2. SUPEREUSKALDUNAK
MIKEL: Ze ondo jendea hemen ikustea, eta ez kalean mozkortzen edo drogatzen... Badakizu zein den drogaren kontrako antidotorik onena? Euskera.
PATXO: Zergatik?
MIKEL: Euskeraz drogatzea oso zaila delako. Taberna batean zaude, lagunekin eta esaten duzu: “Bagoaz komunera marra batzu egitera?”
PATXO: Guapoki. (...)
MIKEL: Eta kolegek errotuladore bat ateratzen dute.
patxok poltsikotik errotuladore bat ateratzen du.
PATXO: Edo kamello bati galdetzen diozu: “Ba duzu tripi-a?”
MIKEL: (Tripapotoloa igurtziz) “Bai, alajaina, ederra gainera” (...) Horregatik esaten diot beti semeari gauez ateratzen denean: “Egizu euskeraz!” Euskera sanoa da, naturala.
PATXO: Gainera, gaur egun ez dago aitzakiarik euskeraz ez jakiteko. Pilulekin...
MIKEL: (Zuzenduz) Konplemento bitaminikoekin.
PATXO: Esatebaterako, aditz sintetikoekin flipatu nahi duzula? Sintetifar.
patxo pirula bat hartzera doa baina mikelek kendu eta berak hartuko du.
PATXO: Ea, Mikel, jarraitu aditza, nor nori, iraganean. Zu niri...
MIKEL: (Ziztu bizian) Zinderraizkidan.
PATXO: Honi?
MIKEL: Zinderraizkion.
PATXO: Guri?
MIKEL: Zinderraizkigun.
PATXO: Haiei?
MIKEL: Zinderraizkien!!!
BIOK: Alehop!!
PATXO: Emazteak abandonatua nahi zaitu sexu kontuetan hitz gutxikoa zarelako?
MIKEL: Soso hutsa!
PATXO: Hartu Sexidifren eta milaka hitz berri asmatuko dituzu.
mikelek aurreratu eta pilula hartuko du.
PATXO: Ea ba... Koitoa egitera ausartzen ez dena?
MIKEL: Koitadua.
PATXO: Loa kentzen duen emakumea?
MIKEL: Neskafe.
PATXO: Sukaldeko mahai gainean larrua jo?
MIKEL: Formikatu.
PATXO: Bular ederrak dituen izeba?
MIKEL: Titia.
PATXO: Lastima ematen duen organu sexuala?
MIKEL: Penea.
PATXO: Organu sexual fededunak?
MIKEL: Jeovharen Testikuloak.
BIOK: Alehop!!
PATXO: Afarietan Mikel Laboaren kantak kantatu nahi? Ez ikasi! Hartu “Laboacepan” eta bere diskografia osoa buruz jakingo duzu.
mikelek pilula hartu dio eta eztulka hasiko da.
PATXO: Kontrako bidetik joan zaizu. Ondo merezita!
MIKEL: Xirristi mirristi.
PATXO: Zer diozu?
MIKEL: Gerrena plat olio zopa.
PATXO: Ez dut lekeitieraz ulertzen.
MIKEL: Kikilisalda urrup.
PATXO: Ala, tori, pilula hau.
Pilula bat emango dio.
MIKEL: Edan edo klip?
PATXO: Perfilmazin, hirugarren perfileko pilula.
mikelek hartuko du.
PATXO: Hobeto?
MIKEL: Bai, zinez ondo nagokizu honenbestez, alegia. Darraigun, darraigun.
mikel publikoko bati begira geratuko da.
MIKEL: Pello?
PATXO: Ez da Pello, motel.
MIKEL: Ah, ez, ez da Pello. (Mutilari) Barkatu... (patxori) Darraigun.
PATXO: Darraigun?? Zer gertatzen da zure semearekin?
MIKEL: Badarama bi egun etxetik agertu gabe.
PATXO: Beno, adin txarrean dago, baina ahaztu! Elenek etxetik bota nau, eta ni ez nabil hortik kontatzen...
MIKEL: Uste dugu drogekin ari dela.
PATXO: Ez naiz harritzen. Gehiegi mimatu duzu beti.
Muturka jarriko dira. Haritik urrundu direla konturatzean, disimuloan...
BIAK BATERA: Alehop!!
PATXO: Esaten ari ginenez, pilulak guretzat behar beharrezkoak dira. Guk ezin dugu konformatu euskera estandar batekin. Gure publikoak gehiago exijitzen digu.
MIKEL: Ezin dugu eskenatokira igo etxeko edo eskolako euskerarekin.
PATXO: Konplemento bitaminikoak behar ditugu. Antzerkian, itzulpenak egiteko, adibidez.