Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982

 

LEHENENGO AGERRALDIA

 

XURIO, JOANIS, PELLO LARRALDE ETA BARNETXE

 

ZORTZI GUDARIEK (Kantuz).

 

                        1.

                Iruten ari nuzu,

                Kilua gerrian,

                Ardura dudalarik

                Nigarra begian.

 

                        2.

                Nigar egiten duzu,

                Oi! suspirarekin,

                Kontsolaturen zira,

                Bai, denborarekin.

 

                        3.

                Ezkon mina dudala

                Zuk omen diozu,

                Ez dut amore minik,

                Gezurra diozu.

 

                        4.

                Ezkon mina dutenak

                Seinale dirade,

                Matrel hezurrak seko,

                Koloriak berde.

 

XURIO: Ixo, mutilak. Han, urruti hartan, norbait mugitzen ote den irudi zaidak (denak ernai jarri bitez punto hartara begira).

JOANIS: Bai, eta honontz zetorrek pausoz-pauso pinadiaren aldamenetik. Aurki hemen diagu, saihesten ez bada.

XURIO: Badaezpada ere eutsi eskopetei, ez baitakigu nor den.

JOANIS: Espainiako mugaldetik zetorrek. Etsaia ote?

BARNETXE: Trazak bazirudik. Beharbada gibeletik (atzetik) gehiago dizkik. Pello, kapitanari abisu emaiok norbait datorrela mugaldetik eta espainola izan daitekeela.

PELLO: Baniak salto batean (bihoa katagorria bezain bizi).

XURIO: Makur gaitezen eta apunta dezagun, hemen duk eta.

JOANIS: (Etorkinari euskaraz). Nor da hor? Eskuak gora!

BARNETXE: (Umoretsu). Burutsu jokatu duk euskaraz oihu egiten. Ezetz gauza zuzenik erantzun (ez da etorkinaren erantzunik jasotzen).

XURIO: Beharbada ez dik entzun. Galdetu berriz.

JOANIS: (Ozenki). Nor zaitugu! Erantzun edo disparatuko dugu!

 

Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982