Z ber 2
Mikel Antza
Z ber 2
Mikel Antza
Ataramiņe, 2013

 

X. eszena

 

Ondoko kaiolan egongo da gizon bat. Kaiola honetan ere, hondoko horman, lehen ez zegoen idazkun bat agertuko da orain: bukatu gabeko “Gora E”.

 

(gizon batek presozain bat inguruan ez dagoela ziurtatu ostean, zaintze-kamerari bizkar emanez sagar bat aterako du hankartetik).

 

GIZON BAT: Lortu diagu! Tatxan! (mago baten plantak eginez sagarra desagertu eta agertaraziko du pare bat alditan, eta azkenean kameran erakutsiko dio) Arranopola! Sagar bat! Nondik heldu ote da? (Gora begiratuko du). Hegoaldera doazen txorietako bati eroriko zitzaion bizkar-zorrotik. Milesker sagar-txori maitea! Entziklopedian begiratu behar dut nolako lumajea dunan. Hurrengoan ahal badun sagardo botila bat ekarri, gustura edango niken! Eta txuleta-txori ikusten badun, esaion sagardoaren lagungarri txuleta eder bat gogotik jango dudala ere. Eta intxaur-txori, irasagar-txori eta gasna-txoriri ere esan itzuliņo bat egiteko infernu gainetik. Helbidea baduzue, ezta? Badaezpada ere berriz emango dizuet. Hartu luma bat eta idatzi: “Infernu-zulo-enea, Inora-ez Etorbidea, Infinitu zenbakia, azpi-azpiko solairua. Kode postala Bat-bat, alegia, hamaika, eta “K” bi aldiz: Hamaika Kaka”. (sagarrari begiratuko dio, besoa luzatuz) Jan ala ez jan, horra zalantza.

 

Aldapeko sagarraren

adarraren puntan,

puntaren puntan,

urkatua zegoen dantzari,

txiruliruli, txiruliruli

nork kantatuko ote du

soinutxo hori.

 

            (Kosk egingo dio sagarrari). Gerrikoa kentzen digute, oinetako sokak kentzen dizkigute. Gure buruaz beste egin ez dezagun, omen. Gainera, gauez, hilik ez gaudela ziurtatzeko, omen, argia pizten digute. Zein da helburua? Gu bizirik mantentzea, omen. Gure hobe beharrez ari direla esaten digute. (Isilunea). Loa txiki-txiki eginda, ametsak amesgaizto bihurtu zaizkit jadanik, kartzelarekin egiten dut amets, presozainekin, kaiola hauekin, kalera ateratzeko beldurrez nago ametsetan, eta kanpoan nagoela amesten badut kartzelara itzuli nahi dut segituan, hurrengo zaintze-txanda pasatu baino lehen. (Kosk egingo dio berriz sagarrari). Beren segurtasun neurri puntakoekin, ihesbiderik ez dagoela erakusten digute. Eta azpitik ulertarazi nahi digutena da, heriotzaren ihesbiderik ere ez dugula. (Kosk berriz). Baina, ez al zaizkigu orduantxe esaten ari hori dugula saia dezakegun ihesbiderik errazena: heriotza. Amaitu da infernua. Adio! Ihes egin dizuet. Eginahalak eta bi egin dituzue ihes egin ez dezadan, denik eta zaindaritzarik zorrotzena, zeta ber bi, jasanarazi didazue, eta itzuri egin dizuet! Barrez lehertzen nago nire gorpua aurkitu duzuenean jarri duzuen aurpegia irudikatzen dudan bakoitzean. (Bi koskada jarraitu sagarrari). Itxaron gela batean nengoela etorri zitzaidan gogora lehen aldiz, heriotza ihesbide izan zitekeela, alegia. Oso pentsamendu goxoa izan zen. Zain neraman bigarren orduan-edo izango zen, ate joka aritu arren ez zen inor nitaz arduratzen, ahotsak entzuten nituen, ez zen inor ageri ordea. Egin zizkidaten miaketa eta biluzte umiliagarri guztien ondoren egongela hartan sarrarazi aurretik, haien oharkabean, nire poltsatik liburua, ordularia eta gerrikoa berreskuratzea lortu nuen. Garaipena! Hara!, zuen segurtasun neurri guztiak pikutara! Ez naiz aspertuko, badut liburua irakurtzeko eta zer ordutan bizi naizen ere badakit, denbora neurtuko dut... eta ez zaizkit galtzak eroriko. Liburua irakurriz eta ordularia begiratuz pasatu zitzaidan lehen ordua. Ordutik aurrera hasi nintzen ernegatzen. Gelaren zoko guztiak begiratu nituen. Zoko zikinak, han goian leiho bat, kristal uger, burdina-barra eta sare. Eta izkina batean hoditeria. Gela hutsa, gela hitsa. Ni, liburua, ordularia eta gerrikoa. Tik-tak, tik-tak. (Sagarrari azken koskada). Eta beste ezer ez, haienganako gorrotoa hazten, animalia moduan itxita egoteak sortutako amorrua, hormetako idazkun guztiak irakurriz pilatutako etsipena. Zergatik ezin nuen pentsamendu goxorik izan? Zergatik ezin nintekeen gure barne-paradisuan babestu? Egongela horretako hormek kanpoko guztiarekiko isolatuta ninduten. (Sagar-mutxikina kaiolaren erdian utziko du, zutik). Ez zen erraza izango, baina hoditerian kokatu nezakeen gerrikoa. Egingarria zen. Bi ordu, hiru ordu, lau ordu. Inor ez. Ate-joka aritzea ere alferrik. Attendez un peu! Zakar, atearen bestaldetik, behatze-zuloaren estalkia ireki ere egin gabe. Ezin dudala ihes egin uste al duzue? Zuen eskuetan nagoela uste al duzue? Ikusiko duzue ba, ikusiko duzue! Onartu behar dut ere liburua ez zela on-on horietakoa. Sagarra, zuhaitza, txoria. Txoria kantari eta fruitu estrainioak dilindan. Txoria ezin da kaiola honetan sartu. Sagarra ezin da kaiola honetatik atera. Ez dago zuhaitzik. Fruitu estrainioa, gora eta behera dabilen hau. Itsasorik gabeko naufragoa. Botilarik gabeko mezua. Balerik gabeko talaiaria. Malkorik gabeko negarra. Barnetik erretzen nauen sugarra. (Isildu egingo da, irribarre egingo du, begirada urrunean galduko du). Bai, badakit, ez nago bakarrik, bakartuta naukate baina ez nago bakarrik. Zuen maitasunaz, herriaren indarraz arnas egiten dut infernu zuloan.

 

(Sagar-mutxikina eskuan hartu eta gora botako du, goiko sarean Zehar kanporatzen saiatuko da, behin eta berriz etsi gabe, argia pixkanaka apalduko den bitartean).