II. eszena
Taula-gainean bi kaiola. Atea zabal, biak.
(gizon bat sartuko da, atzetik presozaina, mozorrotuta. presozainak keinuz aginduko dio azken kaiolaraino joateko. Kaiolan sartu ahala atea itxiko dio, eta alde egingo du. gizon bat kaiola erdian, geldirik, ingurura begira egongo da. Begiradaz espazio txikia neurtuz; urratsen neurtzeari ekingo dionean burdinazko atetzarraren zarata entzungo da, atera hurbilduko da gizon bat).
(presozainak presoa ekarriko du. gizon baten ondoko kaiolan sarraraziko du. presozaina badoa berriz. presoa kaiolako burdina-hesiei lotuta dago, adi. Burdinazko atetzar baten zarata entzun arte).
PRESOA: Joan da azkenerako. Va niquer ta grand-mère, pédé! Ea promenadako ordubetea bederen arnasa lasai hartzen uzten diguten! (Isilunea) E! Le Basque! Hor al hago?
(gizon bat burdina-hesira hurbiltzen da, poliki).
PRESOA: Le Basque! Hor al hago? Beste ezer behar al duk?
GIZON BAT: Nor haiz?
PRESOA: Higandik hiru ziegatara duan auzokidea.
GIZON BAT: Hik igorri al dizkidak ura berotzeko erresistentzia eta Ricorea?
PRESOA: Bai, bai.
GIZON BAT: Milesker.
PRESOA: Eta... beste ezer behar al duk? Eska ezak lasai.
GIZON BAT: Ez, ez diat beste ezer behar. Milesker. (Isilunea). Hik behar al duk zerbait?
PRESOA: Har ezak boligrafoa eta hasi apuntatzen... xanpaina, kabiarra, emakume eder bat, zerra, soka... Uztak, uztak! Txantxetan ari nauk! Hemendik ateratzeko modurik aurkitzen baduk pasatu errezeta, ados?
(Isilunea)
PRESOA: Ahmed nauk. Jakingo bahu nolako zalaparta ibili duten hi hona ekarri aurretik. Denak hituen zain. Ura berotzekoa erosten duanean, itzuli egidak nirea. Kito horrekin.
GIZON BAT: Ados. (Isilunea) Badakik nor naizen, beraz.
PRESOA: Bai, bai.
(Lehengo burdinazko ate zarata berdina entzungo da).
PRESOA: Bazetozak. Zer arraio nahi ote dute orain! Kaiolako ordubetea ere ez zigutek lasai uzten beren ama ustelen sasikume hauek.
(presozaina agertzen da, presoaren kaiola aurrera doa, atea ireki eta jarrai diezaion keinua egiten dio. Bitartean, gizon bat burdina-hesiari lotuta egongo da, adi).
PRESOA: Aio Le Basque! Banaramate, ez zekiat zer nahi duten. Bihar arte!... Kartzela Administrazioak nahi badu.
(Burdinazko atetzarraren zarata entzungo duenean gizon bat kaiola neurtzen hasiko da berriz zenbat oin egiten dituen zenbatuz, besoak trapezioko artista baten antzera zabalduz, oreka jolasean).
GIZON BAT: Baga, biga, higa, laga, boga, sega..
(Zabalera eta luzera neurtu ostean, beso zabalik geldituko da kaiola erdiari).
GIZON BAT: (Kantari)
Hegoak ebaki banizkio nirea izango zen,
ez zuen alde egingo,
hegoak ebaki banizkio...
(gizon baten kantua apalduz batera, taula-gaineko argia ere apaldu egingo da pixkanaka. Norena ote den jakiterik ez dagoen aiene bat entzungo da ilunpean).