Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

LEHENGOAK ETA MENDIRI KAPITANA

 

(Mendiri kapitana urrats sendo eta biziz sar bedi agertokian. Gizon txipi samarra da, bekoki estu eta txordo. 30/35 urte. Fanatiku hutsa izanarren, ezin disimulatu ditu apezgai izanaren manerak. Denek militarki agurtu bezate.)

 

JOANIS: (Pedro Mari-ri ahots apalez). Mendiri kapitana duk. Lehenago esan bezala, Azkarate-ko semea eta apezgai ibilia.

MENDIRI: (Aginkor). Ekar iezadazue aguro mahai bat edo kadira (jarleku) bat, bertatik hitz egin diezazuedan. Etsaia gainean dugu eta denborak urrea balio du. Non da gure aldera heldu den gizasemea?

JOANIS: (Pedro Mari aurkeztuz). Hemen duzu, ene kapitana. Pedro Mari deritza eta Errazuarra da. Espainolek bortxaz eraman zuten soldadu Nafarroa-ko Foruak urratuz, eta abagunea sortu zaion bezain laster gure aldera pasatu da. Esan beharrik ez neure aspaldiko laguna dela.

MENDIRI: (Pedro Mariganantz urreratuz). Bejondikela, adiskide! Beraz, siniskeriara eta despotismura lotzen hinduten kateak hautsi dituk! Aurki ulertuko ditek beste espainolek, Errepublikak erregeei egiten diela gudu eta ez herriei. Borboiez, fraidez eta inkisidorez libro gelditzen zaretelarik, Espainia bihozkoiak betiko esker ona gordeko ziok Frantziari. Hik betiko ospea edukiko duk, hire herrikideei aurreratu hatzaielako, hauek sineskerien mende baitaude oraindik. Zer egiten ditek orain? Dardariztatzen zeudek? Beldurrak ihesi zihoaztik gizadiaren mendekatzaile (bengatzaile) frantsesak eta arrazoiak Pirene burgoiaren ateak puska ditzaten baino lehen?

PEDRO MARI: (Apalki). Jauna, prediku ederra egin duzu, baina nik ezer gutxi ulertzen dut gauza hauez.

MENDIRI: (Pedro Mari-ri bizkarreko atseginkor bat emanaz). Ah!, adiskide, ez duk ulertzen? Alegia, esan nahi nikek, espainolek, frantses soldaduak ikusi bezain laster, sakabanaturik, lotsagarriro ihes eginen dutela.

PEDRO MARI: (Lotsakor eta apal). Ba, entzun dudanez, jauna, espainolek ez omen dute ihes egiteko asmorik, erasotzeko baizik.

MENDIRI: (Antustez). Eta sinesten al duk hori? Taju gabeko erokeria! Errege Katolikuaren jarraitzaile bilauak (doilorrak) Errepublikaren mugalde hauek ikutu bezain laster, apurtuak geldituko dira, zingiretako lurrin kiratsa eguzkiaren printza (izpi, errainu) indartsupetan bezala. (Pedro Mari isilik geldituko da, eta Mendiri-k, sorbaldan besoa ipiniz, amultsuki hitz eginen dio). Hi gurekin etorriko haiz, eh? Leku bereizi batean jar hazatela aginduko diat, hire kate-urratze borondatezkoaren saritzat. Gaurdanik gizon libroa haiz!

PEDRO MARI: (Pozkiro eta xaloki). Libro baldin banaiz, bihar bertan agurtuko ditut adiskide hauek. Ez sutegi, ez ikaztegi, ez zaizkit gogoko.

MENDIRI: (Haserrekor). Uste al duk libertatea gurekoikeria dela? Sozial paktora (gizarte itunera) ez hauela lotzen? Hire zigorra (kastigua) gure egintza hilgaitzak (hilezinak) ikustea izanen duk, beroietan parterik hartu gabe, lanik makurrenak eginaz; jopuak (esklabuak) ergastulatik (ziegatik) begiesten zituen hiritarren egite gailenak.

 

(Bitartean bi soldadu heldu bitez mahai batekin, Mendiri-k agindu bezala.

Bietako batek hitz egin beza.)

 

SOLDADU BAT: Hona hemen mahaia, kapitan jauna.

MENDIRI: Ongi da, utzi bazter hortan (ondoren, salto bat eginaz igo bedi bertara). Herritarrak! Imita ezazue Marsellatarren bertutea (onbidea). Aberri maitasun garbienaren sukarrez dauzkate bularrak! Abertzaletasunaren gunak elikatzen (mantentzen) ditu etengabe. Euskaldunak! Aitonen jakinduriak argiturik, legeak zuhaitz sakratuen itzalpetan egiten ditugun Herri zahar eta bihozpera! Gure arbasoen duin azal gaitezen! Haiek ez baitzuten sekula bururik makurtu erregeen aintzinean, nahiz Cesar, Karloman edo Luis XVI-garrena deitu. Guk, jatorrizko libertatea beneratzen dugularik, benera dezagun orobat hiritarra eta errepublikatarra. Foceotar argien jarraitzaileei elkarturik, hemengo mendi basati bakoitza Termopila berri bihur dezagun, bertan azken arnasa eman dezaten espainar borbontar despoten ingurukoak eta Inkisizinoaren gizeraile ikaragarriak. Plutarco berri batek kontatuko ditu zuen egite gailenak; Fabre aurkezleak eramanen du Konbenzinora (Herri-elkartera) zuen hiritasunaren lekukotza (zibismoaren testigutza) eta Frantziako nazino libroaren Areopago argitsuak (disdiratsuak) iskribatuko ditu urreko letretan zuen izen onbidetsuak (bertutetsuak) Aberriaren aldare sakratuan.

 

(Mendiri kapitanaren hitzak isilik eta errespetuz entzun bitzate gudari euskaldunak, baina, amaitzean, ez diote txalo bat ere joko, ez aurpegi gozorik jarriko, eta samindua alde egin beza.)

 

XURIO: (Mendiri aldentzean, Pedro Mari-ri). Arratsoro eman ohi ziguk horrelakoxeko hitzaldi bat ; delako Jean Jacques batek iskribitutako liburutxo bat irakurtzen hasten ez zaigunean. Ez zekiat nor den jaun hori, baina haren liburua beti soinean eramaten dik.

BARNETXE: Dena gezurra! Euskalerriko Biltzarrak desegin dizkitek, Eliza hankapean hartu ditek, libertateak oro kendu zizkigutek eta Libertatearen izenean mintzatzen ausartzen dituk. Hipokrita alenak!

JOANIS: Izan ere, predikari zelebreak heldu zaikiguk. Erbiak bezala ehizatu eta kateatu gatxiotek eta libertatearen defentzaile omen! Noizdanik ote duk libertatea gizonak kateaz lotzea?

ISTEBE ARRETXA: (Bere txirola jotzen hasiaz). Tira, mutilak, utz ditzagun berriketak eta filosofiak alde batera eta goazen dantzara, oraindik denbora badiagu eta. Gaur dantza gaitezen, bihar ez baitakigu biziko garen (mutil-dantzaren doinuari ekin biezaio eta agertokiko soldadu euskaldun guztiek hartuko dute parte dantzan).

 

Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982