Garatenea
Pantzo Hirigarai
Garatenea
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2002

 

V.

 

“Denek Bi” elkarteko bulegoan gira. Mahain baten gibelean, jarririk daude mattin zubiko lehendakaria eta auxtin eskuin entrenatzailea. Hauen parrean, lau kazetari, karneta eta idaztekoa eskuan.

 

 

MATTIN ZUBIKO - AUXTIN ESKUIN - XERAFIN MUTTURFIN
GAXUX PINTERDI - MARI KUTZU - PANPALE KAKANAHASLE

 

Mattin Zubiko: Beraz, jaun andereak, neretzat ez da dudarik! Oraino ongi inguratzen ez dugun nahigabe bat gertatu da, atzoko partida hortan! Beti mail ona erakutsi dute gure plekariek eta gaude ez direnez zerbait jukutriren petzero izan. Kalte egin dieten zerbait ustegabean hartu dukete, jokatu aintzin, hain flako izaiteko! Edo norbaitek maltzurki hararazi. Gure pilotariak ez dira orhoit zerbait berezi iretsi dutenik. Inkesta zorrotz bat eraman gogo dugu! Galderak badituzue?

1. kazetaria: Xerafin Mutturfin, “Suhuskune Magazine” katsetarentzat: biltzar huntarik landa badea aperitifa bat?

2. kazetaria: Gaxux Pinterdi, “Irisarri Match” katsetarentzat: Nola definitzen ahal laike pilota jokoak bere baitan segeretuki datxikan ezin ukatuzko mistizismo hori, Budismoak daukan “Nirvana”ren bilaketaren pare?

3. kazetaria: Mari Kutzu: “Iholdi Madame” katsetarentzat: Nere galdea Auxtin Eskuin entrenatzailearentzat da! Jauna, zurrumurru batzuen arabera, zure andrea ikusia izan ditaike berriki, “Punpetik” elkarteko entrenatzailearekin, eliza gibelean, gauerditan, auto batean, argi guziak itzalirik, holako mogimendu bitxiak egiten zituela autoak! Zerbaiten jakinean zira?

Auxtin Eskuin: Ez nakien! Futxo, futxo! (kopeta mokanesarekin xukatuz)

Mattin Zubiko: Otoi! Egungo gaiari mugazkizue zuen galderak! Bai zuk!

4. kazetaria: Panpale Kakanahasle, “Armendaritz Olympique” katsetarentzat: Uste duzia “Punpetik” elkarteko lehendakari den Pattin Zurikok baduela zerbait ikustekorik aipatu duzun delako misteriozko jukutxi horrekin?

Mattin Zubiko: Ez! Pattin Zuriko aspaldiko adixkidea dut eta baditut estima eta errespetu handienak berarentzat! Ez daut nehork sinetsaraziko zerbait bihurrikerien egiteko gai denik!

1. kazetaria: Xerafin Mutturfin! Bon! Gauza seriosetarat pasatzen bagine (eskuak torratuz)

 

(Argia itzaltzen da).