Z ber 2
Mikel Antza
Z ber 2
Mikel Antza
Ataramiņe, 2013

 

XI. eszena

 

Bi ziegak. gizon bat ohean etzanda dago, luze, gora begira, mugitzeke, argi-ilunean. emakume bat ziegan aurrera eta atzera dabil. Ziegako atea zabalduko da, presozain bat agertuko da eskuetan egunkari batzuk eta gutun bat dakarrela.

 

PRESOZAIN BAT: Posta!

EMAKUME BAT: (Hitzik egin gabe hartuko ditu presozainak emandako gutuna eta egunkariak. Mahaira eramango ditu. Egunkariak gainbegiratu eta gero gutunazalari begiratuko dio. Gutun-azala zabalduta egongo da, ez du zabaldu beharrik izango. Barruko orriak aterako ditu, dagozkien hurrenkeran txukunduko ditu, eta ziegaren erdian zutik, mugitzeke, irakurriko du). Non zeundeten hil nintzenean? Ez dizuet galdetzen erruduntzat zaituztedalakoan, errukia eragin asmoz, kontuak eskatzeko. Nola eskatuko dizuet konturik, nola senti dezakezue errukirik, nola izango zaituztet erruduntzat, hilda nagoenik ere ez badakizue? “Non zeundeten hil nintzenean?” nire heriotzaren unea zuen bizi-taupadekin ezkontzeko desioak sortutako galdera da. Ez dut galdetzen non arraio zeundeten, norekin zeundeten, zertan ari zineten, irriz ala malkoz, alai, triste ala soraio. Galdera “non zeundeten” da. Zein lekutan zeuden zeuen oinak, buruak beste nonbait egon arren, hil nintzen unean. “Non ote zeundeten” galdetu behar nizuen gaizki ulertu oro ekiditearren? (Isilunea). Hil. Une neurtezina, dena huts bihurtzen duena, mugitzen dena zurruntzen, arnasa eteten, zerbait bukatzen, norbaitentzat, modu batez bederen, bestelako eztabaidetan ez sartzearren. Eta, “nire hil-une horretan zuek non” da galdera. Dena izoztu nahi banu bezala, zuen oinak lurrari itsatsi. Une batez. Mundua gelditu. Une hori iragana izanik, oroimenean atzera egin eta taupada guztiak, zuenak eta nireak, une horretan taupaka jarri. Hil nintzen arte. Eta gero, berriro ere, bizitzen segi. Zuek. (Isilunea). Hil nintzenean neroni non nengoen esango dizuet hasteko, garai hartan Kaxmirren lurrikara zen, Karibean urakana, Gazan misila, auzokoenean labana: kartzelan nintzen, berriro hil nintzenean. Arrunta da kartzelan hiltzea. Ohikoa. Ohitura. Ohikeria. Kartzelan hiltzeko era arrunt asko dago ere; hautazkoak, gehienak. Egunero hiltzen da norbait kartzelan. Norbera egunero hiltzen da kartzelan. Esan nahi dut indartsuek berpizteko adorea izaten dutela, biharamunean, berriro ere, gorputza, gorpua batzuetan, heriotzaren atzapar dultzeei emateko. (Isilunea). Heriotza eta Kartzela. Ulertu duzue dagoeneko. Sinonimoak dira. Kartzelan sartzea hiltzea da. Eta, hala ere, nolako bizi-grina, hori bizi-poza, zenbateko duintasuna, zer kuraia. Nolako bizi-mina, zenbat negar, hutsuneak betetzeko nolako erraldoi-lana, zenbat bihotz-fereka eta laztan. Eta zutitzea lortzean, irribarrearen arkitektura konplexua berriro ere eraikitzea lortzean, burdinazko tximeleta hegaldi batek desegiten digu guztia. (Isilunea). Gutxi behar da kartzelan, pertsona den bezalakoa ager dadin, eguneroko bizimoduaren inaute-mozorrorik gabe, apaingarririk gabe, makillajerik eta parpailarik gabe, aitzakiarik gabe, arroparik gabe, biluzik, hitzik gabe, alferrik baita hitz egitea, entzungo edo ulertuko duen inor ez dagoen lekuan, malkorik gabe, ez, malkoekin, baina inork ikusiko ez dituen unean. (Isilunea). Zer gehiago kendu behar didazue (bihotza, maitasuna, burmuina, ideiak, birika, arnasa), xuxurlatzen dugu, galdera egin izanaz damutuz segituan, erantzuna kartzelako atarian, hilerrietakoan bezala, irakurri baikenuen hona ekarri gintuztenean. Dena kentzen den egoitzan gauzkate. Dena eteten den bakarmortuan. (Isilunea). Xuxurlatutako galderaren oihartzuna airean dabil oraindik, heriotza agertu denean. Adibidez, hainbat gauza arbitrarioki kendu dizkigutela eta, zergatik utzi bizarra egiteko bitsa eta aitzurrak kendu? Zergatik utzi orri zuriak idaztekorik gabe? Zapatak soka gabe bezala utziko ligukete loa ametsik gabe, olatua itsaso gabe, txoria kanturik gabe, orratzik gabe ordularia, zentzu gabe hitza, gose greban jana eta egarri greban ura uzten diguten bezala, maite ditugunak ikusi gabe, paradisurik gabeko infernu honetan. Zergatik kentzen didazue gerrikoa? Zure buruaz beste egin ez dezazun. Zergatik esnatzen nauzue orduro? Bizirik ote zauden jakin dezagun. Hori txorakeria, erdietan hil naiteke-eta, lasai asko, loak hartu, amets egin, hil, akaso. Agian! Ez, ez. (Isilunea). Herioren kiratsak hartzen ditu izarak pixkaka. Maitasunez lurrintzen ditugu, memoriatik maitalearen usain guztiak, irudi guztiak, angelu eta dimentsio orotan, banan-banan, mingarriki erreskatatzen ditugu. Absentzia betetzeko, heriotzari lekurik ez uzteko, setiaturik, zenbat orduz eutsiko ote diogun, hil baino lehen, zenbat egun, aste, hilabete, urte, askatasuna arte. (Isilunea). Utzi dugu gorputza segadan, bagoaz hegan, zuengana, zuekin. Ez gara hemengoak. Hemen gaituzten arren. Hemen, hiltzen, gaituzten arren. Egunero pixka bat, egun batez osoki. Gure zelula guztiak eta bakoitza kartzelaz kutsatzen dira. Gure birikek kartzelaren laino pozoitua arnasten dute. Arnasari eutsita ere azal zuloetatik sartzen zaigu kartzela. Begietatik. Begi itxi itsuetatik bezala. (Isilunea). Nor etzan zen ni baino lehen lastaira honetan? Atzo. Nor etzango da ondoren? Bihar. Gaur, ni, gu gara. Hire gorputzaren kontra estututa, hire azala jantzita besarkatzen naut, harriduraz, gramatika ausartzen ez den lurraldetan, aditz laguntzailearen konbinatoriak etsi duen zingiran, maite gaitut. Euriak garbitzen, ilargiak argitzen eta eguzkiak berotzen digun giltzapeko bakardadean, trumoi eta tximisten artean oihu eginez, haragi biziarentzako kontainerrotan ferekatzen naut. (Isilunea). Jada ez naiz. Ez gose. Ez egarri. Hil hurren naiz. Maitasun minez. Teoria handirik gabe hiltzen ari zait gorputza. Hiltzera uzten naute, estatu arrazoiz, utzikeriaz, krudelkeriaz, gorrotoz, euskara gose eta egarriz, agortzen ari naiz. (Isilunea) Irratian entzun dut Soriako kartzelan nire buruaz beste egin dudala; iaz Fleurykoan egin nuen bezala. Irri mikatza egin dute nire ezpain zartatuek: izen berri bat euskal gudarien hiltegien zerrendarako: Albacete, Alcala, La Sante, Fresnes, Tres Cantos, La Salve, Martutene, Herrera de la Mancha, Intxaurrondo, Madrileko dgs, Espainiako errepideak, kartzela atariak eta kartzela osteak. (Isilunea). Basamortua atera zait hortz artetik. Hil egin nautela, nik dakit. Auzi medikuak besterik esango badu ere aztertu ezazue ondo nire gorpua. Nire heriotzaren erantzuleen izenak ditu gorderik bere baitan. Eta galdera bat mihian, inori konturik eskatzeko asmorik gabe, inor erruduntzat hartzeko asmorik gabe, inorengan errukia eragiteko gogorik gabe, nire heriotzaren unea zuen bizi taupadekin ezkontzeko desioz sortutako galdera soila: non ote zeundeten hil nintzenean?

 

(emakume baten ziegako argia bat-batean itzaliko da. gizon baten ziegako argia pixkaka itzaliko da.)