Santxa
Aizpea Goenaga
Santxa
Aizpea Goenaga
Euskaltzaindia / BBK, 2006

 

HIRUGARREN ESZENA

 

kaikuek patioan kantuan jarraitzen duten bitartean, alde batetik disimuloz santxa kondesa sartuko da, eta kaikuei begira geratu da, haiek jabetu gabe. Beste aldetik erregea ere iritsi eta begira geratu da, inor ez da bestea ere hor dagoela ohartuko.

trobalariek beren koplak amaitzean, santxa txaloka hasiko da.

 

SANTXA: Jainko maitea, entzundakoak entzunda, Aita Santuaren aurrean nirekin egon zinetela pentsaturen nuke.

3. KAIKUA: (Zeremoniatsu makurtuz) Barkatu anderea, ez genuen uste berorri begira zegoenik!

2. KAIKUA: Ez beza pentsa, guk uste gabean sortu dugun hau jende aurrean kantaturen dugunik!

1. KAIKUA: (Larri) Ez, denbora pasa bat besterik ez da izan, guretzat besterik ez.

SANTXA: Mundu osoak ikusi eta entzun behar izanen lituzke zuen kantuak. Akats bakarra dute: jendeak ez lituzke sinetsiren: puztutako gezurra besterik ez dela uste izanen lukete. Nondik jakin duzue baina abestu duzuen guzti horren berri?

3. KAIKUA: Hara, andere txit agurgarria. Guk bidaia zurekin egin dugun bitartean, isilik zerbitzatu zaitugu. Sua egiteko egurra behar bazen, biltzen genuen. Arimak gozatzeko kantuan egin behar bagenuen egiten genuen... isilik egin dugu bidea, bai. Ez du horrek esan nahi, ordea, entzun ez dugunik.

SANTXA: Bai ondo entzun ere! Eta Gartzianeida izena? Nik liburua amaitu baino lehen jarri diozue izenburu aproposa. Bai horixe! Gartzianeida Kopla hauek jendeari erakutsi behar dizkiozue, kantuz gurasoek seme-alabei erakutsi diezaizkien! Nik paperean izkiriatu eta zuek koplaz kopla, bertsoz bertso kantatu, leitzen ez dakitenek ere jakin dezaten. Ezagutu beza munduak gure Elizaren gobernatzaileen harrokeria!

 

Ezkutatuta dagoen lekutik agertuz.

 

SANTXO R: Ondo entzun al dut esan duzun hori?

SANTXA: (Etenaldia) Zer egiten duzu zuk hemen?

SANTXO R: Itzuli zaren berri jakin dut.

SANTXA: Ni baino arinago ibiltzen dira berriak.

SANTXO R: Aita Santuarekin izandako zure bisitaldian gertatutakoari buruz jakin min izugarria nuen. Eta banekien ez zinela zuzenean niregana etorriren. Uste zuzena nirea!

SANTXA: Ez nabil zugandik ihesi.

SANTXO R: Hala hobe.

SANTXA: Zertara dator hori?

SANTXO R: Eta galdera hori zuk egiten duzu? Hara, ezin ditut kaiku hauei hemen entzundakoak sinetsi. Eta ondorengo zure txaloak, zure hitzak... nola ulertu!.

SANTXA: Harritzen al zara? Nik Erromarainoko bidaia hango Aita Santuarengan uste handia nuelako egin nuen. Haren onberatasunean sinesten nuelako egin nuen. Nire argibide eta arrazoiak entzunen zituelakoan nengoen. Harrotasun punttu bat ere aitorturen dizut, limurturen nuelako ustean bainengoen. Baina, (etenaldia) nahi nuke han egon izan bazina, Santxo neba, ezinen zenuke nire begiek ikusitakoa eta nire belarriek entzundakoa jasan. Ez!

SANTXO R: Ahaztu behingoagatik zure buru gogorkeria hori.

SANTXA: Ahaztu?! Horixe da egin nahi ez dudana. Paperetan jartzen ari naiz han bizi izandakoa. Hitz bakar bat, keinu bakar bat ahaztu baino lehen. Denborak eta ezintasunak horixe egiten baitu, ahaztarazi. Eta nik ez dut ezer ahaztu nahi, anitz ikasi baitut. Anitz gainera.

SANTXO R: Ikasi, zer baina? Arlote horiek esandakoak? Iseka eta errespetu gabezia horiek?

SANTXA: Hemen ikusitakoagatik haserretzea libre duzu. Baina haserreago nago ni, eta haserre egoteko arrazoi osoa dut, gainera, han, Erroman ikusitakoagatik!

SANTXO R: Bizi duzuna bizi duzula, entzun duzuna entzun duzula ere, ez duzu Erromako Eliza nire kontra jartzeko eskubiderik. Ez dut halakorik gertatzen utziren. Ez dut halakorik onarturen. Ez du nire erreinuak halakorik jasan behar.

SANTXA: Ez. Eta nik merezi al dut isiltzea? Erromako Eliza bera jarri da bere buruaren kontra. Hura ez da Eliza, hura ez da Aita Santua.

SANTXO R: Santxa!

SANTXA: Ez, ez nauzu isilaraziren, barrua hustu arte ez behintzat. Santxo, Urbano ii.a ez da Jaungoikoak errandakoaren jarraitzailea. Besteontzat predikatu eta beretzat bekatu. Elizaren buru izatea, beretzat agintea erabiltzea besterik ez da, bere ohore gosea asetzea.

SANTXO R: Egin dezala nahi duena, Jainkoaren gidaria da.

SANTXA: Ez. Ez horixe. Jainkoak ezin du pozik egon Eliza bere mesedetan gobernaturen duenarekin. Eta ezta ni ere!

SANTXO R: Ez dizut horrela hitz egiten utziren, kordea galdu al duzu, ala?

SANTXA: Kordea aurkitu egin dut. Orain arte itsututa nengoen. Hainbat kontu gustukoak ez banituen ere obeditu egiten nuen. Baina nik Jainkoari zor diot obedientzia, ez mozkortuta eta harrokeriaz hitz egiten duten sasi-ordezkari batzuei.

SANTXO R: Ez zaitut hitz horietan ezagutzen. Bidaiaren nekeak nahastu egin zaitu beharbada. Hobe duzu zeure burua zaintzea! Eta jakizu, arreba, (mehatxatuz) ahoz gora esan eta izkiriatu dituzun hitz horietako bakar batek horma hauek gurutzatzen baditu, zuk ez dituzu gurutzatu ahal izanen.

SANTXA: Zer egin behar duzu nirekin, giltzapean sartu? Horma hauetatik ez ateratzeko agindua eman behar al duzu? (Isilunea) Bada jakizu, ez nauzula isilduren. Heriotzaz ez bada, Jainkoaren gogoa ez bada, ez nau inork isilaraziren. Mundu honetara zer edo zertara etorri nintzen. Emakume jaio nintzen, Jesusen ama bezala. Eta Jesusek emakumeei zien errespetua nahi dut niretzat ere bere Elizarengandik. Ez naiz zakur bat. Ez. Munduan bezalaxe Elizan ere dotrina egin eta sinesten dutenak daude, eta horien parez pare, beren buruarengan besterik sinesten ez dutenak, gogaikarri hutsak, handinahia besterik ez dutenak, eta handi min horrengatik, beren ama ere salduren luketenak. Eta barka iezadazu, hain garbi hitz egiteagatik, baina azken horiei ez diet inolako errespeturik, ez aizkolari, perratzaile, Lizarrako jauntxo, edo aita santua izan! Eta ez genuke haien esanetara jarri behar, gure lurra okerreko bidetik eramanen baitute.

SANTXO R: Erratuta zaude. Dena hankaz gora ikusten duzu. Eliza ama erratuta balego, goizero eguzkirik ere ez litzateke irtenen.

SANTXA: Ez nago erratuta, ez. Mundua bi zatitan banatuta dago. Eta ez dago elkar hartzerik, bakoitzak berea nahi badu. Nik behintzat ez daukat zer ikusirik ezagutu aurretik hainbeste miresten nuen Jaungoikoaren ordezkariarekin. Bi aukera nituen: nire egin beharrengatik borrokatu edo komentuan obedientzia isilean itzali. Egin ala jasan.

SANTXO R: Ez dira inoiz gauzak zuriak ala beltzak.

SANTXA: Bai. Azkenean bai. Azkenean... Ni ez naiz inoren etsai, mundu honetara sortu naute, edozein gizaki bezala. Hegaztiei hegan egiteko ahalmena ez zaie kentzen, emea zein arra izan. Hegal handiak dituenak gora eginen du hegan, eta txikiak dituena, berriz, arbolaren inguruan geraturen da. Nor da hemen epaile eta borrero, emakume jaiotzeagatik hegalak mozteko?.

SANTXO R: Garbi ikusten dut orain, ni erratu nintzen, gora hegan egiterik bazenuela sinistarazi nizunean.

SANTXA: Ez. Nik egin ahal nuen, eta baita izarrak ukitu ere! Baina Jainkoak eman didan argitasun eta erabakimena, ni bezala hezur eta haragi den gizaki batek zergatik kendu behar dit?

SANTXO R: Munduaren ordena ezin da hautsi. Ez zuk eta ez nik, ezin dugu.

SANTXA: Baina Erroman bapo bizi besterik egiten ez duen harroputz batek al du? Eta zein da gainera apurtzea hain arriskutsua den ordena hori? Zer gerta liteke, emakume izateagatik atzetik ibili beharrean zuen parez pare ibiliz gero? Eta? (Etenaldia) Iritsiren da, mila urte pasaren badira ere, emakumeak Elizaren buru izanen diren egun bat, eta lur sailak gobernaturen dituzten egunak, eta kopla kantari edo festetan ibiliren diren egunak ere, inork atzera bultzaturen ez dituen egunak.

SANTXO R: Zertarako behar ote dugu halakorik? Zertarako emakumeak koplatan? Barregarri geratzeko? Zertarako Elizaren buru izan, edo lur sailen gobernatzaile? Zergatik? Zu emakume izanda ere ez al dizut nik, zure nebak, lekurik gorena eman?

SANTXA: Zuk eman? Zuk komeni zitzaizuna egin zenuen. Ez besterik. Edo bai, zerbait eman zenidan, gauzak beste modu batera izan zitezkeela ikusteko aukera. Nire iritziak ere balio duela jakiteko aukera.

SANTXO R: Ez zaitut ezagutzen. Amak arrazoia du, handinahikeriak itsutu egin zaitu.

SANTXA: A, ama! Tartean ibili da. Ni Iruņeko Artzapezpikutzatik kanpo ikusi arte ez du atsedenik hartu, ezta? Argirik gabe utzi arte ez da gelditu!

 

ama agertuko da une horretan.

 

AMA: Nik ez daukat zer ikusirik, haren erabakian, ez izendatu zintuenean, ezta orain ere. Baina nire iritzia jakin nahi baduzue, jakizue bidezkoa iruditzen zaidala, lan hori gizonen esku egotea. Hori ez zenuen zure lekua.

SANTXA: Urraka! Mesedez! Kaikuak! Abade eta monjeak! Zatozte denok! Etorri bizkor!

 

Eszenatokia jendez beteko da. santxa eta santxo r. Jendez inguratuko dira. Antzezlanean zehar agertu diren pertsonaiez.

 

URRAKA: (Agertuz, larri) Zer da? Zer gertatzen da?

SANTXA: Urraka, Fortunio, esan iezadazue, oker egin al dut? Gaizki egin al dut nire betebeharra?

URRAKA: Ez nazazu neba eta ahizparen artean jarri. Ez dut aukerarik egin nahi! Ezin dut.

SANTXA: Baina esadazu egia...

URRAKA: Ez dago egiarik!

SANTXA: (Desesperatzen hasita) Fortunio, esaiozu erregeri, ez dudala okerrik egin!

MONJEA: Ni ez naiz epailea.

SANTXA: Ez al dit inork babesik eman behar? Inork ez al du nire alde ezer esan behar?! Zuek kaikuok eman nire ibilien berri.

1. KAIKUA: Anderea, arrazoia ez zaio falta, berorren haserrea...

3. KAIKUA: (Danbateko bat eman eta atzera erretiratuz) Andere maitea, gu ez gara nor hemen ezer esateko. Gu zerbitzari xume batzuk besterik ez gara, guk zer jakinen dugu ba!

SANTXA: Ez du inork nire alde egin behar. Bakarrik utzi behar nauzue gehien behar zaituztedanean? Jaungoikoa, otoi, lagun iezadazu! Jauna! Jauna! Zu ere beldur al zara?

SANTXO R: Tira, goazen.

 

denek poliki-poliki alde egingo dute. santxa lurrean belauniko nigarrez utzita.

Bakarrik geratzean santxak burua altxatuko du, poliki-poliki. Eta gorantz begira geratuko da.

 

SANTXA: Zu ere, Jauna... batzuen buruak asmatutako ideia bat besterik ez ote zara? Jakina! Mundu honen zergatiak eta zertarakoak atzeman ezinak dira. Zertarako nago hemen, zertarako naiz? Erantzuna ez jakitearen beldurrak sortutako bizimodu zoro madarikatua!

 

engraxi eztulka entzungo dugu atzealdetik. Eszena tokira sartu eta santxaren ondoan jarriko da, sorbaldatik heldu eta altxatzen lagunduko dio.

 

ENGRAXI: Ez bedi makurtu lurrera. Hil arte ez behintzat. Lurra hotza da-eta.

SANTXA: Engraxi! Ez dut etsiren, ez horixe! Gehiegi dakit isilik egoteko. Aurrera egin behar dut, Jainkoak... (bere burua zuzenduz) Ez! nire barruko indarrek uzten didaten bitartean. Aurrera!

 

santxa altxa eta lehen idazten aritu den lekuan eseri eta idazteari ekingo dio.

 

Argiak itzaltzen joango dira.

 

amaiera.