Santxa
Aizpea Goenaga
Santxa
Aizpea Goenaga
Euskaltzaindia / BBK, 2006

 

HIRUGARREN ESZENA

 

—I—

 

santxo ramirez errege gela zabal eta handi batean dago, erdi etzanda. Besoa izara zati batzuekin gorputzera lotuta duela, azken borrokaldian izandako zauriak agerikoak dira. Berarekin batera, monje bat, fortunio, belar enplastoak jartzen ari zaiola.

 

FORTUNIO MONJEA: Bego geldirik, Santxo.

SANTXO R: Geldirik banengo hilda nengoke. Eta oraingoz behintzat, ez daukat horretarako intentziorik

FORTUNIO MONJEA: (Edabe bat emango dio monjeak) Har beza edabe hau; mesede eginen dio-eta.

SANTXO R: (Zurrut egin eta dena isuriz) Atx! Arraioa! Ze pozoi nazkante da hau! Ez dago edaterik.

FORTUNIO MONJEA: (Pazientzia handiz) Tira, ez bedi umea izan, eta edan beza.

SANTXO R: Baina zerorrek probatu al duzu? Deabruarena putza! Horixe da!

FORTUNIO MONJEA: Ni izan banintz saihetsean halako zauria duena, behar adina aldiz harturen nuke edabe hau, bai. Aitzakiarik gabe gainera!

SANTXO R: Ez dakit nola fidatzen naizen zurekin, hara!

FORTUNIO MONJEA: Beste erremediorik geratzen al zaio? Tira, edan beza zanga-zanga.

SANTXO R: Garratzagorik! Ņo, nire anaia kaiku horren listua edaten ari naizela dirudi.

FORTUNIO MONJEA: Utz beza anaia bakean eta edan beza.

SANTXO R: Zer, zu nire anaia Gartziaren alde orain?

FORTUNIO MONJEA: Ez. Baina ez naiz orain berorren belarriei gustua ematen hasiko. Gorde bitza indarrak barrua sendatzeko.

SANTXO R: Anker alua!

FORTUNIO MONJEA: Jainko bedeinkatua!

SANTXO R: Gartziak munduan hartzen duen lekua beste norbaiti utzi behar lekioke, eta bakea eman.

FORTUNIO MONJEA: Egon bedi lasai.

SANTXO R: Gaizki jaiotako zerria! (Tartea) Eta ez ausartu halakoa ez dela esaten! Dena eman diot. Dena. Jakako gotzain izatea gutxi ez zela, Iruņeko gotzain izendatu eta...

FORTUNIO MONJEA: (Edabeari buruz) Buka beza. (Gaia aldatuz) Ondotxo daki ez dudala berorren anaia inoiz oso gustuko izan. Ez diot inoiz argi eta garbi aitortu, jauna, baina Akitaniara alde egitekotan ere izan nintzen, haren agindupetik aldentzeko. Ez zuen kontrako iritzirik onartzen. Berak nahi zuena egin eta gainerakoei ez bizitzen utzi. Hori zuen lema. Berorren anaia halakoa izan da beti, ez da kontu berria.

SANTXO R: Zer esan nahi duzu, gertatutakoaren erantzule naizela?

FORTUNIO MONJEA: Ez du nire ahoak halakorik esan. Baina gauzak dauden bezala egonda, eta berorrek borrokaldietan ematen dituen bolada luzeak kontuan hartuta, oso-oso gertuko norbait behar du orain kargu horretarako. Konfidantza osoko norbait.

SANTXO R: Zer uste duzu, ez dakidala hori?

FORTUNIO MONJEA: Bukatu beza behingoz!

SANTXO R: Eta zu?

FORTUNIO MONJEA: Ni? Oso estima gutxi dit berorrek.

SANTXO R: Nahi izan bazenu, erraz akabaturen nindukezun, eta aldiz, beti nire aingeru guardakoa izan zara, beti ni osatzeko prest.

FORTUNIO MONJEA: Belar eta arima kontuetan bai. Baina elizak, lurrak, monasterio eta abadeak gobernatu? Ez horixe!

SANTXO R: (Bere arterako) Abade gogaikarria!

 

Une horretan atea joko dute. ama da.

 

AMA: Santxo, ni naiz.

SANTXO R: Zer du, ama?

AMA: Hara, hiru abade etorri dira, Iruņeko monasteriokoak. Kezkaz beterik etorri ere.

SANTXO R: Ez al dut bada nik ere lehendik nahikoa?

AMA: Monasterio horiek aginte jakinik gabe geratu direnetik, lapurrak ugaritu egin zaizkie. Eta beldur dira Sahagun eta Bordeleko...

SANTXO R: Ama, mesedez, ez dut halakorik orain behar. Badakit, badakit. Laster konponduren dut kontu hori, lasai egoteko erran, eta orain ezin ditudala hartu esan (monjeari) Ez zaie nire zauriei komeni, ezta?

FORTUNIO MONJEA: Hobe bakea.

AMA: Halaxe erranen diet, Santxo. Hala ere, jakin ezazu , Eneko Garseanis Sendagile jakintsua hiru horien artean dela. Konstantinopla eta Turinen ere ikasten ibilia omen da. Aski ezaguna da haren sendatzaile ospea; ez al da ala Fortunio?

FORTUNIO MONJEA: Hemen al da Eneko?

AMA: Bai.

SANTXO R: Erraten duten bezain ona al da?

FORTUNIO MONJEA: Proba beza berorrek, galtzekorik ez du.

AMA: Hemen da.

SANTXO R: Esan bada sartzeko!

 

amak atea ireki eta eneko garseanis abadea sartuko da.

 

FORTUNIO MONJEA: Eneko! (Besarkatuz)

ENEKO 3. ABADEA: Fortunio!

SANTXO R: (Ironiaz) Hau da lagunarte gozoa! Nire saihetsak minik emango ez balit!

 

enekok begirada bat botako dio fortuniori eta honek aurrera jarraitzeko keinua egingo dio.

 

FORTUNIO MONJEA: Ekiozu sendatzeari! Gustu handiz ikusiren ditut nire ikasle hoberenak egindako aurrerakuntzak.

ENEKO 3. ABADEA: (erregeren saihetsa begiratuz) Ondo, ondo...

SANTXO R: (Ironiaz) Iruņeko eliza bezain ondo, ezta?

ENEKO 3. ABADEA: (Etenaldi baten ondoren) Antzeko.

SANTXO R: (Desafioan) Nik baina, horri egun pare batean jarriren diot erremedioa. (Zauriak erakutsiz) Eta zuk honi?

ENEKO 3. ABADEA: (Atzera egin gabe) Honi, oraintxe bertan! (Gerritik hauts poltsa bat atera eta hautsak zauriaren gainean jarriz)

SANTXO R: Aurrea hartu behar al didazu?

ENEKO 3. ABADEA: Ez naiz ni lehian ari. (Bere lana eginez) Honek ere egun pare bat beharko du bere onera etortzeko.

SANTXO R: Parean ibiliko gara bi kontuetan.

ENEKO 3. ABADEA: Erran diot.

SANTXO R: Erremedio azkarrak dituzun horrek, Iruņeko artzapezpikutzaren buru nor jarriren zenuke?

ENEKO 3. ABADEA: Hori berorrek jakinen du, nik zauri bakoitzaren gainean zer jarri besterik ez dakit.

SANTXO R: Eta ez al zara inoiz erratzen?

ENEKO 3. ABADEA: Bai. Baina hala denean ere, nire borondate eta uste onenarekin jokatzen dudanez, kontzientzia garbi izaten dut.

SANTXO R: Bai, jakina. Eta gaixorik dagoenak ez al dio inoiz zure erremedioei uko egiten?

ENEKO 3. ABADEA: Bai, inoiz edo behin. Baina nire erremedioa zein den zenbat eta argiago erakutsi, orduan eta errezelo gutxiago sortzen dut.

SANTXO R: (Pentsakor) Halaxe izaten da bai.

ENEKO 3. ABADEA: Baina berorri ez da zauriez ari?

SANTXO R: (Irribarretsu) Ez al dira arazoak beti zauri edo gaitz?

ENEKO 3. ABADEA: Niretzat bai.

SANTXO R: Ez al da bizitza bera, sendatu beharreko zerbait?

FORTUNIO MONJEA: Hain txarra iruditzen al zaio bizitza?

SANTXO R: Ez zen hori nik erran nahi nuena, Fortunio.

AMA: Fortunio, guk hitz erdirik ez ulertzeko moduan ari dira berriketan.

SANTXO R: Ez dago Fortunio eta berorri ama isilduko dituenik! Tira, joan bitez orain elkarri hauts eta edabeen berri ematera, gustura entzunen dituzue elkarren kontuak-eta. Nik kontra ditudanei aurre egiteko arnasa behar dut.

ENEKO 3. ABADEA: Gero arte, bada, jauna.

FORTUNIO MONJEA: Agur, eta har beza atsedena!

AMA: Ezer behar baduzu, eman abisua. Ez gara urrun izanen.

 

hirurak atera egingo dira, gogo onez, santxo bakarrik utzirik.

 

SANTXO R: Ez dira atsekabeak bakarrik etortzen, ez. Zer ote da: atsekabeek gorputza gaixotu egiten dute ala gorputza minez denean, atsekabeak pilatu egiten dira? Batek daki. Jakiteak ezer sendaturen ahal dit! Erabakiak sendo hartu eta errezeloei leku txikia utzi, horixe da egin behar dudana! Eta erabakia hartua dut. Nahiz eta nik bakarrik izan horren berri.

 

Beste aldetik zerbitzari batek hitz egingo du.

 

ZERBITZARIA: Jauna!

SANTXO R: Zer da?

ZERBITZARIA: Berorren arreba, iritsi berri da.

SANTXO R: (Etzanda zegoen lekutik salto eginez) Zein, Santxa? Santxa iritsi al da gurera? Etortzeko esaiok bada, kaikua! Datorrela korrika!

ZERBITZARIA: Bai, jauna. (Desagertuz)

SANTXO R: (Bere buruari) Ai, Santxa, Santxa... Nola esan, esan beharrekoa. Zoratuta nagoela uste izanen du. Buruko pentsamenduak hitzetan jartzen asmaturen banu, erraz esanen nizkioke esan beharrekoak. Hau da gizaki izatea: beti zerbaiten karian. Ezin aldi berean eguzki eta ilargi izan.

 

Handik gutxira bere arreba santxa gelara sartuko da.

 

 

—II—

 

santxa gelara sartuko da. Eta nebari aurrez aurre, begira-begira geratuko zaio. santxo ramirez ere isil-isilik hari begira, elkar ezagutu beharrean-edo. Nork lehen hitza bota zain biak.

 

SANTXA: Santxo!

SANTXO R: Santxa! Eskertzen dizut etorri izana.

SANTXA: Ez dakit egokiena egin dudan, ez dut komentua bakarrik uztea gogoko, gainera alferrikako bidaia hauek nekatu egiten naute, eta nazkatu.

SANTXO R: Monasterioko bakera gehiegi ohitzen ari zara, arreba. Eta zauriturik dagoen zure neba ikustera etortzea ez nuke alferrikako bidaia denik esanen.

SANTXA: (Isilune luze bat. Elkarri begira geratuko dira. Irribarretsu) Txotxolo puska!

SANTXO R: Gainetik horrelakoak entzun behar izatea ere!

SANTXA: Zure zauriek sortu didaten izua gainditu ezinik nentorren; hilik zeunden berri ere iritsi zait-eta.

SANTXO R: Ez nago horrela gustuz.

SANTXA: Etsaiaren ezpatari saihetsean sartzen norbaitek utzi dio bada.

SANTXO R: Gogorra zara gero! Zer moduz nagoen ere ez didazu galdetu?

SANTXA: Bizirik zaudela ikusten dut. Eta itxura txarrik ez duzu. Nahikoa dut hori ikusita, ez ditut zure aieneak entzun nahi.

SANTXO R: (Irribarretsu) Nigatik kezkatu egin zara?

SANTXA: Utikan!

SANTXO R: Bai horratik! Aitorturen ez baduzu ere... nigatik kezkatuta zinen.

SANTXA: Egonen ez nintzen bada!

 

santxo ramirezek besoak zabaldu eta isilune baten ondoren, bi anai-arrebek elkar besarkatuko dute.

 

SANTXO R: Gu ez gaituzte berehala akabaturen, arreba; gu ez. Beste sen berezi batekoak gara.

 

Une batez elkar estu besarkaturik egongo dira.

 

SANTXA: Eta?

SANTXO R: Zure semeak? Zer moduz daude nire ilobak?

SANTXA: Zaharrena Urgelen da, hango kondea denez, bere lurrak ondo ezagutu behar ditu. Gazteenak, berriz, nahikoa du fraideen monasterioko ikasketei jarraitzearekin. Badu horrek zeregina franko, bai. Bera ni bezala letra zalea da.

SANTXO R: Akaso, monasterioak utzi eta gurera etortzea izanen luke hoberena, Pedro nire semeak, gaur edo bihar, konfidantzako gudariak beharren ditu alboan.

SANTXA: Ez ninduzun baina, nire semeengatik galdetzeko ekarraraziko, ez?

SANTXO R: Zure sen horri ihes egiten dionik ba al da?

SANTXA: Egon balego, harrapaturen nuke!

SANTXO R: Horretaz ziur naiz, bai.

SANTXA: Eta, hain kontu larria al da, zer den galdetu eta esan ere egiten ez didazuna?

SANTXO R: (Isilunea)

SANTXA: Zer duzun, erranen didazu, behingoz? Bidaia osoa zer ote zen pentsatzen eman dut. Zer da, traizioren bat? Mairuak berriz ere gainean dituzula? Hori kontu berria! Lurren mugak harantzago jartzerik bazenu... paturen zenituzke, ezta? Hori al da? (Isilunea) Ala gaixorik zaude?

SANTXO R: Ez, ez, Jainkoari esker oraindik behintzat osasuntsu nago eta ezpata batek bihotza gurutzatzen ez badit behintzat, luze bizitzeko asmoa dut. Ez... (Isilunea) Oso kezkatuta naukan arazo bat dabilkit buruan, egunak daramatzat lo ere ondo egin ezinik.

SANTXA: Esan iezadazu behingoz, bihotza kraskatzen ari zait eta.

SANTXO R: Gure anaia Gartziaren traizioaren berri eman nizun.

SANTXA: Bai. Traidore halakoa! Mairuekin elkartzea ere. Sasiko anaia deitzea besterik ez du merezi.

SANTXO R: Eta Jainkoak dagoenerako ederki zigortu du.

SANTXA: Adan sagar bat jateagatik paradisutik bidalia izan bazen, ez zuen ba hark baino zigor txikiagoa jasoren!

SANTXO R: Tira, egon bedi infernuan, bizirik geratzen zaizkion egunetan, gero ere izanen du-eta han lekurik!

SANTXA: Hala bedi.

SANTXO R: Kontua da, guzti honek kezka izugarria sortu didala: Iruņeko gotzain izateko gai den norbait topatu behar dut, hango lurrak eta aberastasunak gobernaturen dituen norbait.

SANTXA: Eta Monjardineko San Esteban monasterioa ere nagusirik gabe dago, badakit bai.

SANTXO R: Hara, hauek aurrera eramateko gauza den norbait behar dut. Indartsu eta adiskide izanen dudan norbait. Badakizu ustez lagunak direnak ere, buelta eman orduko etsai bihurtzen zaizkizula!

SANTXA: Ez da kontu makala, ez! (Irribarretsu, eta gero serio jarriz) Odol berekoak ere ia akabatu zaitu.

SANTXO R: Hara hor bada! Eliza hauek nireganatu behar ditut. Azken aldi honetan gure Jaungoikoaren etxeak Erromako Aita Santuarengandik ere urrutiegi daude. Eta ez zaigu komeni.

SANTXA: Bai, badakit, edozein aitzakia ona da, zu bultza eta hainbat monasterio irensteko.

SANTXO R: Horrexegatik ba, ezin dut hutsik egin. Nire asmoak zintzo beteko dituen norbait behar eta nahi dut gure Iruņeko artzapezpikutzan. Mairuak edo Gaztelako errege geldiaraztea askoz ere errazagoa da, Gregorio vii.a Aita Santua eta beronen sesiozale guztiak baretzea baino. San Agustinen doktrina sartu behar bada monasterioetan, sartu eta kito! Ez dut haiekin liskarrik nahi. Nik batez ere monasterioak nire menpe nahi ditut, ondo menderatuta.

SANTXA: (Mesfidati) Elizaren indarrarekin desafiatu nahi zaituen jauntxorik ba da?

SANTXO R: Egonen ez da ba! Sahaguneko gotzaia, Bordelekoa... Eta Leoneko Alfonso erregea ere hor dago, beti prest. Ustez berea duena eskuratzeko irrikaz. Eta bere konfesorea, zer esanik ez! Lerdea dario gure Iruņeko elizaren izena aipatze hutsarekin.

SANTXO R: Badakit bai. Orain Done Jakue bidearekin erromes mordoa iraganen da gure lurretatik gainera. Ondotxo dakigu guzti horren erran nahia.

SANTXA: Ez nituzke abade horiek gure elizaren jabe bihurtuta ikusi nahi. Gogaitu egiten naute.

SANTXO R: Baita ni ere! (Etsaien zerrenda gogora ekarriz) A, eta Gaztelako Fernando? Hura berriz, ni baino nafarragoa omen da!

SANTXA: Txatxua! Eta zuk ezpatarekin aurre egiten dizutenak nola menderatu jakin badakizu, ezta? Baina elizaren erretorikarekin burua harrotuta duten zoroak menderatzea ez da kontu makala!

SANTXO R: Horra hor koxka!

SANTXA: Zure oso gertuko norbait behar duzu, inoiz huts eginen ez dizun norbait. Eliza eta batez ere monasterioak oso ondo ezagutzen dituen norbait. Jainkoaren grazia eta zure onespena dituenak.

SANTXO R: Horixe bera!

SANTXA: Ez da kontu makala! Ezta harrapakin erraza nor hori. Nor? Nor? Nor? Hara, Urgelko monasterioko... edo zaude, Baionako abadiako Abade nagusia, oso gizon zintzo...

 

santxo ramirez-ek irribarrea egingo du.

 

SANTXO R: (Barrez) Arreba, ez didazu behar bezalako besarkadarik eman.

SANTXA: Ez? Emanen ez nizun ba! (Besarkatuz)

SANTXO R: Nire arreba maiteenaren burua dantzan ikusteak barrua irakiten dit. Ai, zure jakinduriaren jabe banintz!

SANTXA: Nik burmuinean dut indarra eta zuk berriz ezpatan.

SANTXO R: Elkarturik ez ginateke bikote makala!

SANTXA: (Ironiaz) Egon al gara inoiz banandurik?

SANTXO R: Ez. Sekula santan.

SANTXA: Ez al dut Seroseko monasterioa zuk nahi bezala gobernatzen?

SANTXO R: Bai, arreba bai! Ederki betetzen dituzu nire mandatuak. Horrexegatik behar zaitut.

SANTXA: (Isilunea) Esanen al didazu behingoagatik zer demontre nahi duzun?

SANTXO R: (Barrez) Haserretzen ere hasia zara-eta!

SANTXA: Hasiren ez naiz ba!

SANTXO R: (Isilunea) Hara, On Pedro abadea gomendatu didate, Baina...

SANTXA: Baina zer?

SANTXO R: Bada Alfontso Gaztelako erregeren konfesorearekin harreman oso onak dituela ere jakin dut. Eta kezkatuta nauka kontu horrek.

SANTXA: Iturriak fidagarriak direnik ezinen dut zalantzan jarri, jakina!

SANTXO R: Ez. Iturriak zuzenak dira, oso zuzenak gainera, bere maitalea baita sorburu.

SANTXA: Iruņeko gotzaintzan edozein zirrikitu nahikoa izanen du, barrura sartu eta dena bereganatzeko. Badaki kaiku horrek, eliza bere boterepean izanez gero, nagusitasuna galduren duzula. Eta Nafarroa berea izanen dela.

SANTXO R: Horixe da kontua. Eta ezin diet, Erromako elizaren izenean etorriren diren jauntxo sasi-letratu horiei ere gure elizaren jabe egiten utzi.

SANTXA: Norengan ari zara pentsatzen? Nor duzu buruan?

SANTXO R: Etxeko norbait nahi dut. Baina etxe-etxekoa; ez atzetik ezpata sarturen didan norbait. Gregorio Aita Santua gainera, monasterio eta elizetan erreforma sartu beharrarekin tematuta dabil. Guk ahalegin hori eginen dugula erakutsi behar diogu, bere aginduak zintzo jarraitzen ditugula adierazi.

SANTXA: Erreforma hori erokeria da. Nola burutu hainbertze aldaketa? Ez daude monasterioak prest eta are gutxiago abadeak! Sekulako banaketak gertaturen dira elizaren barruan bertan. Zorakeria da!

SANTXO R: Ez zaigu Aita Santuari aurre egitea komeni.

SANTXA: Baina abadeak gizasemeak dira, nola biziren dira emakumerik gabe?

SANTXO R: Nola ez dakit baina asmo tinkoa duela, bai, hori badakit! Nik erreforma sarturen genuela agindu nion, eta monasterioak emazte eta ume koskorrez garbitu egin beharren direla. Ahalegin horretan ari garela erakutsi behintzat!

SANTXA: Horrek etsai anitz sorturen dizkizu!

SANTXO R: Badakit, bai. Horregatik... (Etenaldia) Ezagutzen dut Iruņeko gotzain ona izanen den norbait. Baina zure iritzia behar dut.

SANTXA: Emanen dizut. Nor duzu?

SANTXO R: Zu zeu.

 

Isil-isilik geratuko da santxa. santxo ramirez ere hari begira-begira geratuko da, erantzun baten zain. santxak bere jantzia heldu eta bira emango du, aldenduz.

 

SANTXA: Ni? Jainkoarren!! Sotana janztea nahi al duzu ba?

SANTXO R: Ez. Mozorrorik gabe.

SANTXA: Alajaina!

SANTXO R: Santxa, zu zeu: Urgelko kondesa, eta Ermengol iii.aren emaztea, eta Seros konbentuko abade anderea.

SANTXA: Baina, han mojak gobernatu ditut eta beti ere gure ahizpa Urrakaren laguntza izan dut. Baina...

SANTXO R: Zatoz haize fresko beharrean zaude eta, goazen kanpo aldera. Hara, arreba maitea, ez dago zu baino bizkorragoa izanen den abaderik. Eta nahiz eta txikia izan, zure begirada batek, zure hitz batek, nire ezpatak baino beldur eta errespetu gehiago barreiatzen du.

SANTXA: Erromako Elizak onarturen luke?

SANTXO R: Bidaliko diet bedeinkapena eskatuz mezulariren bat, zama handia izanen duen kutxarekin. Ongi dakite gure aitona zenak aberastasun handiak eman zizkiola Iruņeko elizari, eta gurea den hori ezinen du ba etxetik kanpoko norbaitek gobernatu!

SANTXA: (Isilik) Bai!.

SANTXO R: Zer? Zer diozu?

SANTXA: Ez dakit.

SANTXO R: Mesedez, otoi!

SANTXA: Ba... Zure borondatea bada, nik Jaunaren grazia eta zure bedeinkapenarekin beteren dut zeregina. Ez dizut hutsik eginen. Zaude ziur.

SANTXO R: Hori da, bai horixe! Hara hemen nire artzapezpiku berria, Santxa Kondesa, ene arreba maitea!

 

 

—III—

 

Kanpoaldean koplariak ezkutatuta dauden lekutik zaratak entzungo dira. erregea kezkatuta harantz joango da.

Eta hiru koplariak ikusiko ditu.

 

SANTXO R: Alproja alaenak! Zer arraio egiten duzue hemen gu esaten ari garena entzuten?

1. KAIKUA: Barka beza jaun txit agurgarri horrek, baina ez genekien hemen zirenik, bazkal ostean lotan geratu gara eta berorri hurbildu den arte lotan ginen. Ez dakigu zertaz aritu diren.

2. KAIKUA: Ez dakigu aritu ote diren ere!

SANTXA: Zigortu itzazu kalabozoan.

3. KAIKUA: Baina Santxa andere errukitsua. Gu arima galdu batzuk besterik ez gara. Izan beza gutaz kupida. Jan eta lo, hori besterik ez dugu egiten.

SANTXA: Animaliek egiten dute halakorik.

1. KAIKUA: Eta zer gara ba gu, hain juxtu, kantuan ibiltzen garen animaliak: oilarrak! Haiek bezala bi oinetan ibiltzen gara gainera.

SANTXA: Oilarrak goizean goiz esnatzen dira, eta zuek lotan zinetela esan duzue.

2. KAIKUA: Denak, esnatu beharraren beharrez neka-neka eginda bukatu dugulako. Baina mesedez, anderea, horko oilategiko guztiei ez bezaie esan lotan harrapatu gaituenik, gure izen ona bezturen du bestela-eta!

SANTXO R: (Barrez) Zuen izen ona? Nik kenduren dizuet baldin eta hemen esandakoa ahoz aho dabilela jakinen banu.

SANTXA: Nire itzal bihurturen dira. Etor bitez nirekin, eta horrela mingaina dantzan jartzen ote duten berehala jakinen dut.

2. KAIKUA: Baina berorrekin nora?

SANTXA: Nora izanen da ba, monasteriora.

2. KAIKUA: Monasteriora?

3. KAIKUA: (Larri) Ez, ezin dugu.

 

santxa eta santxo ramirezek elkarri irribarre maltzurra egingo diote

 

3. KAIKUA: Ez. Ezin dugu, maiestate beroien aurrean abestu behar dugu.

SANTXO R: Benetan? Egizue ba.

1. KAIKUA: Horrela? Hemen?

SANTXA: Bestelako leku “berezi”-rik behar ote duzue, ala? Ez al duzue nahikoa Nafarroako errege zuen aurrean izateko ohorea?

1. KAIKUA: Bai, bai, jakina!

2. KAIKUA: Izanen ez da ba!

3. KAIKUA: Bai, bai, ohore handia, ohore handia!

SANTXO R: Hasi ba, ni nazkatzen hasi baino lehen!

 

hiru koplalariak elkarri begiratu eta zer egin ez dakitela egongo dira. Eztabaida txiki bat hasiko dute euren artean. Bitartean santxa eta santxo ramirez eseri eta txoroen bizkar barrez arituko dira.

 

3. KAIKUA: Atzo bidean abestu genian kopla kantaturen diagu.

1. KAIKUA: Ez zekiagu-eta!

2. KAIKUA: Hobe xelebrekeriaren bat egitea! Maitaleen...

3. KAIKUA: (Sekulako kaskarrekoa emanez) Isilduren ote haiz?

 

santxo ramirez eta santxa tontolapiko horiek ikusita, barrez; errege haserre itxurak eginez.

 

SANTXO R: Oilarrak marranta daude ala zer?

2. KAIKUA: Gure eztarri finak mundu osoan dira ezagunak, jauna. Ikusiren du berorrek.

 

koblariak garaiko bataila bateko gertakariak kontatzen dituen kobla bat kantatuko dute. erregeak moztu egingo du kantasaioa.

 

SANTXO R: Kantu horretako pasarte hori ederki ezagutzen dut. Bertze pasadizo bitxiagorik ez al duzue ezagutzen? Zuek ondo ibiliak izanen zarete bada...

 

hiru kaikuak batera hizketan hasiko dira urduri.

 

SANTXA: Isil zaitezte, behingoagatik! Mutu geratu nahi ez baduzue.

 

hiru kaikuak mutu geratuko dira, geldi-geldirik.

 

SANTXA: Tira, ama ikustera noa. Urraka ere beregana joan da. Eta zuk atseden hartu behar zenuke!

SANTXO R: Bai, alproja hauek isilik egoten badira behintzat...

SANTXA: (Mehatxatuz) Hobe dute.

SANTXO R: ...behar nuke lo kuluxka bat egin.

SANTXA: Eta nik pentsatu!

 

santxak alde batetik alde egingo du. santxo ramirez-ek beste batetik.

alprojak bakarrik geratuko dira. Nola alde egiten duten begira, eta erabat joan direnean... elkarri begiratu eta batak besteari:

 

2. KAIKUA: (santxa imitatuz) “Isildu behingoz mutu geratu nahi ez baduzue!”

1. KAIKUA: Joan daitezela pikutara! (Keinu zakarra eginez).

 

hirurak barrez eta iseka hasiko dira.

 

3. KAIKUA: Hi, goazemak!

 

hirurek atzetik alde egingo dute, eta eszenatokia hutsik utziko dute.

 

 

—IV—

 

Gela batean Santxaren ama eta urraka daude. Berriketan ari dira.

 

URRAKA: Ezin da sinetsi!

AMA: Nik Santxori, zenbat aldiz esan ote diot, beraren erdi anaia hori ez dela fidatzekoa, niri ordea, ez dit entzun nahi izaten! Baina ikusita zegoen. Ikusita egonen ez zen bada!

URRAKA: Eskerrak garaiz harrapatu duen gezurretan!

AMA: Bai.

URRAKA: Eta zauriak zer moduz ditu Santxok?

AMA: Ui, badakizu nolakoa den zure neba! Hilzorian badago ere, ez zaio igarriren. Haserre dago, eta hori seinale ona da. Baina konta iezadazu zer moduz zabiltzaten zuek?

URRAKA: Gu ongi. Badaki. Santxa nekaezina da eta sekulako lana egiten ari da komentuan. Orain sagarrondoak direla, ondoren eskola bat egin nahi duela eta hor gabiltza denok dantzan.

 

Une horretan santxa sartuko da, eta ama agurtuko du.

 

AMA: Hara, hitzak ekartzen du...

SANTXA: Nitaz ari al zineten?

URRAKA: Bai. Serosen egindakoen berri ematen ari nintzaion. Zer moduz neba?

SANTXA: Primeran! Umoretsu, beti bezala.

AMA: Zurekin izanen da!

SANTXA: Lotara joan da, nekatuta zegoen; baina berehala etorriren da bere onera. Zaintzen ari zaizkion Fortunio eta Enekorekin egin dut hitz eta ondo ari dira sendatzen zauriak. Egun gutxi batzuren buruan ziur lehen bezain indartsu egonen dela.

AMA: Zaurienaz gain... eliza ere hankaz gora du. Eta Iruņerako artzapezpikua bilatu behar.

SANTXA: Ez. Aurkitu du.

AMA: Nola? Ez da izango? Ez dit bada niri ezer esan.

SANTXA: Barka beza, ama, baina lehenago niri esan nahiren zidan. Horregatik ekarrarazi gaitu ziztu bizian.

URRAKA: Eta nor izanen da bada? Ezagutzen dugu?

SANTXA: Ezaguturen ez duzue ba! Hemen zuen parean duzuen honako hau.

URRAKA: Zein?

SANTXA: Neroni.

AMA: zu??!!

 

biak harrituta eta mutu geratuko dira. santxa haien erreakzioen zain.

 

URRAKA: Ene!

AMA: Baina, ezin liteke! Zoratu egin al da? Nola harturen duzu baina ardura hori? Mojen komentu bat gobernatzea gauza bat da, eta oso bestelakoa Iruņeko artzapezpikutza eramatea.

SANTXA: Ondo pentsatutako erabakia da. Berak hala dio.

AMA: Kordea galtzen ari bada ere, zuk bere horretan izanen duzu, noski, eta ezezkoa emanen diozu, ezta?

SANTXA: Ez da hori nire asmoa. Jaungoikoak ardura hori hartzeko bidean jarri nau, eta ezin diot Jaunaren graziari eta nire nebaren borondateari uko egin. Ene gogo guztia jarriren dut ahalegin horretan, pozik gainera. Zure laguntza ere behar izanen dut, Urraka!

URRAKA: (Oraindik harrituta) Bai, jakina. Nola ez!

AMA: A, baina zuri ere ondo iruditzen al zaizu? Ez al diozu ezer esan behar zure ahizpari?

URRAKA: Zer esan behar ote diot?

AMA: Harrotasuna ez dela lagun ona. Atzera egiteko. Zuk behintzat ez ezazu bultza erabaki horretara.

URRAKA: Santxok egindako eskaria izanik nola egin uko? Ez da nire eginbeharra Santxa aurrera edo atzera bultzatzea, bere ondoan egotea baizik. Lehen ere Serosera joatea ez zen nire erabakia izan. Hala ere, hara jo nuen, Santxaren ondora.

SANTXA: Zure laguntza behar-beharrezkoa izan da, eta esker ona besterik ez dizut zor.

URRAKA: (santxari irribarrea egin eta gero amari hitz eginez) Ama, Santxa ezagututa badakit bere betebeharra hamar gizasemek batera baino arduratsuago beteren duela.

AMA: Ez da arduratsuago izate kontua; dagokion lekuan egotea baizik. Eta Artzapezpikutza ez da bere lekua. Ez horixe!

SANTXA: Eltzekoa probatu arte ezin da goxoa ote dagoen jakin, eta ni ere, beitan aritu arte ezin asmatu nire lekuan ote nagoen.

AMA: Zoratzen hasi zarete. Eta batez ere zu! Nora zoaz? Zer nahi duzu? Gizon batekin lehian jarri. Hori da nahi duzuna? Ba jakizu, emakumeak gizasemeen itzalean bizitzeko sortu zituela Jainkoak.

SANTXA: Ez du Jainkoak inoiz halakorik esan.

AMA: Zer ote dakizu. Komenientziak Jainkoari bizkar ematera zaramatza!

SANTXA: Hara, Nimesen edo Agde eta Beziers-en, eta beste hainbat elizatan ere izan dira emakumeak buru.

AMA: Denen aurrean barregarri geraturen zarete biak. Bai zu eta baita zure neba ere. Hori al da herri hau gobernatzeko modua?

SANTXA: Ez dut uste barrea eraginen dudanik; ez naiz arlote bat.

AMA: Hobe luke arlote bat Artzapezpiku jarri, zu izendatu baino.

SANTXA: Ama, berorren alaba naiz! Ni erregeren alaba eta Jaunaren graziagatik izan naiz Serosko monasterioko abadesa. Eta ez beza, Jainkoarren, neure burua arlote batekin konparatu. Iraina da hori-eta!

AMA: Ni iraindu nauzu halako erabakia hartuta.

SANTXA: Nola esan dezake hori? Jauna iltzaturik zegoeneko leku berean aurkitzen dut neure burua.

AMA: Bi lapurren artean gurutzatuta; ez gero ni lapurra deitzera ausartu!

SANTXA: Ez dut halakorik esan, ez baitauzkat eskuak iltzaturik; baina nire alde eta nire aurka ari zarete eta ni erdi-erdian aurkitzen naiz.

AMA: Hori da hori, atzera egitea! Zuk ez daukazu halako kargua hartzeko behar den gaitasunik!

URRAKA: Bego lasai, ama, Jainkoarren.

AMA: Bai. Burua galdua duenak niri ere burua nahastu besterik ez dit eginen. Banoa!

 

amak alde egingo du. bi ahizpak bakarrik geldituko dira.

 

URRAKA: Gozoa jarri da!

SANTXA: Ikusten duzu, non topaturen lehenengo etsaia, eta etxean bertan! Eta gu bezala emakumea izateaz gain, gure ama! Hara.

URRAKA: Pasaren al zaio!

SANTXA: Zertarako ekarri ote gaitu mundura bada? Isilik egoteko? Berak inork baino gehiago maite du boterea-eta! Hor ibiltzen da batekin eta bestearekin, hari guztiak mugituz.

URRAKA: Baina isilean eta itzalean.

SANTXA: Hori al da? Egin bai, baina erakutsi ez? Orduan zeintzuk erakutsi dezakete arro egiten dutena: Gizasemeek? Non dago lege hori?! Lehen jendea oinutsik ibiltzen zen, denak gainera; orain berriz oinetakoak ditugu. Sua ere norbaitek asmatu zuen, eta Jainkoak jarri zuen eguzkia zeruan! Eta hark sortu ez bagintu, gu ez geundeke orain hemen! Hara, amari errespeturik galdu gabe, nebari zor natzaio.

URRAKA: Ziur al zaude?

SANTXA: Nola jakin!

URRAKA: Baina izanen duzun arduraz jabetzen al zara?

SANTXA: Txikiagoa izanen ote da gizon batentzat?

URRAKA: (Irribarre egin ondoren, serio) Akaso bai.

SANTXA: (Arnasa sakon hartu ondoren) Akaso!

 

santxak ahizpa sorbaldatik heldu eta handik irten egingo dira.

 

 

—V—

 

hiru kaikuak kantari entzungo ditugu eta antzeztokira agertuko dira kantuan. santxa kondesa gotzai izendatzeari buruzko kopla satirikoak abestuko dituzte.

Amaitzearekin batera, argiak itzali egingo dira.