VIII.
“Punpetik” pilota elkarteko bulegoan gira. pattin zuriko joanjinka, zigarroa ahoan, manana segretario jarririk beti bere besoetako ginarriak lantzen ari. Bestejar leku batean, pauxtin ezker, kopeta mokanesarekin xukatzen ari, eta zakarias putxapal detektiboa, pipa ahoan.
PATTIN ZURIKO - MANANA
FAUXTIN EZKER - ZAKARIAS PUTXAPAL
Z. Putxapal: Ohointzak, jukutriak, ohez tronpatzeak — nere gain denen xuxentzeak — zer ote da zuen kezka — berehala dezatan ezezta.
Manana: Zer kalaka! Hau pistoleta!
Fauxtin Ezker: Bai! Nahi ginuke herriko eskorga guziak begista ditzazun.
Pattin Zuriko: Ixil zaitez! (z. putxapali) Badakikezu “Punpetik” gure elkarteko bi pilotariek, Jean François Arinburu eta Filipe Mustukak jokatu dutela jendea asaldarazi duen partida katastrofiko bat, pilotaren ixtorioak oraino ezagutua ez zuen zoin-gehiagokarik ahalgengarriena! Eta gaçide ez deienez Anatole, trinketeko ostatuko nagusiak zerbait kaltegarri iretsarazi partida aintzin!
Z. Putxapal: Nere burua galde frango dabiltzate — zergatik holako gaixtakeri bat ote?
Pattin Zuriko: Orhoitarazten dauzut Anatole astoputz horrek badituela lotura tinkoak “Denek. Bi” elkarteko presidentarekin: ez dea ba bere emaztearen lehen ezkontzako senarraren iloba, ostalerraren auzoaren anaiarekin ibiltzen?
Z. Putxapal: Egia, bainan huna ene arrangura — parreko pilotariak ere txarrak izan dira — Patrik Uzkurrak besoa flakatua — botean marrarat ezin hel — Jean Claude Biesku.bi net kokatua — joa arrunt motel — beraz auzia argi geldi dadin — lau plekariak izorratuak izan dira berdin!
Pattin Zuriko: Hain zuzen! Hauek ere drogatu dituzte susmoen barreatzeko; ez zadin beren maltzurkeriaz nehor mesfida!
Z. Putxapal: Ez dut sesitzen zure akusapenaren funtsa — nun entzun dut jadanik holako arrazoinamendu mentsa?
Pattin Zuriko: Ez nezazula laidosta, inkesta hunentzat emaiten dauzutan xeke gottoraz orhoituz! (Xekea erakusten dako)
Z. Putxapal: Otoi serioski mintza gaiten — ez du diru zama handia egiten — segidan aitor dezatan — Mattin Zubikok kontaktatu nauela oraitan — eta bere xekak bazuela beste itxurarik haatik — bi zero eman ditu ondotik (xekeko zenbakia erakutsiz)
Pattin Zuriko: Ai urdea! Bera afera triste hunen akulatzaile eta inkesta galdatzen! Zer kopeta! Huna eskas dituzun bi “zero”ak! (xekean emaiten ditu). Nahi nuke gaur arratseko dantzaldirat joan ziten Anatole ostalerraren joka moldeak diskretuki begistatzeko, froga dezagun Mattin Zubikoren esku makila izan dela ixtorio huntan! (fauxtin ezkeri) Jaun entrenatzailea! Zu ere zoaz dantzaldi hortarat, detektibo jaun hunen laguntzeko bere inkestan!
Fauxtin Ezker: Ba Bainan, gauerditan plaza gibelerat joan behar dut eta...
Pattin Zuriko: Zure onetan da nik manatua obratzea!
Fauxtin Ezker: Kotxino, kotxino!
(Telefonoaren tirrinta entzuten da. nananak hartzen du).
Manana: Bai? Ados! (pattin zurikori) Jaun lehendakaria, norbaitek nahi du berarekin mintzatu!
Pattin Zuriko: Norekin?
Manana: (telefonoa pattin zurikori eman nahiz) Berarekin!
Pattin Zuriko: Ah, nerekin! (ahapetik) “Denek. Bi”ko segretarioa hartu beharra! (Gora) Errakozu biziki okupatua naizela!
Manana: (telefonoan) Biziki okupatua naiz!... Nola? Ah! Berri ona! (telefonoa pausatzen du) Berri ona, jaun lehendakaria: edari marka batek nahi gaitu sponsorizatu! Diote beren izena ontsa joanen dela gure pilotarien jokoarekin!
Pattin Zuriko: Zoin marka da?
Manana: “Kakola light!”
(Argia itzaltzen da).