Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

PEDRO MARI, MATTIN ETA HONEN BI LAGUN

 

(Hiru mutil gazte eta sendo sartzen dira ezker aldetik, hauek ere, Pedro Mari bezala, beren tardelekin eta makilekin. Mugaz bestaldetik datoz, Frantziako Iraultzaren hatzaparretatik ihesi. Horietako bat Pedro Mari-ren laguna da. Baigorri-koa da eta Mattin deritza.)

 

MATTIN: Kaixo, Pedro Mari, zer habil? Ez nian pentsatzen hi hemen ikusterik.

PEDRO MARI: Ameriketarako martxa diat, Mattin, inoiz esan nian bezala. Eta zuek Olaguera, aberetara edo?

MATTIN: Bai, zera! Frantziatik ihesi gatozkik (gatozek), zalaparta hauek igaro artean Espainian egoteko asmoz.

PEDRO MARI: Nongoak dituk lagunak?

MATTIN: Bat Urepelekoa eta bestea Aldudekoa. Hirurok nafarrak gaituk hi bezalaxe.

PEDRO MARI: Bai, ondikotz! muga zikin horrek zatitutako nafarrak... Eta norako martxa duzue?

MATTIN: Lana aurkitzen dugun tokira. Ahal badugu inguru hontan geldituko gaituk, gure etxetatik hurbil egoteko. Baina, ezinbestean, Iruñeko lurretara, Erriberara edo Erriojara jo beharko diagu.

PEDRO MARI: Beharbada, neure arreba Leokadi-k beharko du morroiren bat, neure lurrak hari saldu baitizkiot eta morroirik gabe ezin dizkitek denak eraman. Dena den, esan nere lagunak zaretela eta berak lagunduko dizue lana bilatzen.

MATTIN: Ez legokek gaizki. Etxetik hurbilago ezin. Mila esker Pedro Mari. Saiatuko gaituk, eta Baztan-en lanik aurkitzen ez badiagu, denbora izanen duk beste norabait joateko.

PEDRO MARI: Eta zer berri Frantzian? Nola zebiltzak gauzak?

MATTIN: Ezin okerrago. Beldur nauk, etxeratzen garenean dena azpikoz gainera aurkituko ez ote diagun. Bizirik uzten badizkitek behintzat gure familiak...

PEDRO MARI: Hainbestekoa ote, Mattin?

MATTIN: Izugarria, motel, izugarria. Nazinoaren lagunak gure ibarraz nausitu dituk. Elizak itxi dizkitek eta belarrez bete; kalizak, patenak eta eki-sainduak (eguzki-sainduak, kustodiak) ostu (ebatsi, lapurtu). Arbolatxo bat ipintzen ditek enparantzaren erdian eta dantzari ekiten ziotek bere inguruan, orroaka eta birao beltzenak esanaz. Haiekin zebiltzak Pinet frantsesa eta apez gaiztoak: Mariturri, Duronea, Sorondo-Txaldun, zerriak! ezkondu nahian; guztiok Galtzagorri-ren besotik.

PEDRO MARI: Horiek horrela, eta apez, fraide eta serorarik gehienak, zuek bezala, ihesi. Errazu-n, eta Baztan-en non-nahi, baduk horietako ihesliar ugari beren etxetara noiz bueltatuko zain. Gizajoak!

MATTIN: Eta predikuak egitea apezei baino gehiago gustatzen zaiek. Ez dituk isildu ere egiten hitzontzi aho ustelok. Tabernak dizkitek beren kulpito. Entzun beharra zaiek ardoz bero-bero eginda gero. Horiek esaten dituzten astakeriak esateko ez zegok latina ikasi beharrik. Horrela nerau (neroni, ni neu) ere nintzatekek sermolari! Sasi maisuok erregeren ordez jarri diguten Errepublikari obeditzera behartu nahi zigutek. Tokitan zeudek! Gizonek agintzen ez badakite, jar ditzatela emakumeak. Ez liketek gaizkiago egingo.

PEDRO MARI: Eta denok diotenez, Espainia eta Frantzia arteko gerla egun batetik bastera hasteko omen zegok.

MATTIN: Iadanik (honez gero) sortua ez bada, ez zaiok asko faltako. Frantsesek diotenez, Errepublika Madrilera eraman behar omen ditek eta ez omen duk fraide eta inkisidorerik bizirik geldituko Espainia guztian.

PEDRO MARI: Hobe diat, bai, Ameriketara lehenbailehen alde egin, asta-kirten horien hatzaparretan eror ez nadin.

MATTIN: Ez ezakela dudarik egin. Gure egoera tristean erori nahi ez baduk hanka egin ezak aguro. Ez diat kontatu oraindik gure ihes egitea nola izan den. Entzun: oraintsu, euskaldun bolontarien batailoi bat eratzen hasi dituk gure eskualdean. Jakina, inor gutxi apuntatzen duk eta ezin osatu ditek behar luketen soldadutza. Orduan mutil ehizean hasi dituk eta bai gure bila etorri ere. Gaitzerdi, garaiz ezkutatu gaituk. Baina luzaro kukutua egoterik ez zegok eta, gure fardelak eginda, muga pasatzea erabaki diagu. Gaur goizean, egun sentian, jendarmeek ikusi gatxiotek eta mendiz-mendi jarraitu tiroka. Larri ibili gaituk, horixe bai, baina muga onez pasatzea lortu diagu Jaunari esker. Orain Espainiko partean gatxeudek. Libro gaituk! Bai, Libertate, Berdintasun eta Anaitasun izeneko tirania gorrotagarriaz libratu gaituk. Gorde bezate berentzat gezurrezko Trinitate (Hirutasun) hori. Gu ez gatxiotek azpian hartuko.

PEDRO MARI: Zuek nahi duzuenean joan zaitezkete. Nik, hemengo adiskide min batekin egon beharra zeukat, ez bainuke Ameriketara joan nahi hartaz despeditu gabe ; baina, ez zekiat non bizi den. Norbaiti galdetu beharko.

MATTIN: Bai, oraintxe joango gaituk... Baina, ahantzi baino lehen: Ez al dakik berria?

PEDRO MARI:: Zer berri?

MATTIN: Kattalin Eiharaldekoa Mixel Elorga-rekin ezkontzen dela. Noski, lehenago soldadu eramaten ez badute.

PEDRO MARI: Ez nekiken ezertxo ere. Zorionekoak izan daitezela.

MATTIN: Pentsa! Nik ez nekiken gizongaia zuenik ere. Duela hiruzpalau egun esan zidateken. Nonbait, bat-bateko kontua izan duk. Mixel beldur omen zuan soldadu eramango zutela, bere bila joango zirela mehatxu egin baitzioteken, eta ez bat eta ez bi, ezkontza tratua egin ziteken, zeren, diotenez, ezkonduak nekezago eramaten omen dizkitek soldaduskara eta batez ere gerlara. Beraz, ezkontzen delarik, bakean utziko ditek bere etxean, momentuz. Gero, gerokoak.

PEDRO MARI: Ez duk gaizki pentsatua. Bakoitzak ahal duena egiten dik. Gainera, begi zorrotza izan dik andrea aukeratzen, zeren Kattalin neskatila on eta gustagarria baita.

MATTIN: Ez huen, noski, gaizki hartuko albistea (notizia). Nik bederen ez diat esan minik egiteko asmoz.

PEDRO MARI: Ez gizona, ez. Horrela lasaiago galditzen nauk. Biotza penez (penatan) nian agur esatera joan nintzaionean etxean aurkitu ez nuelako. Orain ikusten diat horrela hobe izan zela, zeren ezkontzekoa zela jakin izan banu, ez ninduken joango eta berak, bestalde, ongi egin ziken ez agertzen. Beraz, joanak-joan: iadanik neure buru-bihotzetan ez duk pentsamendu bat besterik gelditzen: Amerika.

MATTIN: Pozten nauk hire bihotza ez mindua.

PEDRO MARI: Hago trankil, Mattin... (bat-batean, begiak urrutira luzatuz). Baina, zer ikusten diat? Ene adiskide ona bidez-bide zetorrek.

MATTIN ETA LAGUNAK: Agur, bada, Pedro Mari eta segi ondo (lagunek: izan ongi, ondo joan). Bidaldi (bidaia) on Ameriketara.

PEDRO MARI: Zuek ere suertea izan dezazuela lanarekin eta lehenbailehen etxeratu zaiteztela. Badakizue non duzuen ene arreba. Joan beldurrik gabe; berak lagunduko zaituzte (dizue).

 

(Mattin eta bere lagunak atera bitez eta Pedro Mari geldi bedi bere adiskidearen zain.)

 

Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982