Garatenea
Pantzo Hirigarai
Garatenea
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2002

 

XII.

 

(Slow-a hasten da. Bost neska lerroan jarririk: marina, bertta burua apal, manana, gaxux zigaretari tiraka eta marjorie. Hiru mutiko emaiten dira lerroan, nesken gomitatzeko: patrik uzkurra, jean françois arinburu, jeannot (kanpoko joka partidatik gibelerat jina) eta kasik nahigabean, lerro hortan gertatzen da zakarias putxapal detektiboa).

 

 

MARINA - BERTTA - MANANA
GAXUX MARJORIE - PATRIK UZKURRA
JEAN FRANCOIS ARINBURU - JEANNOT - ZAKARIAS PUTXAPAL

 

(patrik uzkurra nesketarik hurbiltzen delarik, ageri da Berttak gomita espero duela. Bainan mutikoa marinari buruz doa).

 

P. Uzkurra: Ari nintzan... behar bada... dantza mota hau elgarrekin eman lezaketela urtxo xuria eta apoak!

Marina: (haurren doinuan) Ez! Akitua naiz! Zangoetan min dut!

 

(Eta hori erran orduko, lerroan bigarren den j.f. arinbururen besoetan plantatzen da slow-a emaiteko. patrix uzkurra xoko batetarat doa, burua apal, berttak so desesperatuak botatzen dazkola. jeannot da lerroko hirugarrena. berttak hunen gomita ere espero bainan mutikoa gaxuxeri buruz doa).

 

Jeannot: (Bere buruari) Hau errexa diat! (gaxuxari begi keinuka) Heldu hiza?

Gaxux: (zigaretari tiratuz) Iker dezagun!

 

(Eta slow-an plantatzen dira. zakarias putxapal detektiboa da ondokoa. Hau ez da baitezpada dantza egiterat etorria bainan ez dio mananak hauturik uzten. Besotik bortizki tiratzen du).

 

Manana: Nahi dukalarik! (Eta nahigabean, mananarekin slow-a emaiten gertatzen da detektiboa)

 

(Beraz, hiru bikote ditugu dantzan: marina eta j.f. arinburu, gaxux eta jeannot, manana eta z. putxapal. Alkian, jarririk, marjorie, bertta eta patrik uzkurra, azken bi hauek behakoak ardura elgarri botatzen dituztela, lotsaturik, bainan mutikoa ez da neska gomitatzerat menturatzen. Bat batean, alde guzietarat so egiten hasten da, slow-an ari den Marina).

 

Marina: Bainan! Nun da Jean Claude?

J.F. Arinburu: Christellekin ateraia da!

Marina: Norat?

J.F. Arinburu: Trinket gibeleko sasiak aipatu ditu, baizik eta plat nagusitik landa, desertaren tenora zuela! Nola gosetua den!

Marina: (Nigarrez) Hara! Alta, bizi guziko fidela izanen zitzautala hitzemana zautan Jean Claudek! Jean François, ereman nezazu nahi duzun lekurat! Egizu nahi duzuna nitaz!

J.F. Arinburu: To! Hain zuzen! Bihar hasten dut Erberuako kuadrilla marathoina eta ene ikusterat jin zintaizke! Hiru egunen afera da! Are! konsola zaitez! Nik, Oztibarreko polka marathoina hiru segunden gatik galdu nuelarik, ez nuen nigar egin!

Marina: Egia duzu! Funtsean, nik ere gauzak biziki errelatibisatzen ditut orai, ene erhi kikilako azazkala hautsiz geroz!

 

(zakarias putxapal ondoan dute, mananarekin dantzan, Karneta ateratzen du sakelatik eta zerbait ixkiratzen).

 

Manana: (gogoetan) Zer ari da hau? Ene notatzen edo! Eta zer naftalina usaina duten hunen jauntziek!

Z. Putxapal: (Gogoetan) Zer andere indartsua dutan hau — hemen berean itoko nau — hau emazte azkarra — xehatuko daut bizkarra — beharko deiet Mattin Zubiko eta Pattin Zurikori irrisku primen faktura igorri.

 

(Ari dira jeannot eta gaxux).

 

Jeannot: (gogoetan) Galtza pare hau sobera tinko diat! Zonbat sofritzen dutan aintzin hortan! Neo! Hau atsoa!

Gaxux: (gogoetan) Hau astoa!

Jeannot: (gogoetan) Eta zoin nekea zautan tripa sarturik atxikitzea! Bainan ez duk ohartu! Hori duk prinzipalena!

Gaxux: (gogoetan) Eta zer zorroa duen! Nago filologia edo psikologia mailan kokatu behar laizken tripa hunen hantzea ekarri duten arrazoinen bilaketari buruzko ikerketa!

Jeannot: (gogoetan) Zoin ongi egin dutan “Sauvage” parfumetik emaitea! Xoratua duk!

Gaxux: (gogoetan) Eta zer kabala usaina duen! Hau basurde baten ondo ondoan gertatu ditaike berriki! Hara! Badakit zer mailan kokatuko dutan huntaz eramanen dutan estudioa: zoologia mailan!

Jeannot: (gogoetan) Marzelek erran diak neskak urtzen direla beharri puntta ausikikatuz! Behar diat ensegatu! (Ensegatzen du eta gaxuxek zablako bat emaiten dako) Zer ergela den Marzel hori, bestenaz!

 

(j.c. biesku.bi eta christelle sartzen dira arropak berriz pikoan emanez).

 

 

MARINA - BERTTA - MANANA - GAXUX MARJORIE
PATRIK UZKURRA - JEAN FRANCOIS ARINBURU
JEANNOT - ZAKARIAS PUTXAPAL
JEAN CLAUDE BIESKU.BI - CHRISTELLE

 

J.C. BIESKU.BI: (christelleri) Hi, jar hadi hor! (Hunek obeditzen du) Beraz! Zertan gira? (ari da karkulan). Marina, egina! Christelle egina! Ah! (Jarririk dagon marjorieri so eginez) Hau ez diat oraino bildua! (Aulkirat hurbiltzen da eta berttak oraino gomita espero). Erran! (marjorieri) Nahi duna kantonamenduko zezen baliosenarenganik ohoratua izan?

Marjorie: Zoritxarrez, ezin dut! Aitamek errana dautate mutiko batek musu bat emaiten badaut ezpainetan, zigoinak ñiñi bat ekarriko dautala!

J.C. BIESKU.BI: Ah, gaizoa! Hik badun ikasteko! Nahi duna erakasle on bat! Diplomatua nun!

Marjorie: Ez! Gainera, aitari hitzeman dakot etxerat itzuliko nizala gauerdiko ezkilaren hamabigarren danga entzun orduko!

J.C. BIESKU.BI: Emanen dauzkinat ba nik, hamabi dangak! Are!

 

(Eta kanporat eremaiten du, besotik tiratuz. marina eta christelle berriz nigarrez hasten).

 

 

MARINA - BERTTA - MANANA - GAXUX
MARJORIE - PATRIK UZKURRA - JEAN FRANCOIS ARINBURU
JEANNOT - ZAKARIAS PUTXAPAL - CHRISTELLE

 

(z. putxapalek, dantzaren artetik, berriz karneta ateratzen du sakelatik, zerbaiten idazteko. patrik uzkurra, azkenean, deliberatzen da berttaren gomitatzerat joaiterat, bainan hurbildu orduko, slow-a bururatzen da. mutikoa berriz jartzen. Argia itzaltzen da).