1. ONGI ETORRIAREN PAYADA
patxo eta mikel publiko artetik agertuko dira. patxo gitarra batekin. mikel marakekin. Kantuan hasiko dira.
PATXO: Jaun andreak, horra gure asmoa:
Gure kontura zuek barre egitea
Gauza bakarrak axola digu guri
Zuek ordu betez ondo pasatzea
Publikoa dago nere uste apalean
Oso serio ta inkognitaz betea
Espero dugu guztioi zaizuela
Atsegina izango hemen egotea.
MIKEL: Ez genuke inolaz ere onartuko
Publikoa gau honetan aspertzea
Diruak ez digu axola ez zaigu inporta
Zuek sarrera ordainduta izatea
Gure umorea nola den badakizue:
Inozo, baldar ta ganora gabea
Zin dagizuet ez zaiola inori
Damutuko antzokira etortzea.
PATXO: Milesker eta ongi etorriak!!
Publikoak txalo egiten du. mikelek kanta bukatutzat eman du.
PATXO: Txaloak!! Ez genuen espero. Gustatu zaie, Mikel. Goazen berriro kantatzera.
MIKEL: Berriro?
PATXO: Bai, baina oraingoan biok batera, nahasturik.
MIKEL: Nahasturik? Baina...
Argudiatzeko astirik eman gabe, patxo kantatzen hasiko da. mikelek jarraitu beste erremediorik ez du. Kanta nahastuta kantatuko dute, bakoitzak lerro bana kantatuaz.
PATXO: Jaun andreak, horra gure asmoa
MIKEL: Publikoa gau honetan aspertzea
PATXO: Gauza bakarrak axola digu guri
MIKEL: Zuek sarrera ordainduta izatea
PATXO: Publikoa dago nere uste apalean
MIKEL: Inozo, baldar ta ganora gabea
PATXO: Espero dugu guztioi zaizuela
MIKEL: Damutuko antzokira etortzea.
Ez genuke inolaz ere onartuko.
PATXO: Gure kontura zuek barre egitea
MIKEL: Diruak ez digu axola ez zaigu inporta
PATXO: Zuek ordu betez ondo pasatzea
MIKEL: Gure umorea nola den badakizue:
PATXO: Oso serio ta inkognitaz betea
MIKEL: Zin dagizuet ez zaiola inori
PATXO: Atsegina izango hemen egotea.