Garatenea
Pantzo Hirigarai
Garatenea
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2002

 

IX.

 

Dantzaldia iraganen den trinketean gira. Ezkerreko partean, pilota lekua eta eskuinekoan ostatua, “Bar”aren gibelean, Anatole nagusia, basoen xukatzen ari, itxura zikin eta arruntarekin, zigarreta ondar bat ezpainen xokoan, bizarra ez egina, noiztenka tuka edo pokerka. Aintzinean, 3 mahai ttiki eta borobil. Batean dago auxtin eskuin, beste batean fauxtin ezker, biak ere luneta edo betaurreko beltzekin. Erdiko mahai ttikia hutsik dago. Mahaien artean dabila edgar xerbitxaria. Eta “bar”aren xokoan, filipe mustuka pilotaria, basoa aintzinean.

 

 

ANATOLE - AUXTIN ESKUIN
FAUXTIN EZKER - EDGAR - FILIPE MUSTUKA

 

(edgar filipe mustukari buruz doa).

 

Edgar: Zer edanen duzu?

FilipF. Mustuka: Whisky!

Edgar: (erdi irriz) Ur xorta batekin?

FilipF. Mustuka: Eta ene ukumiloa hire muturrean?

Edgar: Irri egiteko zen!

FilipF. Mustuka: Ez da Whisky-arekin irri egiten!

Edgar: (anatoleri) Whisky bat! (anatolek zerbait husten du gordezka filipe mustukaren basorat eta whiskyarekin nahasten. edgar hurbiltzen da auxtin eskuinen mabaierat) Zer plazer zinuke jauna?

Auxtin Eskuin: Ura!

Edgar: Ah! Ura! Eta horrekin? Beste zerbait?

Auxtin Eskuin: Bi horma mokor!

Edgar: Ah, zer benefizioen mentura dugun zurekin! (Badoa fauxtin ezkeren mahaierat) Eta zuk Jauna?

Fauxtin Ezker: Ura!

Edgar: Ah! Gure komerzioaren martxaarazterat jina zu ere! Eta horrekin zer!

Fauxtin Ezker: Baso bat!

Edgar: Alabainan! Ez dauzut ura muturrerat botako! (Badoa “bar”erat eta nagusiari manatzen dio) Bi baso ur, batean bi horma mokor!

Anatole: Ai ustel zikinak! Zer diru sartzeak egin behar ditugun bi inutil hauekin! (ura ateratzen du eta diskretuki, erhauts xuri zerbait botatzen bi entrenatzaileen basoetarat. Urarekin nahasi eta, edgarek ekartzen ditu eta bi gizoner xerbitzatzen. auxtin eskuin eta fauxtin ezkerek bakotxa beren basoa hartzen dute eta biek batean edaten. Ageri da ez diotela gustu ona atxemaiten; biek beren basoa so egiten dute)

Edgar: Zerbait joan ez denik, jaunak?

Auxtin Eskuin: Segur zirea hau ura dela?

Fauxtin Ezker: Badu holako gustu bitxi bat!

Edgar: Errazue jaunak! Zentima bat ere gosta ez zauzuen edaria manatzen eta gainera nahi zinukete gustu ona ukan dezan! Ez dituzue pretentzione ttipiak! (eta itzultzen da nagusiaren ganat)

Anatole: Ai urdeak! Ah, ura? Edanaraziko dauzuet ba nik, ura!

 

(Lau mutiko sartzen dira: jeannot, robert eta marzel “Ricard” marka xapelan eta soinekoan, eta hauen ondotik eneko, poneta buruan, jauntziak ikur edo seinale abertzaletaz hornituak).

 

 

ANATOLE - AUXTIN ESKUIN - FAUXTIN EZKER - EDGAR
FILIPE MUSTUKA - JEANNOT ROBERT - MARZEL

 

Edgar: Egun on gazteak! Omore onean? Moltsa beterik? (Gaztek agurtzen dute, enekok agur militante bat egiten duela, ukomiloa alxatuz).

Anatole: Edaterat etorriak zirezte bai edo ez? Zer hartuko duzue? (“Ricard” seinaleak dituzteneri) Zuek “Ricard”, hain segur? (gaztek baietz) Eta zerbait eskainiko diozue gure pilotari handiari (filipe mustuka erakutsiz, irri larri batekin)

FilipF. Mustuka: Whisky!

Edgar: (enekori) Eta gure puntako eskualdunak?

Eneko: Euskal edari bat! Bere burua eskualduntzat daukanak euskal edari bat hartzen du! “Bizarra” likore bat. Gure eginbidea da euskal enpresen...

Jeannot: Errak Eneko! Ez gitzakala hire brililikeriekin kakinaraz eh!

Robert: Hi bezain eskualdunak gituk, gero!

Anatole: Politikarik ez ene ostatuan eh! Bost edari, hamar libera bakotz, heldu zauzue ehun eta hogoi libera! Nork ordaintzen du?

Jeannot: Hau enetako!

Marzel: Alxa ezak moltsa hori Jeannot! Hau enea duk!

Jeannot: Ez Marzel! Ondokoa eginen duk!

Marzel: Ez haizela tema Jeannot! Erran diat nik pagatu nuela! Utzak portefulla hori!

Jeannot: Marzel, kexatuko nuk!

Marzel: (jeannot papotik hartuz) Ez nuk hitaz beldur, gero! Haugi kanporat! Han esplikatuko gituk!

Robert: Geldituko zireztea! Besta egiterat jinak gituk! Ez joka artzerat!

Jeannot: Zer duk hik! Ez hiza kontent! (robert papotik hartuz)

Marzel: Gisa guziz, ez diagu hik pagatu tragoekin besta handirik eginen!

Robert: (marzel papotik hartuz) Haugi kanporat!

Anatole: La ostia! Kalma zaitezte eh! Edo nik kalmatuko zaituztet! Aharrik ez ene ostatuan!

Edgar: Enekok pagatuko du, ba! Ez dea hala Eneko!

Anatole: (enekori) Ba! Nundik duk sosa hik? Behin ere ez lanean ari izana ta! Alfer zikina hi!

Eneko: Egia da Frantses estado zapaltzaileak nahitarat jasanarazten daukun krisi ekonomikoaren biktima zuzen bat naizela eta langabezian...

Anatole: Ixil hadi, inutila hi! Baduk lana lanean ari izan nahi duenarentzat! Har ezak pala edo aitzur bat, hire politika pitokeri horiek utzirik! Redios! Ah, langabezian! Naski hi langabezian hizala sortzetik! (irri larri batekiri). Ez dea hala Edgar?

Edgar: Dena den, nahi duenak paga beza bainan paga ezazue. (filipe mustukari) Basoa hutsa duzu! Zer nahi duzu?

FilipF. Mustuka: Whisky!

 

(Musika entzuten da).

 

Jeannot: Ah! Bala hasten da! Baniak dantza lekurat, eme zerbaiten alxatzeko manera badenez ikusteko! “Renaut 12”ko “siege couchette”a arrañatua diat.

 

(Ateratzen da. Ostatu parteko argia itzaltzen da eta dantza toki partekoa pizten).