Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

LEHENGOAK ETA MENDIR! KAPITANA; AZKENEAN ESPAINAR SOLDADUAK

 

(Mutil-dantza amaitzen dutenean, Mendiri kapitana estu eta larri sartuko da agertokian lehenago irten zen lekutik eta salto batean igo bedi berriz mahai gainera.)

 

MENDIRI: (Soldadu guztiak isil-araziz). Gudariak! Espainolak erasotzen (atakatzen) ari dira. Errepublikak inoiz baino gehiago zuen beharra dauka, Frantziaren Ebanjelio berria lurbira osoan zabal dadin. Lehenago igarotzen ikusi duzuen Narbona-ko gudari-taldea, ospez eta odolez betetzen ari da Perthus-ko gainetan. Gutxi dira eta deabruzko espainol horiek zeharo inguratu dituzte. Orain gure laguntza eskatzen dute, burdinazko hesi hori puska dezagun. Euskaldunak! Ez gaitezen Narbonatarrak baino gutxiago izan eta odolez iskriba dezagun gure kondairaren (historiaren) horrietan, Orreaga-ko geure arbasoak bezala, libertatearen zanpantzaile diren Borbontarren aurka iritsitako garaitia (garaipena, gurenda)! Biba Frantzia eta biba Errepublika! (Inork ez beza erantzun. Berehala mahaitik jaitsi bedi eta bere soldadu.engana zuzendu bedi aginkor). Har zuen fusilak eta zarraizkidate (jarrai zakizkidate). Oraintxe bertan atera behar dugu. (Pedro Mari eta Pello Larralde-ri) Hi, Pello, geldi hadi bertan Pedro Mari-rekin eta jo ezak deia atseden gabe, inguruetan sakabanaturik dabiltzan gudariak bil daitezen eta Ceret-era bialdu errejimendura batzeko. Hik, Pedro Mari, laguntza egin iezaiok Pello-ri lana amaitu arte eta gero presenta zaitezte biok Ceret-en gure errejimenduan. Han esango dizue zer egin.

PEDRO MARI: Ez al didazu esan ni libro gelditzen naizela, kapitan jauna?

MENDIRI: Bai, libro gelditzen zara, baina libertateaz ez zaitezke balia nahi duzuna egiteko. Gure agintariek erakutsiko dizue zer den gizon libro baten eginkizuna. (Ondoren bere soldaduei) Errepublikaren soldaduak: Martxan! Aintzina!

 

(Irten bitez Mendiri buru dutela. Pello deia jotzen has bedi eta horrela ariko da luzaro samarrean danborra atertu gabe jo eta jo, leher egin artean.)

 

PEDRO MARI: (Pello-k tarte batean atseden hartzen duenean). Ederki jotzen duk, mutiko, baina hemen ez duk inor agiri.

PELLO: Egia diozu; ez didate entzuten, nonbait. Neure ahalmen guztiaz ari naiz, baina alfer-alferrik. Badaiteke hilak jaikitzea, baina biziak... (Pedro Mari-ri farre-antxa irten bekio Pello-ren ateraldi hau entzutean eta mutikoak deia joka jarraituko du. Hontan, gudari talde baten hotsak eta zaratak entzungo dira, gero eta ozenago, hurbiltzen ari ala. Bat-batean tiro bat entzungo da bertatik bertara eta Pello Larralde hilotzik eroriko da odoletan blai, tiroa begi batetik sartu diotelarik buru zehar.)

PEDRO MARI: (Amorru bizian, haurraren hilotza begietsiz eta fusila hartuz haren heriotzea mendekatzeko). Eraileok! Zaretenok zaretela! (Apuntatzen du disparatzeko, baina, batbatean, bere gibeletik sartutako soldadu batzuek kenduko diote fusila eta preso har bezate. Begiratzen ditu soldaduen jazkiak eta ikusten duena sinetsi ezinik, ondorengo hitzok esan bitza gogoetsirik). Espainolak; galdua nauk!

 

Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982