M.I.-ri eta isolamendura zigortutako burkideei
Atarikoa
Z2 idazten hasi nintzenean alferrikako zereginean nenbilela pentsatu izan nuen, hain zuzen ere, 2006an “Loiolako prozesua” izenez bataiatu zen horren erdian geunden. Bazirudien, berriro ere, gure Herriak jasaten duen zanpaketa gainditze bidean jartzera zihoala, eta pentsatu nuen, baikorren sokakoa izaki, agian gisa horretako antzezlanek ez zutela inolako zentzurik izango.
Urteak joan dira geroztik, eta presoon etorkizunaren pareko bihurtu da nire antzezlantxo honen patua ere, atera nahi eta ezin. Arrazoi bat zela edo bestea zela, urtez urte bere argitalpena bertan behera gelditu da. “Hainbat hobe” pentsatzen nuen tarteka, antzezlanaren azken eszena gogoan, pixka bat xalo eta barregarri gelditzen delakoan.
Zazpi urte joan dira ia geroztik, eta euskal presoak beti espainiar eta frantses kartzeletan gatibu jarraitzen dugu; Z2 bezala, ezin argia ikusi.
Azkenean, itxura denez, aurtengoan bai, moldiztegia (eta sarea ere agian) ezagutuko dute isolamenduko oroitzapen gordinegiak dakarzkidalako berriro ere irakurri nahi izan ez dudan lantxoak.
Duela denboratxo bat burkide batek aipatu zidan antzerki munduan dabilen norbait ezagutzen duela eta agian interesatuko litzaiokeela nire antzezlana. Beste gehiagorik gabe, hari antzezlanarekin batera igorri nion gutunean azaltzen ditudan azalpenak dira nire ustez aurkezpen-hitz egokienak.
Kaixo!
Jakin dut azkenean ez duzula nire antzerki “ospetsua” jaso, eta Itziarrek zure helbidea eman zidanez, hemen duzu kopia bat.
Azken urteotan Ataramiņe-koek argitaratu asmo izan dute, baina arrazoi bategatik edo besteagatik beti atzeratu da argitalpena... agian aurtengoan argitara emango dute azkenean.
Ez dakit zer antzerki mota egiten duzun/duzuen eta, beraz, antzezlan horretan agertzen direnak zure joerakoak izango ote diren.
Dena dela, nik antzerkigileak taldearekin lanean irudikatu izan ditut beti (eta izan dudan esperientzia urrian ere horrela izan zen, Beteluko Balnearioko Mirakulua. Hori horrela izanik, eta idazki horrekin zerbait egiteko asmoa bazenute, nahi duzuen moduan erabil dezakezuela esan nahi dizut.
Idazkia oinarri bat da, nire ustez; oinarri horretatik abiatuta osatu beharko litzateke jendarteari eskainiko zaion emaitza. Edo beste oinarri bat aberasteko osagaitzat ere erabil daiteke.
Zatiak kendu edo gehitu. Zati bat soilik erabili. Alegia, erabateko askatasuna duzuela nahi duzuena egiteko. Nola ez, inolako konpromisonk gabe kaxoi batean sartzekoa ere!
Antzezlanaren izenburua nondik datorren azalduko dizut. Aspaldian Jean Geneten Haute Surveillance itzuli nuen. Susak argitara eman zuen Zaindaritza Zorrotza izenburupean. Antzezlan honetako pasarte batzuek badute haren oihartzunen bat. Eta izenburuak ere horri egiten dio erreferentzia: Zaindaritza zorrotza: zaindaritza ber bi: Z2. (Bestalde, zigor ziega aipatzeko orduan gutunetan erabiltzen dudan laburdura ere bada hori).
Azkenik, zerbait egitea erabakitzen baduzue eta laguntza behar bazenute, nahi duzunerako hemen naukazuela jakin ezazu.
Besarkada bat
Reauko urrezko kaiolan bahituta,
2013ko irailean
Mikel Antza