XII. eszena
Bi kaiolak. Batean gizon bat dago, bestean presozain bat. Burdina-hesietan daude, norbera bestearen alderantz begiratuz, elkar ikusten ez duten arren.
PRESOZAINA: Kartzela askotan egona al haiz hona etorri baino lehen?
GIZON BAT: Ez ninduan ni etorri, ekarri egin ninditean. (Isilunea). Batzuetan bai.
PRESOZAINA: Zeintzuetan?
GIZON BAT: Bresteko gotorlekuan, Clairvauxeko zentralean, Moulinseko isolamenduan, Naonedeko isolamenduan...
PRESOZAINA: Hori duk hori ezin gelditua!
GIZON BAT: Eta hi?
PRESOZAINA: Nik ere batzuk ezagutu ditiat: Fresnes, Fleury, Les Baumettes, Tolosako kartzela zaharra, Val-de-Reuil...
GIZON BAT: Ez zagok gaizki.
PRESOZAINA: Lehen aldia al duk kartzelan?
GIZON BAT: Bai.
PRESOZAINA: Baita ni ere... Kontua duk behin sartu eta ez naizela oraindik atera!!!
(Barre egingo du).
GIZON BAT: Zenbat denbora daramak barruan?
PRESOZAINA: Aurtengoarekin hamar egingo ditiat. Gazte hasi ninduan eta...
GIZON BAT: Eta ateratzeko datarik?
PRESOZAINA: Puska baterako diat. Eta hik? Zer ziotek hire abokatuek?
GIZON BAT: Nirea politikoa duk. Abokatuek ezer gutxi egin zezaketek.
PRESOZAINA: Baina zenbat eskatzen ditek.
GIZON BAT: Ez diat begiratu.
PRESOZAINA: Terrorismo aferak beroak dituk. Hildakorik al daukak?
GIZON BAT: Esan diat ez dudala begiratu zer egozten didaten. Dena dela guretzat beti duk eskaera handiena. Guretzat aldatzen ditiztek legeak, espresuki.
PRESOZAINA: Baina zuen borroka horrek ba al dik etorkizunik? Nik ez diat uste inoiz ezer lortuko duzuenik.
GIZON BAT: Asko lortu diagu dagoeneko. Bizirik zagok gure Herria.
PRESOZAINA: Bai, bai, nik ulertzen diat zuen borroka, e? Baina erabiltzen dituzuen metodoak dira arazoa.
GIZON BAT: Noski hiri hobe irudituko zaik bonba atomikoa erabiltzea...
PRESOZAINA: Ez, ez, esan nahi diat ez duzuela irabaziko inoiz. Frantziak eta Espainiak ez ditek sekula Euskal Herria utziko.
GIZON BAT: Ikusteko zagok.
PRESOZAINA: Zenbat denbora daramazue borrokan? Merezi al du?
GIZON BAT: Eta nola!
PRESOZAINA: Baina sufrimendua baizik ez duzue eragiten, besteei, zuei eta zuen senitartekoei.
GIZON BAT: (Isilik).
PRESOZAINA: Ez al duzue hobe bide baketsuetatik borrokatzea?
GIZON BAT: Zein bide baketsu erabili behar dugu?
PRESOZAINA: Hauteskundeak, jendea konbentzitu,.
GIZON BAT: (Ahoa irekiko du, ez du ezer esango ordea).
PRESOZAINA: Armak erabiltzen dituzuen bitartean normala ere bada, ezta? Mehatxupean ez dizuete ezer onartuko.
GIZON BAT: (Ahoa irekiko du eta hitzak ahoskatu arren ez da hotsik entzungo).
PRESOZAINA: Ausarta izan beharra zagok bizitza honetan. Norberaren porrota onartu eta kito. Gizartearekiko zorra ordaindu.
GIZON BAT: (Berdin jarraituko du, isilean ahoskatuz).
PRESOZAINA: Gizonki jokatzen jakin beharra zagok. Hi bahaiz bada indarra nork duen, boterea nork duen, azken batean arrazoia nork duen ikusteko bezain buru argia. Horrela iruditzen zaidak niri bederen.
GIZON BAT: Aizak, Georges.
PRESOZAINA: Zer, Le Basque?
GIZON BAT: Gora eta!
PRESOZAINA: Zer?
GIZON BAT: Gora eta!
(presozain bat isilik geratuko da argiapixkaka apaltzen den artean).