Garatenea
Pantzo Hirigarai
Garatenea
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2002

 

IV.

 

“Punpetik” elkarteko bulegoan gira berriz. pattin zuriko beti joan jinka, zigarroa ahoan, manana segretaria jarririk, bere besoetako ginarriak lantzen ari. Atean joa entzuten da eta sartzen dira hiru gizon: fauxti ezker, zainetan, kopeta mokanesarekin xukatzen ari, eta bi pilotariak: jean françois arinburu, ileak harro, irri zozoa ezpainetan, pika buztan aire eta filipe mustuka, begitarte akitua, buruko mina duela emaiten du, pilulen irresten ari.

 

 

PATTIN ZURIKO - MANANA - FAUSTIN EZKER
JEAN FRANCOIS ARINBURU - FILIPE MUSTUKA

 

Patin Zuriko: Orduan, Ezker jauna! Naski argitasun bat edo bi zor dauzkidazun! Zer gertatu da atzo?

Fauxtin Ezker: Ez dut ulertzen, jaun lehendakaria! Ez dut ulertzen! Alta ni haurren ustez ongi prestatuak nituen! Kotxino, kotxino, kotxino!

Patin Zuriko: Bai! Ikusi dugu! Pilotaren ixtorioak ezagutu duen partidarik txarrena izan da!

 

(Telefonoaren tirrinta entzuten da. mananak hartzen du).

 

Manana: Bai! Egun on! “Guinness”, errekorren liburua? Bai! Zaude puxka bat! (pattin zurikori) Zuriko jauna! “Guiness” errekorren liburua da eta galdatzen dute atzoko partida aipatzen ahal duten beren ondoko alean!

Pattin Zuriko: (arrunt kexu) Utzazu telefono hori! (mananak uzten du). Hara zertaratuak giren! Entzun duzu, Ezker jauna?

Fauxtin Ezker: Kotxino, kotxino, kotxino! Xifriturik nago!

Pattin Zuriko: Dena den, jadanik hasten ahal zira beste ofizio bati pensatzen, nun ez dautazun atzoko lotsagarrikeria argi lezaketen arrazoin onik emaiten!

Fauxtin Ezker: Ez dakit! ... Kotxino, kotxino!

Pattin Zuriko: (pilotariei) Eta zuek? Zer diozue?

J.F. Arinburu: (beti bere irri zozoarekin) Ontsa gira, milesker! Eta zu?

FilipF. Mustuka: (begitartea gero ta akituagoa, ageri da sofritzen duela, beti pilulen hartzen ari!)

Pattin Zuriko: Mustuka jauna! Ihardesten dautazu?

FilipF. Mustuka: Otoi ez egin oihurik! Badut buruko min bat!

Pattin Zuriko: Zer zen atzoko itsuskeri hori!

FilipF. Mustuka: Aspirina!

Pattin Zuriko: Zer aspirina!

FilipF. Mustuka: Ez zinuke aspirinarik?

Pattin Zuriko: Ah, aspirina! Naski zu baino erremedio behar gorriagoan naizen! Hogoigarren kintzea gabe, ikuslierrak uhuka eta txistuka, kuxinak kantxarat botatzen, pariatzaileek ileak burutik errotik kentzen! (jean françois arinburu erakutsiz) Hunek marra ezin pasa botean, kakamarlo batek azkarrago joko zuela, ezin taulatuz! (filipe mustukari) Zure pilotak paretarat sekulan ez heltzen... eta oraino kausitzen zinuelarik! Zeren hiruetarik bietan, jotzerat ensegatzen zinelarik, zure eskutik hiru metrotan baitzen pilota! Ah, zer bare karakol parea egin daukuzuen, hain beste jende ospetsu etorria zelarik gainera! “bizarra” likoreak, gure sponsoraren ordezkaria ere hor zen!

Manana: Ah, zer kolpea hartu duen “Bizarra” edariaren famak! Ahantzi gabe konseilu Jeneraleko kirol komisioneko arduradunaren laugarren segretarioaren emaztearen koinata ere hor zela!

Pattin Zuriko: Bainan zer zinuten hain gaizki artzeko? Zerbait joan ez denik gertatu da hor!

FilipF. Mustuka: Bi!

Pattin Zuriko: Zer bi?

FilipF. Mustuka: Bi aspirina hartuko ditut!

Pattin Zuriko: Eta zer kondatuko diotegu kazetarier! Prensa aurrekoa badugu sarri! Zuk, Jean François! zer diozu?

J.F. Arinburu: Badoa, milesker! (iri zozoarekin)

Pattin Zuriko: Segur naiz Mattin Zubiko “Denek Bi” elkarteko lehendakari ustel horren azpi joko bat izan dela! Norbaitek sua pitz baleza bere etxe gibeleko oihanean, garrak heda ditezen arbolez arbol eta alu horren etxea kixkaili! Fauxtin Ezker jauna: ez zaitugu gehiago entzuten!

Fauxtin Ezker: Kotxino, kotxino!

Pattin Zuriko: “Kotxino, kotxinoif Hasia naiz zure leloaz aspertzen! Ez zinuke besterik?

Fauxtin Ezker: Bai! Futxo, futxo!

 

(Argia itzaltzen da).