Garatenea
Pantzo Hirigarai
Garatenea
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2002

 

XI.

 

 

ANATOLE - FILIPE MUSTUKA - ROBERT MARZEL - ENEKO
AUXTIN ESKUIN - FAUXTIN EZKER - EDGAR

 

Anatole: (edgari, mahaietan diren bi entrenatzaileak erakutsiz) Zer galdatu die?

Edgar: Ostian bezala, ura!

Anatole: Ai urdeak! Agian tripako hertzeak erdoilduko zezteek! Hago! Eskutara bat ona emanen diat aldi huntan! (Aintzineko partean bezala, erhauts xuri zerbait ixurtzen du bi entrenatzaileen basoetarat ) Uraren gustua kenduko dakoteiat ba nik! Ai ustelak!

Edgar: (ostatuko gazter) Eta zuek zer hartuko duzue? Are! Hutszkizue baso horiek! Badu bost minuta ez duzuela deus pagatu, ene kronometroa lekuko! (Erakusten du bere kronometroa)

Robert: Berdin! Emak gainetik! Filipe, hik zer nahi duk?

F. Mustuka: Whisky!

Edgar: Aintzineko turnada ez duzue pagatua! Beraz, baziren lau edari, hamar libera bakotx, heldu zauzue 85 libera!

Marzel: (Moltsa ateratuz sakelatik) Hago! Hau enea duk!

Robert: Ez hizala berriz has, eh! (Papotik hartuz)

 

(Orduan, aritz etortzen da dantza lekutik eta mahai hutsean jartzen. eneko bere ganat doa).

 

 

ANATOLE - ROBERT - MARZEL - ENEKO - FILIPE MUSTUKA
AUSTIN ESKUIN -
FAUXTIN EZKER - EDGAR - ARITZ

 

Eneko: (Ahapetik) Orduan, Aritz! Euskal konzientzia aintzinarazi duka!

Aritz: Bai! Dantza egin diat Christellekin eta bere ikus moldeak azkarki eskualdundu ditiat! Eta hik horiekin? (robert eta marzel erakutsiz)

Eneko: Bai, bai! Biziki gudariak bilakatzen ari dituk! (Orduan, robert eta marzel hasten dira kantuz: “Rikiki, trailailai, demain c’est la fête encore...”)

 

(entrenatzaileeri ura ekarri eta, edgar bi abertzaleen mahaierat hurbiltzen da!).

 

Edgar: Zerbait edanen duzue?

Aritz: Xuria!

Eneko: Gorria!

Edgar: Eta berdea ere, hasian hasi! Bester ere trago bat pagatzen duzue?

Aritz: Bai! (enekori) Herriaren askatzeak sakrifizioak galdatzen ditik!

Edgar: (ostaturat doa) Errazue gazteak! Aritz eta Enekok trago bat eskaintzen dauzuete!

F. Mustuka: Whisky!

Aritz: Gure hemengo eginbidea betea diagu! Goazen Heletako dantzaldirat!

Eneko: Bai! Han ere badiagu lan!

 

(Ostatuan pagatu eta ateratzen dira).

 

 

ANATOLE - ROBERT - MARZEL - FILIPE MUSTUKA
AUXTIN ESKUIN - FAUXTIN EZKER - EDGAR

 

Anatole: Nahi nikek jakin nun ebatsi sos arekin pagatzen duten bi Enbata zikin horiek! Deabru astapitoak! (berriz erhauts xuri hortarik emanez basoetan)

Robert: Eta gainera, ihiziaren kontra dituk Enbata horiek gehienak! Ez dakie basurde bat ere nola egina den!

Marzel: Hik badakika nola egina den basurdea, behin ere ez ikusi eta!

Robert: Hik baino gehiago, hain segur!

Marzel: (trufan) Zonbat hil dituzue jaz?

Robert: Zuek bota basurdeak, guk alxatu basurdeak zitian! Ah, zer mereximendua duzuen!

Marzel: Zuek baino abilago bait gituk!

Robert: (marzel papotik hartuz) Aurten, hain bat gaixto zuentzat, guk alxatu basurdeak hunkitzen badituzue eh!

Marzel: (robert papotik hartuz) Ez gituk zuetaz beldur gero!

 

(jeannot heldu da dantza tokitik).

 

 

ANATOLE - ROBERT - MARZEL - FILIPE MUSTUKA
AUXTIN ESKUIN - FAUXTIN EZKER - EDGAR - JEANNOT

 

Jeannot: Kalma zaitezte! Goazen goxoan!

Robert: To! Bertzea! Hi ez haiz hobea!

Marzel: Ez, ez! Basurdea bi metrotan izanki eta huts egiten!

Jeannot: (marzel hartzen du papotik) Ez zian bi metrotan, eh! Urrunago zian eh!

Robert: (jeannot hartzen du papotik) Utzak Marzel bakean eh!

Jeannot: Haugi kanporat!

 

(Hor berean hasten dira elgarri joka. anatolek arma edo xixpa ateratzen “bar”. aren gibeletik eta airerat tiratzen! Denbora berean, hiru jokalariak kanporat pusatzen ditu edgarek).

 

Edgar: Ba, ba! Zoazte kanporat! Kalapitarik ez hemen eh!

 

(robert, marzel, jeannot eta edgar ateratzen dira, ostatuan sartzen ari den zakarias putxapal detektiboa gurutzatzen dutela. Hunek ikusten du anatole erhauts xuri zerbait baso batean emaiten. Sakelatik atera karneta batean notatzen du).

 

 

ANATOLE - FILIPE MUSTUKA - AUXTIN ESKUIN
FAUXTIN EZKER - ZAKARIAS PUTXAPAL

 

Z. Putxapal: Zer gertatzen ote da — Bazen joka partida?

Anatole: Zer axola duzu!

Z. Putxapal: Huna ene bigarren galdea — Zu zira ostatu hunen jabea?

Anatole: Zer inporta zauzu?

Z. Putxapal: Eta huna, nahi baduzu, hirugarrena — delako pilota zoin gehiagoka triste hura hamen jokatu zena?

 

(edgar berriz sartzen da).

 

 

ANATOLE - FILIPE MUSTUKA - AUXTIN ESKUIN
FAUXTIN EZKER - ZAKARIAS PUTXAPAL - EDGAR

 

Edgar: Ba, ba! Hemen zen! Ah zer ostikoa eman dioten gure komerzioaren fama onari! To! (filipe mustuka erakutsiz) Hor duzu lau pilotarietarik baliosena! Filipe Mustuka!

Z. Putxapal: Ah baia! So egizu (filipe mustukari) Zerbait hartuko duzu?

F. Mustuka: Whisky! (z. putxapalek zerbait idazten du bere karnetan)

Edgar: (anatoli) Nagusi! Zoazi kanporat! Joka ari dira oraino!

Anatole: Ai urdeak! (ateratzen da bere arma edo xixpa eskuan)

 

 

FILEPE MUSTUKA - AUXTIN ESKUIN
FAUXTIN EZKER - ZAKARIAS PUTXAPAL - EDGAR

 

Edgar: (z. putxapali) Eta zuk, zer edanen duzu?

Z. Putxapal: Nahi duzuna — Entzun nezazu, jauna iduri duzu honesta — lagunduko duzu ene inkesta — lanjerosa da zure nagusia. — nihaurrek dut ikusia — baspetarat ixurtzen du droga — oraitan izan dut horren froga — edarietan emaiten du zerbait kaltegarri — grabe da izigarri — horrek esplika lezakeela — delako partida horen mail apala!

Edgar: (Hain zuzen, hau ere ari da erhauts xuri hartarik emaiten detektiboaren basorat) Alo! Zer kondatzen duzu? Ez lezake gure nagusiak xinaurri bati ere minik egin! Hain da leiala, maitagarria, goxoa!

 

(anatolen armaren tiroa entzuten da kanpoan. Bere edan untzia hartu eta, hutsik den mahaian jartera doa zakarias putxapal. Orduan, sakelatik ateratzen ditu irazki ttipi bat eta untzi bat. Bere basoko edaria untzi hortarat ixurtzen du irazkitik emanez.

Irazkian gelditu delako erhauts xuri hura jastatzen du).

 

Z. Putxapal: Jes! (Hurbiltzen da auxtin eskuinetik) Nahi zinukea jakin Anatolek zer nahasten duen edariekin?

Auxtin Eskuin: Futxo, Futxo! Bai! Bainan nola asmatu duzu?

Z. Putxapal: Urte ainitzez ikasteagatik — ximian trebe naiz errotik.

Auxtin Eskuin: Eta zer da?

Z. Putxapal: nacl.

Auxtin Eskuin: nacl?

Z. Putxapal: nacl edo “chlorure de sodium”!

Auxtin Eskuin: “chlorure de sodium”? Zer da hori?

Z. Putxapal: Gatza!

Auxtin Eskuin: Gatza?

Z. Putxapal: Bai gatza. Hori ustegabe latza!

Auxtin Eskuin: Ez dira ez ximia ikasketa luzeak egin behar gatzaren ezagutzeko.

 

(z. putxapal hurbiltzen da pauxtin ezkeretik).

 

Z. Putxapal: Nahi zinukea jakin Anatolek zer nahasten duen edariekin?

Fauxtin Ezker: Kotxino, kotxino! Bai, bai!

Z. Putxapal: Gatza!

Fauxtin Ezker: Gatza? Ah! nacl edo chlorure de sodium, alo! Eta zergatik?

Z. Putxapal: Horren argitzen naiz ari — hura zergatik emaiten dion edariari — aldi oro gatz birbira — arrazoinak klar dira — aberasteko bestalierren bizkar — Frikunkerietan baitira azkar edaria eta gatza nahasiz elgarri — edalea gero eta gehiago egarri — edari gehiago hartu eta edaterat gehiago behartu — hola bestalierrek ainitz xahutzen sosa — eta hantzen ostalerren moltsa — bainan ez du horrek esplikatzen — arrazoinamenduetan banaiz zuzen — pilota partida haren ahulezia — ez kexa! eginen dut argi guzia — banoa dantzaldira arrapostuak, behar bada, han dira.

 

(Ateratzen da. Dantza tokirat goaz berriz).