Santxa
Aizpea Goenaga
Santxa
Aizpea Goenaga
Euskaltzaindia / BBK, 2006

 

LEHENENGO ESZENA

 

 

—I—

 

abade talde bat lanean ari da, mahai handi baten inguruan idazten ari dira batzuk, besteak berriz irakurtzen edo paper handietan dauden izkribuak sailkatzen.

abade gazte bat sartuko da.

 

ABADE GAZTEA: Isiltasun hau gehiegi entzuten da.

1. ABADEA: Lanean ari gara, eta ona da horretarako.

2. ABADEA: Ona izanen da, hala agintzen dutelako.

ABADE GAZTEA: Ba, isilik egonez gero ezinen dituzue iritsi diren azken gertakariak inori zabaldu.

4. ABADEA: Atso zaharren kontuak, ziur.

ABADE GAZTEA: Bai, zera! Erromako berriak.

1+2+3. Abadeak: Ez da izanen. Konta, konta!

4. ABADEA: Zuen jokabidea Santxa anderearenganaino iritsiren balitz, orduan komeriak!

ABADE GAZTEA: Badu harekin ere zer ikusia.

3. ABADEA: Bota behingoz, gizona!

ABADE GAZTEA: Aita Santuaren haserrea izugarria omen da. Frantziako partean omen dabil, Eliza Santuaren erreforma ondo gauzatzen ari den behatzen; tira, eta horrekin batera, beste kontu pare bat konpontzen. Gainera, Frantzian, han nonbait dagoen leku batetik gure erregeri mandatua bidali omen dio.

4. ABADEA: Erregea non dagoen ere ez dakizu eta zer esan duen jakinen duzulakoan?

ABADE GAZTEA: (Jaramonik egin gabe) Ezetz asmatu mandatua zein den?

3. ABADEA: (Asmatu nahian) Mairuak akabatzeko borrokara joatea?

4. ABADEA: (Jarraian) Erreforma oraindik ere zorrotzago ezartzeko?

 

Une horretan, engraxi sartuko da. Kantari dator, ur ontzi batekin, eta elkarrizketa eten egingo da.

 

ENGRAXI: Egun on denoi!

1+2+3. ABADEAK: (Jaramon gehiegirik egin gabe) Egun on, Engraxi.

3. ABADEA: Tira, konta iezaguzu behingoz!

4. ABADEA: Engraxi, ez al dakin hemendik aurrera galarazita egonen dela monasterioan barrena hik nahi bezala ibiltzea?

ENGRAXI: Bai, zera! Eta nork ekarriren dizue orduan ur freskoa errekatik jaso berria? Nork erremendaturen zuen galtza zaharrak? Nork garbitu zuen abitua? Eta kantuan egin? Gainera, zer, orain bota egin behar nauzue?

4. ABADEA: Otoitzerako lekua da hau, Jaungoikoaren etxea, eta bere bizia Gorenenari eskaintzen ez dionak ez du lekurik bertan! Hemen bizitza santua eramateko eta otoitz egiteko gaude.

ENGRAXI: Otoitz eginda prestaturen al dira zuen eltzekoak?

4. ABADEA: Lotsagabe berritsua! Alde nire paretik. Alde!! Zigorra jasoren dun bertzela.

ENGRAXI: Ez al zaizu nahiko zigorra iruditzen hemendik zakur bat bezala bidaltzea?

3. ABADEA: (Giroa samurtu nahian) Tira, horiek dira gure lege berriak. Emakumeek ez omen duzue lekurik izango abadietan.

ENGRAXI: Emakume guztiok geldituren gara kanpo; ala batzuk bai eta besteak ez?

4. ABADEA: Emakume guztiak.

ENGRAXI: Ja, jai!

4. ABADEA: Lotsagabe halakoa! Hau leku sakratua dun! Hemendik aurrera abadeok bakarrik biziko gaitun monasterioan.

ENGRAXI: Eta ni? Ifernuko zuloan?

4. ABADEA: Bai. Tira, alde hemendik. Segi ezan. Ospa.

 

engraxi bidali egingo du.

 

ABADE GAZTEA: Barkatu, jauna, baina ez da bidezkoa egin duzuna. Engraxi...

4. ABADEA: (Haserre) Zer erakutsi behar ote diozu zuk Rodezeko On Pedrori!

 

Azken hitz hauen gainean kanpai-hotsa entzungo da. Otoitz egitera joateko kanpaiak dira. bi abadeak aurrez aurre desafioan geratuko dira. Denak burua makurtu eta isilean aterako dira.

 

2. ABADEA: (abade gazteari) Tira, uztazu eta goazen!

 

 

—II—

 

4. abadea azkena geldituko da, eta ibiltzen hastean, kontrako aldetik agertu den santxak deituko dio.

 

SANTXA: On Pedro, zaude.

4. ABADEA: Zer du, anderea?

SANTXA: Denak otoitz egitera joan dira, ezta?

4. ABADEA: Bai, anderea.

SANTXA: Zurekin hitz egin behar dut orduan.

4. ABADEA: (Zuri) Berorren aginduetara.

SANTXA: Ez dakit egiten ari garena bidezkoa ote den ala ez. Ez dakit etorkizunean mesedea ala kaltea ekarriren dion gure elizari. Zalantza bizia darabilt.

4. ABADEA: (Moztuz, deseroso) Baina ez dagokigu guri aginduak ematea. Bete eta betearaztea baizik.

SANTXA: Bai, badakit. Hala ere, ezin ditut pentsamendu ilunak uxatu. Zuen artean, egunetik egunera istilu gehiago sortzen dira.

4. ABADEA: Ohitura, egoera eta agindu berrietara ohitzeko ahaleginak besterik ez dira. Zuhurtasun eta otoitzarekin dena konpon daiteke.

SANTXA: Jainkoak entzun zaitzala. Ez nuke leku goreuera eraman dugun gure eliza hankaz gora jartzea nahi.

4. ABADEA: Batzutan dena hankaz gora jartzeak ez du kalterik egiten, anderea. Ez zaio datorrenari beldurrik eduki behar.

SANTXA: Bai, arrazoia duzu, esker anitz zure hitz leungarriengatik. A! On Pedro, beste kontu bat: gure elizaren ondoan, gaixorik datozen erromesentzat erietxe bat eraikitzea pentsatu dut. Hor atzean, badira ukuilu zahar batzuk, orain ia erabiltzen ez direnak, eta arratoi etxe bihurtzen ari direnak. Hantxe eginen dugu, zer iduritzen?

4. ABADEA: (Gogotsu) Primeran, andere! Badaki berorrek, lur hauetatik pasatzen diren erromesek aberastasun ugari ekarriren dizkiotela gure etxeari. Ona da elizarentzat eta ona da guretzat Iruņea pasa beharreko leku izatea. Ni frankoa izanik, gogoko dut nire lurralde kideak joan-etorrian ikustea, eta gure hizkuntza mintzatzen entzutea.

SANTXA: Agudo hasi beharren dugu beraz lanean.

4. ABADEA: Bai, andere. Zure erranetara.

SANTXA: (Ia garrantzirik eman gabe hasieran) Erranaz mintzo zaren honetan... jakin dut erregeri, nire nebari, mezuren bat behintzat bidali diozula!

4. ABADEA: (Larri) Bai, anderea.

SANTXA: Eta jakin al daiteke zer zioen gutun horrek?

4. ABADEA: (Zuri, bere onera etorri nahian) Gure lanaren berri ematen nion gutunean.

SANTXA: Ez al dut lana nik ondo egiten? Ez al diot nire neba erregeri jakin behar duen guztia esaten? Zuk hobeto egiten duzun ustea duzu, ala nik jakitea nahi ez duzun zerbait esan behar zenion?

4. ABADEA: Ez da hori anderea.

SANTXA: Zer da bada? (Oso gogor) Ohiko hizkuntzan horri traizioa deitzen diogu, nire bizkar azpijokoa egitea.

4. ABADEA: Barkatu anderea, ez zen hori nire asmoa.

SANTXA: Ondotxo dakit zein den zure asmoa, On Pedro. Ondotxo dakit. Zoaz zure arima garbitzera!

 

4. abadeak, on pedrok, alde egingo du. santxa kezkatuta geldituko da, nola alde egiten duen begira.

Argi aldaketa bat gertatuko da.

Argi aldaketarekin. Eszenarioaren atzealdean santxa ikusleei bizkar emanez, belauniko jarrita otoitzean ari da, oso murgilduta dago bere baitan. Eliza kantua entzungo dugu bitartean, abadeak kantari ari baitira.

Halako batean, urraka sartuko da, eta bere atzean geldituz hitz egingo dio. Hau ere atzeraxeago jarrita belaunikatuko da, eta aurrean duten irudi erlijioso bati begira bezala geratuko da, hitz egiten duen bitartean.

 

URRAKA: Santxa, barkatu...

SANTXA: Zein izan daiteke arrazoia, Jaungoikoaren eta nire arteko solasaldia eteteko? Nahiko tinkoa ez bada, itxaron dezala.

URRAKA: Tinkoa ez balitz ez nintzateke zure otoitza etetera ausarturen. Baina errege etorri da, eta zurekin izan nahi du.

SANTXA: Zeinek du lehentasuna, nire nebak ala dena gobernatzen duen Jaun guztiahaldunak?

URRAKA: Jaungoikoak errazago ulerturen ditu mundu honetako presa eta larriak, gure nebak baino.

SANTXA: Presaka eta larri al dator?

URRAKA: Bai.

SANTXA: Seinale txarra orduan. (Aurrera begira Jainkoari mintzatuz) Ai, Jauna, gizaseme gorputza hartu ordez, emakumearena hartu izan bazenu, gure artera jaio zinenean, zenbat errazturen zenukeen gure bizitza!

URRAKA: (Baxu, errieta eginez) Santxa, otoi!

SANTXA: Sartzeko esaiozu. Zer esanen didan jakin arren, entzun behar izanen ditut esan beharren dizkidanak-eta.

URRAKA: Zer dator ba beste borroka batean sartzeko diru eske?

SANTXA: (Etsita) Nahiago nuke hala balitz!

 

Une horretan santxo ramirez sartuko da. Egoera ez da batere samurra. Bien arteko tentsioa nabarmena izango da. urrakak neba besarkatuko du, baina han zerbait gertatzen dela jabetuko da. Bai santxak eta baita santxok ere, urraka erabili egingo dute elkarri zuzendutakoak entzun ditzan.

 

SANTXO R: Egunon diezuela Jaungoikoak!

URRAKA: Egunon, Santxo! Etorri zara azkenean gurera.

SANTXO R: Bai.

SANTXA: Egun onak al dira?

URRAKA: Tira, alde egin behar dudala iruditzen zait.

SANTXA: (urrakari) Gera zaitez, eta entzun esanen didana. Esandakoa airean geratzen da, eta ondoren, hitzak jasotzeko gaitasuna ez du Jainkoak sortu.

SANTXO R: Hala nahi baduzu.

URRAKA: Zuen kontuak zuenak dira.

SANTXA: Hauek baina ez dira gure arteko kontuak, hauek eliza eta errege baten artekoak dira.

SANTXO R: Badakizu zertara natorren beraz?

SANTXA: Jakinen ez dut bada! Zure begietan irakur dezaket, zure beldurra, zeure ausardia falta, zeure ahulezia.

SANTXO R: Ez da ahulezia kontua, gure lurrak salbatu nahia baizik. Erabaki batzuk gogoz kontra hartu behar izaten dira. Ondotxo dakizu zuk hori.

SANTXA: Baina erabaki horri uko egin diezaiokezu.

SANTXO R: Eta zein ondorio izanen nituzke?

URRAKA: Jainkoarren, barka iezadazue, baina esanen al didazue zertaz ari zareten?

 

santxa eta santxo ramirez, elkarri begira tentsio pultsu batean geratuko dira. santxak hautsiko du isiltasuna.

 

SANTXA: Zuri dagokizu berria ematea.

SANTXO R: (bere burua zurituz) Ezin dut bestelakorik egin.

SANTXA: Mesedez! Ez nazazu txatxutzat hartu.

SANTXO R: Santxa, inork baino hobeto dakizu, Gregorio Aita Santuak duen botere eta indarra. Zer nahi duzu haren nahiei uko egitea? Zer nahi duzu Germaniako Enrique iva bezala gu Elizatik botatzea? Elizatik kanporatzea? Hori al da lortu nahi duzuna? Ala, bere burua “Aita Santu” izendatu duen Klemente zoro horren agindupean jartzera behartu nahi nauzu?

SANTXA: Ez itzazu kontuak muturretara eraman. Ziur naiz Gregoriorekin hitz eginez gero... Iruņeko Artzapezpikutzaren egoera onaz jakinaren gainean jarriz gero...

SANTXO R: Baina zein mundutan bizi zara? “Hitz egin”? “Erakutsi”? Ez du horrelakorik nahi. Ez du emakumerik nahi Elizan. Eta are gutxiago bere eliza gobernatzen.

SANTXA: “Bere eliza”? Guztiona zela uste nuen!

SANTXO R: Bera da gidaria, ordea.

SANTXA: (Lehertuz) Eta Iruņea eta Monjardineko Artzapezpikutzaren gidaria ni naiz! (Samur) Zer axola ote dio gizonezko ala emakumezko izateak! Ez al dut bada nire lana behar bezala bete? Ez al naiz espero zenuen bezain leiala izan? Hankatarteak ematen al du gauzak behar bezala egiteko gaitasuna?

SANTXO R: Jainkoarren!

SANTXA: Baina konturatzen al zara, zergatik nahi dituen emakumeak Elizatik kendu?

SANTXO R: Niri Elizaren aginduak bete besterik ez dagokit.

SANTXA: Bete, bete, bete. Eta jakin, zer? Ba al dakizu zein arazo duen Elizak: lurrak galtzeko arriskua! Bere lurrak abadeen seme-alabengana pasa beharraren arriskua. Hori ere ba du. Eta arazo horri aurre egiteko, zer irtenbide bilatu du? Emakumeen deserriratzea. Elizatik kanpora bidali eta bakea, ezta? Elizan emakumerik ez bada, seme-alabarik ere ez da izanen. Akabo! Baina egon badaude, eta egonen dira. Eskubideak ukatuz gero, ez da zorrik, ezta?

SANTXO R: Elizak berak jakinen du bere bidea nola jorratu.

SANTXA: Ni ere Elizaren parte naiz. Santxo, Jainkoak lan hau aurrera eramateko bedeinkatu ninduen, eta ezin du orain, bere izenean inork hitz egin. Ezta Aita Santuak berak ere!

SANTXO R: Ez iezazkidazu gauzak diren baino zailago bihurtu! Oso leial jokatu duzu, bai. Eta egin duzun lanari buruz iritzi ona eta laudorioak besterik ez ditut. Baina konpreni ezazu egoera. Eskatu ordainean nahi duzuna, eta emanen dizut, arreba maitea.

SANTXA: Ez erabili maitea hitza, hitz horrek maitasunik adierazten ez badu! Eta ezer eskatzekotan duela bi udaberri agindu zenidan eginkizun ber-bera berrestea nahi dut. Gure aitona zenak, Iruņeko Artzapezpikutzari eman zizkion botere eta indarrak gobernatzeko eskaria egiten dizut, haren odolekoa naiz, zu zeu zaren bezalaxe. Orduan zuk erregutu egin zenidan eta nik laguntzeagatik onartu egin nuen. Orain berriz, otoi eskatzen dizut: neba, maite banauzu, ez iezadazu ken!

SANTXO R: Ezin dut halakorik egin, ez dago nire esku.

SANTXA: Ezin duzula? Ez al zara bada errege? Hain ahulak al dituzu Jainkoak emandako indarrak?

SANTXO R: Nire erreinua armen indarraz gordetzen dut, baina Elizaren erreinua Erromatik dute gobernatzen, eta haiek armak izateaz gain, fedearen sugarra ere badute, haritz baten sustraiak baino indar sendoagoa dute, eta kanpotik hosto ederrak erakusten badituzte ere, lur azpiko zain ilunek lurra bereganatzen dute poliki-poliki. Zer egin dezaket? Alemaniako erregek bezala aurre egin? Hor duzu egin behar ez denaren adibide argia!

SANTXA: Beldurra, hori duzu etsairik txarrena. Beldurra lagun izateak nigandik aldentzen zaitu. Ez diot koldar bati zer esanik!

SANTXO R: Ez iezadazu horrela hitz egin niri!

SANTXA: Ez izan beldurrik! Ez du nire ahoak hitz gehiagorik eginen-eta!

 

santxak alde egingo du. Eta santxo ramirez segundu batzuetan pentsakor geratu ondoren, beste aldetik desagertuko da.