IX. eszena
gizon bat bere kaiolan. Artilezko txano bat du eskuan.
GIZON BAT: Erraza da. Hik esadak nik jakin nahi dudana, eta nik eginahalak egingo ditiat epaileak libre utzi hazan.
GIZON BAT: (Txanoa erantzi eta kaiolako beste aldera doa poliki, besoak atzean jarriko ditu, eskuak lotuta balitu bezala)
Ez dut esatekorik.
GIZON BAT: (Badator berriz lehengo aldera txanoa jantzi bitartean)
Begira, hortxe, hi hagoen aulki horretan eduki ditiat mordoxka bat. Asko hi baino sendoagoak. Eta azkarrenek nire proposamena onartu zitean. Lehenago ala beranduago. Hi azkarra haiz. Hi inteligentea haiz. Erakuts egidak nolako azkarra haizen. Hi ez haiz beste gaizkile txoriburu horiek bezalakoa. Hik ikasketak eginak dituk. Zer ikasi duk? (Isilunea) Ez al duk ikasi aukerak baliatu egin behar direla? (Isilunea) Gure artean: hau duk hire azken trena; gero, akabo! Bizi arterakoa duk zain!
GIZON BAT: (Txanoa erantziz lehengo lekura itzuliko da)
Ez dut esateko ezer.
GIZON BAT: (Txanoa jantziz poliziaren kokagunera joango da)
Ea bada. Futbola maite al duk? (Isilunea) Ez, noski, hi intelektuala haiz, hik ez dituk herri xeheak dituen afizio masifikatuak, hik antzerkia maite duk, ezta? (Isilunea) Eta irakurtzea. Tira, alde horretatik begiratuta zorionekoa haiz, jarrera egoskor eta zentzugabe horretan tematzen bahaiz, izango duk, bai, irakurtzeko aski denbora. Hik uste baino gehiago. (Isilunea) Badakik hire egoera horretan tematzen bahaiz seme-alabak gelaxka zikin batean eta hilean ordu erdiz baino ez dituala ikusiko? Badakik guztia galduko duala? Badakik dagoeneko guztia galdu duala?... (Galderak ahots doinu gero eta gogorragoz egingo ditu, eta bat-batean esan behar duena ahaztuko zaio. Galtzetako poltsikotik paper zimurtu bat aterako du, txanoa erantziz, marmarka irakurriko du, gero berriro txanoa jantziko du eta haria hartuz) - Bai... Badakik ez duala gehiago emaztea ikusiko? Bukatu duk zuen artekoa! Fini! (Isilunea). Baina oraindik baduk azken aukera bat, hire esku zagok oraindik, epaileak aske ez utzita ere, laguntzen badiguk baldintza hobeak lortzen lagundu hazaket. Kartzelan pasatu beharreko denbora ere laburtzea lortuko diat agian, nork daki... Hik hartu behar duk erabakia. (Isilunea). Hirea duk hitza.
GIZON BAT: (Presaka doa atxilotuaren kokagunera txanoa erantziz)
Ez dut ezer esateko!
GIZON BAT: (Hor bertan txanoa jantzi eta itzulia hartuz)
Bai! O, baietz! Asko duk esateko! Bai, txikito! Eta esateko dituanak, guztiak interesatzen zaizkiguk. (Doinua lasaituko du) Egia esatea nahi baduk, niri, pertsonalki, ez zaizkidak batere interesatzen. Badakik, nik (eskumuturrera begiratzen du ordularia balu bezala) ordu erdi barru bukatu diat laneguna. Hemendik atera, autoa hartu eta banoak etxera. Emaztea eta haurrak zain ditiat. Lehendabizi dutxa bero bat hartuko diat, gero goxoan afalduko diat, haurren eguneko gorabeherak entzunez, eta oheratzean emaztearekin larrutan egingo diat. Beraz, niri bost axola zaizkidak kolkoan gorde nahi dituanak. Hik ahoa ireki ala ez, niri berdin ordainduko zidatek. Hire hobe beharrez ari natzaik.
GIZON BAT: (Txanoa erantzi eta zorrotz erantzungo dio, beste ezer esateko tentazioa hortzen artean estutuz)
Ez dut ezer esateko.
GIZON BAT: (Txanoa jantziz, orain lasaiago poliziaren kokagunera joango da)
Eta orain usteko duk mehatxu egingo diadala, “ni banoak, orain zatozak astakirtenak, horiei dena esan beharko diek”... ez, ez, gu ez gaituk espainiarrak bezala, gu ez gaituk astapotro torturatzaileak, horiek alferrikako sistemak dituk. Lasterbideak dituk. Bazekiat, bai, zertaz ari naizen! Guk asmatuak baitira! Presa dagoenean erabili beharreko lasterbideak dituk. Haatik, guk ez diagu presarik batere. Denbora gure alde diagu. Tik-tak, tik-tak. Segundo bakoitzeko zuek ahuldu eta gu indartzen gaituk. Badakik, azkarrago ala beranduago denak eroriko zarete gure eskuetan. (Isilunea). Eta zuen metodo horiekin jarraitzen duzuen bitartean ez duzue ezer lortuko. Mundu guztia zuen aurka jartzea ez bada. (Isilunea) Begira, bazekiat pertsona diskretua haizela eta konfesio bat egingo diat: ni ez nagok zuen helburuen kontra, ondo begiratuta alde ere egon nintekek, kulturaren balioak defendatzea, herriarenak, herritarren arteko berdintasuna. Asko harrituko al haiz nire aitatxi euskaldun jatorrikoa zela esaten badiat?... (Isilunea). Erabiltzen dituzuen metodoak dituk arazoa! Mundua aldatu da! Biolentziarekin ezin da deus lortu! Gaur egun demokraziaren baloreak dituk tresna bakarra, defendatu zuen ideiak politika hutsarekin! Izan zaitezte buruargiak, izan zaitezte ausartak, zer arraio! (Isilunea). Horixe duk koska, azkenerako jende koldarra zaretela. Ez duzuela errealitatea den bezala ikusi nahi, errealitatea den bezala onartu nahi, errealitate hori aldatzeko baliabide demokratiko hutsak erabili nahi. Errealitatearen beldur zarete! Herriaren izenean mintzo zarete, baina herriaren beldur zarete!
GIZON BAT: (Txanoa erantziko du poliki. Ahoa irekiko du, baina ez du hitzik egingo. Bizkar emango dio poliziari)
Ez daukat deus esateko. Ez zuri behintzat. Baina hau hitz egin beharra dudana! Zorabiozko abiadan gurutzatzen diren esaldiz gainezka dut burua. Denak nahas-mahas. Eta ezin ehizatu! Geldiune laburregiak egiten dituzte. Zentzuzko ideia bat antzematen dudanerako gainerakoak hitzen basoan desagertu zaizkit! (Isilunea) Lo egin beharko nuke. Atseden hartu. Zuek besarkatu. Zenbat ordu daramagu beren eskuetan? Non hago? Non dauzkate gure haurrak? Zenbat gara atxilotuak? Noiztik izan ditugu zelatan? Banengoen bai lehengo egunekoa ez zela oso normala izan, usain txarra zuela auto horrek egin zuen maniobra. (Isilunea). Etorri behar zuena etorri da. (Isilunea). Ba al du inork eskulibururik?! Nola biziraun behar dugu hemen?! (Isilunea). “Ez dut ezer esateko”, bale, hori banekien eta primeran egiten dut. Eta ondoren? A! Hori al da dena? Urlasterrean gorputza joaten utzi, itsasoan olatu handiegiak datozenean bezala, aurre egin gabe, arnasari eutsi, batetik bestera, zurrunbiloan indarge, haien eskuetan. Ehizakiak bagina bezala. (Isilunea) Eta bitartean, hortzak estutu, dena behatu, aztertu. Ez pentsatu, ikusi, entzun, oroitu, guztia ondo irarri garunean. (Isilunea). Biziraun. (Isilunea). Borroka egin.
GIZON BAT: (Txanoa jantziko du poliki, poliziaren kokagunera joango da, erretzen duenaren itxura egingo du: poltsikotik tabakoa ateratzeko keinua, zigarro bat atera, tabakoa gorde, pospoloak bilatu, atera, zigarroa piztu eta lehen xurgadako kea sabairantz botako balu bezala)
Zer? Ez al didak ezer esan behar? “Ez dut ezer esateko” txatxu hori ere ez? (Isiltasuna). Euskaldunen elkartasunaz asko entzuten da, baina gero, egiaren orduan, zuei laguntza eman dizuetenak salbatzeko ere ez duzue deus egiten. (Isilunea) Pertsona heldua haiz hi. Entzun, zuenak egin dik, zuenak ez dik erremediorik, are mututasun horretan tematzen bahaiz. (Isilunea). Baina badakik ongi asko ez duela merezi zuen herriko gazteria horrela sakrifikatzen jarraitzeak. Egin ezak zerbait gazteengatik! Zuen seme-alabengatik! Borroka zentzugabe, borroka ero horrek jarraitzen badu zuen seme-alabek ere ordainduko ditek! Amaitzeko tenorea duk! (Isilunea) Onartu: galdu egin duzue. Porrot egin duzue. Ez zagok egunsenti iraultzailerik etorkizunean. Hori guztia txoriburuen literatura merkea besterik ez duzue. Beren egongelako epelean arduragabe batzuek errundako asmakeriak dituk, ameskeriak, ez hanka eta ez buru dutenak. (Isilunea) Bizitza hori baino sinpleagoa eta aspergarriagoa duk. Baina gozoagoa ere! Jaiki, gosaldu, lanera joan, lagunekin eta senideekin goxoan egon, bakantzetan joan. eta bizitza nola doan ikusi: haurrak hazten eta norbera zahartzen. (Isilunea) Alferrik duk bizitzaren norabidea aldatzen saiatzea. (Isilunea). Hi ez haiz sinestuna izango, noski. (Isilunea) Ni ere ez. Ez bederen erlijio eta horrelakoekin. Pertsonarengan sinesten diat nik. Konturatzen nauk ez haizela berez pertsona gaiztoa. Ziur aski asmo onez aritu haiz. Irtenbiderik ez dagoela konturatzean, sartuta dagoen zurrunbilotik nola atera ez dakienaren egoeran hagoela esango nikek. (Isilunea). Ni ez nauk jainko, baina irtenbide bat eskaintzen diat: amai dezagun erokeria hau guztia! Ekar dezagun bakea gurera eta zuenera! Azken finean, hurbiletik begiratuta interes berdintsuak ditugu-eta zuek eta guk.
GIZON BAT: (Txanoa kenduko du, baina ez da joango atxilotuaren kokagunera, kaiola erditsuan geratuko da)
Hau guztia ez ote da arruntegia? Zer interes du tortura fisikorik gabeko galdeketa eszena batek? Nola agertaraz dezaket arimaren sakonenean eragiten duten urradura? Norbera bere buruarekin bakarrik geratzen denean, senide eta lagunengandik bereizita, telebista itzalita, liburua eta idaztekoak albo batera, goi mendi batean balego bezala, baina haize fresko osasuntsuaren ordez, infernuko zulo sakonen honetako gorroto, mendeku eta beldurraren kiratsak besarkatuta, eta ikusmiran, ez esnezko lainorik, ez bailara sakon ikusgarririk, ez eta urrunean betiko elurrez apaindutako gailur ederrik, baizik eta horma zikinak, idazkun txatxu edota desesperatuekin, eta zoru lirdingatsuak. nola eman orduan garunean onddo pozoitsuak bailiran hazten diren pentsamendu ilunen berri? (Isilunea). Sekula ibili gabeko bideetan goaz, albo bietara amildegi hondorik gabeak dituzten bidezidorretan, abaila arriskutsuz. Bazeudenik ere uste ez genuen azpimunduetan igeri egiten dugu, ozta-ozta. Ahoa irekiz gero ur uherrak irentsiko ditugu, itoko gara; ahoa irekitzen ez badugu, ordea, arnas gabe itoko gara. Ahoa irekitzean, ur uherrak irentsi eta goitika egin ondoren gure minen berri ematen hasten garenean, ba al dugu entzulerik? (Isilunea). Inor egotekotan ulertzen al du ezer? (Isilunea). Ez. Ezinezkoa da. Ez baita asmatu arimaren argazkia egiteko makina. (Isilunea). Aurpegia ubeldua banu sikiera. (Isilunea). Nola adierazi behar dut ohean etzan eta haur ttipi baten negarra eragiten didan min hau. Hemen dut bihotza. Bihotzean min dut. (Isilunea). Non dut ordea beste min hau eragiten didan organoa? Buruan? Aspirina bat, mesedez. (Isilunea). Gillotinatxo bat, s’il vous plait.
(Zarata metalikoa entzungo da, gizon bat, hariak moztutako Xotxongilo bat bezala, ziplo eroriko da lurrera, aieneka. Argia itzaliko da, gizon bat ilunpean utziz. Argi fokuak aginteduna argituko du).
AGINTEDUNA: Hau bai dela handia! Pertsona ona dela usteko du oraindik. Gillotina bat! Hori bai lasterbidea! Ez, ez, ez, gillotinarik ez! Ikuskizun zenean bai, noski. Herriak gaizkilearen amaiera ikusten zuen, eta ikasten zuen, disfrutatzeaz gain. Baina gero, batek daki zein moral eta etika hipokritan oinarrituta, exekuzioak espetxeko hormen atzeko bakardadean egitera behartu zituztenean, zertarako gillotina? Noren eskarmenturako? Tresna indargabetua bihurtu zen, ez bazen taldetxo odol-gose sadiko batentzat. Erraza! Gillotina, eta fini, voilā. Ez, ez, ez. Sufritu egin behar duzue, zuen egintzak ordaindu. Infernuan gillotina dagoela uste al duzue? Infernuan su eztitan egosten dira bekatariak eta kriminalak, betirako, amai gabe. Egin bedi zure nahia infernuan bezala lurrean ere. Hori bai asmakizuna! Su eztitan, motel! Labana kamutsarekin zainak moztea bezala. Odolustu, bai, baina tantaka. (Isilunea). Burua moztu ordez garuna burezurrean zimeldu. Eta gero, bai, Luziferren txanda. (Isilunea). Badakit zer esango didazuen: kartzela barruko sufrimenduaren berririk ere ez duela gizarteak. (Isilunea). Egia diozue. Aitor dut. Arrazoi oso-osoa duzue: sistema ez da perfektua. Baina zer nahi duzue!, ezin hasiko gara kartzelen barrunbeak erakusteko bidaia turistikoak antolatzen! (Isilunea). Halere, ari gara akats hori konpontzeko ordezko bideak lantzen. Egin kontu gaur egun ez dela lehen bezala, gaur egun ia edonor joan daiteke kartzelara denboralditxoa pasatzera, “bakantzetan”! (Barre egingo du bere ateraldiarekin harro) Ez da gaiztakeria handiegirik egin behar. Erraztasunak ematen ditugu. Arau-hauste txikiengatik ere, barrura! Eta onerako!, ez egin zalantzarik! Irtetean zenbatek ez ote digun eskertu kartzelan egindako egonalditxoa? Zenbatek ez ote digun esan kartzelako atarian: “milesker, ez dut inoiz gehiago legea hautsiko, ikusi dut, eta ikasi dut”. Adio, betirako. Au revoir-ik ez. Bezero bat gutxiago, eta doako propaganda guretzat! Gizartearentzat! (Isilunea). Baina, zertaz ari ginen? Ez al dut haria galdu? Gillotinari buruz ari ginen.
(Gillotina baten labanak erortzean egiten duen hotsa entzutearekin batera itzaliko da argia, bat-batean, agertokia ilunpean utziz).