor noiz ekarriko adi. Zarata entzungo da. presozain bat agertuko da. Ondoko kaiolako atea ireki eta, sartu gabe, itxiko du.

 

GIZON BAT: Ahmed!

 

(Isilunea)

 

GIZON BAT: Georges!

 

(Isilunea)

 

GIZON BAT: Georges! (Isilunea) Ahmed!

 

(Isilunea)

 

GIZON BAT: (Kantan)

 

Txikia zuen guda izena,

bera gizon osoa izan arren

Mendizabal, Sasetaren hurrena

biak txiki, bizkor eta lerden.

 

Saseta hil zen gudarien aurrean,

Mendizabal hil zaigu bakarrik

Baina biek daukate

Herri osoa atzo eta gaur euren atzetik

Euskadirentzat hil dire ta

gorputzak arantzaz beterik

 

Harro hadi Kantauri itsasoa,

eta haien betiko loa,

betiko kanta ezak

geroari esaiok olatuetan,

Herri zaharrak ez direla itzaltzen.

 

Gure haurrek biharko ikastoletan,

heien izenak abestu ditzaten

Herriarentzat biak hil baitziren.

 

GIZON BAT: Inor al dago? (Isilunea) Nor zara?

 

(Isilune luzea. gizon bat ateko burdina-barrei helduta adi egongo da. presozain batek zigarro bat piztuko du

 

GIZON BAT: E! Nor haiz? (airea usnatzen hasiko da, zigarroaren usaina datorkio) Nor dago hor? Ahmed? Georges?

PRESOZAIN BAT: (Isilik, giltzatakoari eragingo dio).

GIZON BAT: Sasikumeak! Gora Euskal Herria Askatuta!

 

(Argia bat-batean itzaliko da. Eta segituan argi fokuak aginteduna erakutsiko digu).

 

AGINTEDUNA: Ez dago zertan gauza nahaspilatu. Zuria, zuria da. Beltza, beltza. Ona eta gaiztoa. Ona eta txarra. Ongilea eta gaizkilea. Parte onekoak eta malapartatuak. Gaiztoak biolentoak dira. Ez baitute onartzen legearen agintea. Komunitatean bizi nahi badugu, beharrezkoa da arauak errespetatzea. Norberaren libertatearen muga non dagoen jakin behar da. Non dago nirearen muga? Hortxe, zurearen muga-mugan. Eta muga gainditzen badut legearen zama nigan eroriko da. Adibidea besterik ez da, noski. Baina badago irakasgai hain xinple eta erraza ulertzen ez duenik. Ulertzeko indarrik egin ez duenik, egiten ez duenik eta sekula egingo ez duenik. Eskolan irakaslearen esanei kasu egin ordez, eulien hegaldiekin ametsetan ibilitakoak. Eskolara joan ordez piper eginez libertitu den jendea. Nahi dutena egin dezaketela uste duten lotsagabeak. Jende hezigabea eta biolentoa. Gaizki heziak. Jende hori atzipetu behar da, jende hori zigortu egin behar da, jende hori zuzendu egin behar da, jende horri erakutsi egin behar zaio zein den bide zuzena, eta bide zuzenetik xuxen ibiltzen erakutsi ere egin behar zaie, esanekoa izaten, otzana. Gizartetik kanpo ibiltzearen ordaina zein den erakutsi egin behar zaie. Eta biolentzia erabiltzen duenak jasoko duen ordaina bortxazkoa izango dela. Nork erakutsi behar die hori ordea? Zuek? Ez noski. Hain zuzen ere, zuek huts egin duzue. Eta zuek huts egin duzuelako agertzen gara gu agertokian (esateko modua besterik ez da, noski). Gure lana da okerreko bidetik dabilena bide zuzenera ekartzea. Saiatzea, bederen. Ez baita lortzen erraza. Bazenekite! Baina, gutxienik, okerreko bidetik ibilitakoei ordainsaria ordainarazten diegu. Guk egiten dizuegu lan zikina. Inork egin nahi ez duena egin behar izaten dugu, bai. Eta ez da gustuko lana. Zin degizuet. Zuen lasaitasunaren zaindari-lana gogorra eta esker txarrekoa da. Nolanahi, egin beharrekoa. Horretarako ordaintzen diguzue. Eta horregatik preseski, batzuetan gure lanaren kritika egitera ere ausartzen zarete. Mingarria da, zinez. Min egiten diguzue bihotzaren barru-barruan. Giza eskubideak ez ditugula errespetatzen? Gaizkileak sufritzen duela? Eta zer nahi duzue? Ba al dakizue zer egin duten? Zer txarkeriak! Zer izugarrikeriak! Zuen etxeetako egongelako goxoan, besaulki amultsuetan ondo jarrita, telebistako sailetan ikusten dituzuenak ez dira deus guk egunero aurre egin behar diogun izugarriarekin alderatuz gero. Nahi al duzue esatea zer jende odol-gose, sadiko, terroristekin bizi behar dugun egunero? Eta bide onera ekarri behar ditugu gainera! Errazago litzateke sugegorriaren edena edangarri bihurtzea! Aski kalaka, lana dugu eta!

 

(agintedunak txalo jo eta itzaliko da argia).