Euskarazetamol
Patxo Telleria
Euskarazetamol
Patxo Telleria
Artezblai, 2010

 

6. ONOMATOPEIAK

 

patxo bueltatu eta mikel-ek Euskaltzaindiaren beste frasko betea eskeiniko dio. patxok osorik hartuko du. Oso erreakzio gogorra eragingo dio.

 

MIKEL: Euskaltzaindiari buruz ari garela, lehengoan astokeri bat entzun nuen irratiko tertulia batean euskarari buruz.

IRRATIA: (Off) “...el euskera es una lengua arcaica y cavernaria. Una lengua que se basa en el uso de las onomatopeyas, es una lengua que se encuentra en un estadio primitivo”.

PATXO: Tertuliano txit estimagarria. Onomatopeia asko euskeraz? Ze tontakeria da hori? Ze burrunda, ze zalaparta, ze mar mar? Ze zabiltz ujuka, ufaka, patarraka? Zurrut egin duzu tertuliano, drungun drungun? Gezurretan zabiltza, purrustaka, txorrotxioka. Kalumniaren putzuan jausi zara, plaust, laprast egin duzu, irrist, ta han zaude plisti plastaka, zaunkaka, tontakeriak esaten bar bar, garrangaka, karkaraka, firin faran. Onomatopeia asko euskeraz! Aizu, txist, eh? Ze berotzen hasi naiz, pil pilean nago, bor borka, begiak dir dir, eskuak dar dar, bihotza taupa taupa... Emango nizuke jata dida dunba, zartako bat arrapataka, blist eta blast, sits eta bits, zirti zarta, dedio. Entzun duzu, kurrin, kokoriko, bekereke?