Pedro Mari, Yon Etxaide LEHENENGO AGERRALDIA PEDRO MARI ETA NESKATALDEA (Hamabi neska gazte galsorora doaz gari jorran egitera, beren jorraiak eskuetan. Eskuin aldetik sar bitez.) NESKATALDEA: (Kantari eta jostalari.) 1. Iruten ari nuzu Kilua gerrian, Ardura dudalarik Nigarra begian. 2. Nigar egiten duzu Oi! suspirarekin, Kontsolaturen zira Bai, denborarekin. 3. Ezkon mina dudala Zuk omen diozu; Ez dut amore minik, Gezurra diozu. 4. Ezkon-mina dutenak Seinale dirade: Matrel hezurrak seko, Koloriak berde. NESKA BAT: (Hogei urteko neskatxa gazte eta liraina. Taldeko batzuek Pedro Mari herriko festetatik ezagutzen dute, batipat «Neska Bat»ek). Hara! ikus nor datorren hortxe; Errazu-ko Pedro Mari da. Zerk ote dakar honontz? NESKA BATZUK: Nork esango? (batek). Bera da-eta (beste batek). Bai, ez da dudarik, Pedro Mari Errazuko da (hirugarren batek). NESKA BAT: Kopla bat kantatuko al diogu zirika antzean? DENAK: Hori! Hori! (Kanta bezate, «Neska Bat»ek hasera emanik) Arreba, nahi duzuia Gizonik erosi? Eliza bazterretan Bi sosetan zortzi. PEDRO MARI: (Hogeitabi urteko nekazari gazte eta sasoikoa. Ezker aldetik sar bedi, fardela bizkarrean). Ez dakarzue aldarte (umore) txarra, neskatxa panpoxak. Nik ere badakizkit, ordea, kopla zaharrak, eta berriak asmatzen ere ez naiz hain kamotsa (motela). NESKA BAT: Bota, orduan, pozik entzungo dugu. PEDRO MARI: Horra, bada: Anaia, nahi duzuia Emazterik erosi? Baratze kantoinetan Sosian hemezortzi. (Hamasei urteko neskatila lirain batek dantzatuz jarrai bekio Pedro Mari-ren bertso doinuari. Dantza inprobisatu honen ritmoa doinuari aplikatzea zuzendariaren gain geldi bedi.) NESKA BATZUK: Txit ongi! Bejondizuela bioi! (txaloak eta algarak neskatilen artean). NESKA BAT: (Pedro Mari-rengana alderatuz). Dantzari onarentzat ez dago ttun-ttun txarrik. Ez ote? PEDRO MARI: Ez zaitez hurbil, maite. NESKA BAT: Zergatik? PEDRO MARI: Esaeragatik: «Olague-n baxera urrez, ni harat orduko lurrez». NESKA BAT: Nik ere badakizkit esakun zaharrak... Esakunlaria deitzen naute (didate). PEDRO MARI: Esan iezadazu (esadazu) bat. Zure ahoan ezti gozo izanen da. NESKA BAT: «Asto handiak, Baztango» (neskek leher gaizto egin bezate farrez). PEDRO MARI: (Lotsakor). Neure lepotik ederki farre egiten dakizue. Berriketak utzita aurrera segitu beharko dugu. NESKA BAT: Aurrera? Nora baina? Zu ikustean esaten ari ginen norako martxa ote daramazun zure fardel eta guzti. PEDRO MARI: Pagogaina-ko baserri (borda) zaharrera lotzen ninduen lokarri bakarra hautsi da. Amona hil zait. Zer egin behar dut Errazu-n? NESKA BAT: Izpegi-ko mendietan eta Urbizi-ko erreka ondoan baino hobeto eta erosoago bizitzen da hirian. Ez ote? PEDRO MARI: Ez da horregatik. Esan bezala, amona hil zait. Gurasoak ere hilak ditut, amona baino lehen. Arreba zaharrena Berrueta-ra ezkondu zen, urrengo biak Arizkun-era, eta gazteena, Errazun bertan, borda (baserri) aberats batera. Nik ez dut oraingoz ezkontzeko pentsamendurik. Zer egin dezaket? Nere bazterrak saldu eta martxa. NESKA BAT: Iruñe-ra, noski? PEDRO MARI: Bai, zera! NESKA BAT: Nora, bada? PEDRO MARI: Ameriketara. NESKA BATZUK: (Sineskaitz). Ameriketara? PEDRO MARI: Bai, gaztetxotatik daukat gogoa Ameriketarako, zenbait herritar bezala aberasteko. Soro eta tresnak Leokadi ene arreba gazteari saldu dizkiot, Errazu-n ezkondua dagoenari, alegia. Etxea bakarrik gorde dut neretzat, aberastua natorrenean bertara joateko bizitzera. NESKA BAT: Abagune polita duzu orain hanka egiteko. Diotenez, Espainia eta Frantzia arteko gerla (gudatea) sortzear (sortzeko zorian) omen dago. Baztango gudari-taldearekin joan beharko zenuke gerlara eta agian Frantzian barrena. Ez da giro oraintxe. PEDRO MARI: Ez horixe, odei beltzak gero eta biltzenago ari dira. Gudaletxea eta gerla ez dira neretzat eginak. Gorrotagarri zaizkit. Orain banoa Iruñera dilijentzia hartzera eta handik astebetean edo iritxiko ahal naiz Cádiz-era ontzia hartzeko. NESKA BAT: Bidaia luze eta aspergarria. PEDRO MARI: Hala da. Baina gauzak dauden bezala daudelako, ez naiz ausartu Bordele-tik joaten, gerla gainean baitugu eta frantsesek preso har nintzakete. NESKA BAT: Norbaitek izango du pena bihotzean zu joaten ikusita. PEDRO MARI: (Igarriz). Nork? Kattalin Eiharaldekoak? NESKA BAT: Horixe! Iaia moztu zizkizun zure Ameriketarako asmoak. PEDRO MARI: Ez zen hainbestekorik izan gure artean. Atzo joan nintzaion agur esatera Izpegi-ko atean barrena, baina ez nuen etxean arkitu neure Kattalin Baigorriko. NESKA BAT: Jakina! zure zain egongo zen, bada! PEDRO MARI: Dena dela, ez nintzen oso alai etxeratu. Badakizu, bihotzean beti zerbait gelditzen baita. NESKA BAT: Ja, jai! Amodioa ahazteko ardoa, Pedro Mari. PEDRO MARI: Eta mutil gazteak aberasteko Amerika. NESKATALDEA: (Ezker aldetik atera bedi talde guztia kantari.) Ezkondu nahi dutenak Seinale dirade: Matrel hezurrak seko, Koloriak berde. Pedro Mari, Yon Etxaide |