Garatenea
Pantzo Hirigarai
Garatenea
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2002

 

VI.

 

“Punpetik” elkarteko bulegoan gira. Mahai baten gibelean, jarririk daude pattin zuriko lehendakaria eta fauxtin ezker entrenatzailea. Hauen parrean, aintzineko agerraldiko kazetari berak.

 

 

PATTIN ZURIKO - FAUXTIN EZKER - XERAFIN MUTTURFIN
GAXUX PINTERDI - MARI KUTZU
- PANPALE KAKANAHASLE

 

Pattin Zuriko: Beraz, jaun andereak, neretzat ez da dudarik! Oraino ongi inguratzen ez dugun nahigabe bat gertatu da, atzoko partida hortan! Beti mail ona erakutsi dute gure plekariek eta gaude ez direnez zerbait jukutriren petzero izan. Kalte egin dieten zerbait ustegabean hartu dukete, jokatu aintzin, hain flako izaiteko! Edo norbaitek maltzurki hararazi. Gure pilotariak ez dira orhoit zerbait berezi iretsi dutenik. Inkesta zorrotz bat eraman gogo dugu! Galderak badituzue?

1. kazetaria: Xerafin Mutturfin, “Suhuskune Magazine” katsetarentzat: Aperitifekin, izanen dea zerbait jateko?

2. kazetaria: Gaxux Pinterdi, “Irisarri Match” katsetarentzat: Kalixtro Ipurbeltz jakintsun humanista ezagunak ongi finkatu zuen euskal joko hunen filosofia, erranez gizarte hunen kritika xorrotxa ekartzen daukula gure lur errondaren borobiltasun bera hartuz eta pilotaren joan jinak mundu hunen harat hunat bihurrien miraila izanez. Zure ikus moldea?

3. kazetaria: Mari Kutzu: “Iholdi Madame” katsetarentzat: Nere galdea Fauxtin Ezker entrenatzailearentzat da: Jauna, zurrumurru batzuen arabera, zure andrea ikusia izan ditaike berriki “Denek Bi” elkarteko entrenatzailearekin, plaza gibelean, gauerditan, eskorga pare baten gainean plantaturik...

Fauxtin Ezker: Ez nakien! Kotxino, kotxino! (kopeta mokanesarekin xuhatuz)

Pattin Zuriko: Otoi! Egungo gaiari mugazkizue zuen galderak! Bai, zuk?

4. kazetaria: Panpale Kakanahasle, “Armendaritz Olympique” katsetarentzat: Uste duzia “Denek Bi” elkarteko lehendakari den Mattin Zubiko.k baduela zerbait ikustekorik aipatu duzun delako misteriozko jukutri horrekin?

Pattin Zuriko: Ez! Mattin Zubiko aspaldiko adixkidea dut eta baditut estima eta errespetu handienak berarentzat! Ez daut nehork sinetsaraziko zerbait bihurrikeriren egiteko gai denik!

1. kazetaria: Xerafin Mutturfin! Bon! Gauza seriosetarat pasatzen bagine! (Eskuak torratuz)

 

(Argia itzaltzen da).