LEHENENGO ESZENA
santxa kondesa, Erromatik bueltan, patiora sartuko da, bertako landareak usaindu eta “etxera” itzuli den itxura emango du.
Atzetik urraka, haren ahizpa, dator.
SANTXA: Hau usain ederra! Bai dela gozoa etxera itzultzea! Hemengo arbolak, hemengo txokoak, eta hemengo txoriak ere ezagunak ditut.
URRAKA: Azkenean irribarrea egin duzu. Pozten naiz. Kezkatuta ninduzun, zure atsekabea uxatzen nola lagundu asmatu ezinik.
SANTXA: Ez, ez da uxatuko. Nola uxatu! Fedean hazi eta hezia izan, eta bat batean, fede horren gidaria ikusitakoan, bere arima, eta bere asmoak ezagututakoan, Jainkorik ba ote den ere zalantzan jartzen dut.
URRAKA: Ez ezazu horrelakorik erran. Nork sortuak dira, bada, usain eta arbola hauek?
SANTXA: Eta heriotzarekin dena desagerturen balitz? Ezer gehiago ez balego?
URRAKA: Ezinezkoa da. Santxa, Jainkoarren, kendu burutik pentsamendu ilun horiek.
SANTXA: Urraka, Jainkoa nire pentsamenduetan ikusi dut, edo ikusi nahi izan dut. Urbano Il.a Aita Santua, ordea, aurrez aurre. Haren burutik ateratzen dira, lege berriak, bete beharreko aginduak, egin beharreko penitentziak, eta ifernura joateko arrazoiak. Berak asmatzen ditu. Jaungoiko guzti ahalduna, nola mintzaturen zitzaion halako gizaki ustel bati? Haren gogotik ateratzen dira agindu guztiak, eta guk hari jarraitu besterik ez diogu egiten. Nola obeditu, ardo usaina belarrietatik ere ateratzen zaion tripazagi andrazale bati? Halakoxe arkume bat jan zuten berak eta berarekin zeuden hiru artzapezpiku haiek. Halakoxea. Ni hitz egiten ari nintzen bitartean.
URRAKA: Ahaztu guzti hura. Ikusitakoak ez dizu Jainkoarekiko sinesmena kolokan jarri behar.
SANTXA: Erromatik honaino, etxeraino egindako bidean, zalantza ber-bera izan dut buruan: dena asmazio bat besterik ez bada? (Gorantz begira) Hodei eder horiek bezalaxe? Eta Urbano ii.a bezalako jendeak asmatu izan balu Eliza hau!
URRAKA: Santxa, mesedez. Nekatuegi zaude.
SANTXA: Ez, ez da nekea, garbi ikusten dut orain. Denak beldurtuta gaituzte, hil ondoren bizitza oparoago bat irabazi edo ifernua izanen dugula sinestaraziz. Hala ifernurik balitz... bejon diezagula! Baina ez lirateke beste horiek orain bizi diren bezala biziren. Nola adierazi nebari, otsoa lagun duela. Santxo nebak ez du erranen diodana sinetsiren. (Mahai aldera joanez) Izkiriatu nahi dut, lehenbailehen, ezer ahaztu baino lehen dena orri hauetan jarri; gertatutako guztia.
URRAKA: Bidaia osoa, izkiriatzen eman duzu-eta! Atseden egiteko geratzen ginen guztietan ateratzen zenuen izkiriatzekoa!
SANTXA: Bai, eta hala ere, oraindik asko dut buruan hustutzeko. Hitzak arinago dabilzkit izkiriatutako hizkiak baino. Han ikusi eta entzundakoak ezin dira agortzen utzi. Ez. Hitzek gure aurrean geratu beharren lukete betiko, mendiak gure begien aurrean geratzen diren bezala, edo horko arbolak bezala edo honako belar hau bezalaxe; horrela geratu beharren lukete esandakoak, denek nahi denean belarria hara jo eta entzun ahal izateko moduan.
URRAKA: Ez dira beti entzuten entzun beharrekoak, norberari komeni zaizkionak baizik.
SANTXA: Santxa Gartzia den honek, erregeren alaba eta Ermengol kondearen emaztea den honek, Aita Santuari edo nire nebari komeni ala ez, Erroman ikusi eta entzundakoak izkiriatu eginen ditut; baina nahita ere, xehetasun guztiak emanda ere, ezinen dut adierazi hango bizio, hango handikeria, hango aberastasun eta... haien ankerkeria oro!
URRAKA: Ez horrela hitz egin, Jainkoak zigortzea nahi ez baduzu behintzat.
SANTXA: Santa Cobizia, halaxe izendatu nahi ninduen, barre artean. Lur eta aberastasun batzuen truke! Santa Cobizia, halaxe deitzen ninduen, eta batere lotsarik gabe gainera.
URRAKA: Bekatuan bizi bada ere, Aita Santua da, Jaungoikoari erantzun beharren dio. Eta ahaztu ikusitakoa.
SANTXA: Bai, badaukat baina oraindik zeregina. Urraka, Jainkoak inor zigortzekotan bera zigorturen du, jakin badakit hori. Ez. Ezin ni zigortu, ni bidali bainau hango basakeria hura ikustera, gero kontatu ahal izateko. Han ikusitakoak ez dauka Jainkoarekin zer ikusirik. Alajaina... (bere buruari, baina munduari hitz eginez) eta haiek al dira gure gidariak? Haiek erakutsi behar al digute Jainkoarenganako bidea? Nola baina? Otoitza, zuhurtzia eta sinismenaren bidez?
URRAKA: Aitaren eta semearen!
SANTXA: Putre alaenak! Haien esanei amore eman behar badiet, nahiago mairu bihurtu!
URRAKA: Ez horrelakorik erran. Santxa, mesedez.
SANTXA: Zeinen alde zaude baina? Ez al dizkidazu nik kontatu dizkizudanak sinetsi behar? Ala zuk ere komeni zaizunari egin behar al diozu jaramon?
URRAKA: Zure ondoan jarraitzen dut, komeni ala ez. Nik zure hitzetan bete-betean sinesten dut, ahizpa, baina egia osoa esatea, den-dena adieraztea ez da beti mesederako izaten.
SANTXA: Zergatik isildu behar ote dut? Bularra lehertzear daukat, biriketatik amorrua ateratzen zait, bihotzeko taupadek bururaino jauzi egiten didate...
URRAKA: Santxa, otoi! Izkiriatu bizi izandakoa, konta ezazu han ikusi duzun gezurra...; baina kontuan izan jende anitz eta anitzen miresmena duela Aita Santuak, berak du Elizaren agintea bere esku. Zu artalde bateko ardi galdu bat besterik ez zara. Zer diot ardi galdua? Ardi galduaren arkakusoa! Eta nola nahi duzu artalde oro zure atzetik jartzea?
SANTXA: (Etsita) Badakit, bai. Baina egiaren arma dut eskuetan.
URRAKA: Arma erakusten baldin bazoaz, berehala kenduren dizute eskuetatik.
SANTXA: Zer nahi duzu orduan. Paperetan izkiriatu eta isilik geratzea? Inguruko lau abaderi izkiriatutakoa leitzera eman, eta kito? Nire egunak kristau etsipenez amaitzea, barrua sutan badaukat ere?
URRAKA: Ez. Ez erakutsi sua daukazunik, ez erakutsi hain garbi behintzat. Ahoa itxiren dizute bestela. Burua galdu duzula esanen dute, zure hitzek batere ez dutela balio erakutsiren dute! Lehendik ere, nahikoa etsai dituzu Elizaren barruan. Makina batek ikusi nahi zintuzke zapal-zapal eginda. Ez, ezin duzu, zuretzat amaiera litzateke.
SANTXA: Baina harria kolpeak emanez hautsiren da!
URRAKA: Ikusiren ahal dugu emaitzarik?
SANTXA: Ikusiren ditugu, bai. Ikusiren ditugu. (ahizpa besarkatuz) Ai, Urraka, zer eginen ote nuke zu gabe?
URRAKA: Agindu iezadazu isilean eginen duzula lan, egia ezkutuan erakutsiren duzula.
SANTXA: Bai. Aginduren nizuke, etorkizuna nolakoa izanen den jakingo banu. Baina, oraingoz, nire aldetik, horrela jokatzeko asmo eta ahalegina besterik ezin dizut eskaini. (Musika tresna bat luzatuko dio) Jar itzazu behatzak dantzan, buruko berotasun honek doinu goxoak behar ditu-eta bere onera etortzeko.
urraka doinu goxo bat jotzen hasiko da, santxak, han dagoen mahaitxo batean, idazteari ekingo dion bitartean.
urraka kantuan hasi eta handik gutxira gelditu egingo da, izan ere, emakume eskale bat, oso itxura txarrekoa hara sartu dela ikusi baitu.
Emakumea engraxi da, arropa zahar eta puskatuz jantzita dator.
URRAKA: Zer egiten dun hemen, atsoa?
ENGRAXI: Barka beza andere, erregu bat egitera etorri natzaio berorri.
URRAKA: Hanka hemendik! Nola sartu haiz hemen? Nork ireki din atea? (Makila hartu eta handik bidaliz) Hanka! Segi kanpora! Zorritsua!
ENGRAXI: Itxoin, anderea, itxoin. Behar izanen banu ere, ez netorke limosna bila. Engraxi naiz, Jainkoarren! Berorren laguntza eskatzera etorri naiz.
SANTXA: Engraxi? Gure Iruņeko Elizako Engraxi?
ENGRAXI: Bai, Santxa anderea.
URRAKA: Engraxi!
SANTXA: Baina zer gertatu zain, zer egiten dun itxura horrekin?
ENGRAXI: Gaixorik nago anderea, gaixorik, gose eta aterperik gabe. Bizitza osoan Iruņeko Elizan bizi izan nintzen eta nire seme-alabak ere han hazitakoak dira, baina berorrek bota ninduen handik. Ondotxo dakit lege berriak bete beharrak hala bultzatuta; baina harrez gero, ez dut aterperik lortu. Neguko hotzek etengabeko eztula eragiten didate, eta egun asko eta askotan nire malkoak izan dira gosea asetzeko ahora eraman izan ditudan bakarrak.
SANTXA: Zorigaitzeko arima bedeinkatua!
ENGRAXI: Bai, horixe izan da nire bizitza. Zorigaitza! Egun batetik bestera, aingeru jagole izatetik arima galdu izatera pasa nintzen. Zein ote egindako bekatu izugarri hori?
SANTXA: Engraxi... nola barkaturen ote didan egindako kaltea? Nola barkatu nire buruari neronek egindako kaltea?
ENGRAXI: Andere errukiduna, atrebentzia ez bada, oinazeak kenduren dizkidan erremedioa eskatzera etorri naiz. Lortuz gero, berorrengatik eginen nuke otoitz geratzen zaidan bizitza apur honetan.
SANTXA: Nire buruaren irudia ikusten dinat higan, Engraxi. Hi bezala nabilen besteek sortutako kaltea jasaten. Erregutzen dinat, otoi, Engraxi, barka egidan!
ENGRAXI: Ez beza halakorik esan, anderea!
SANTXA: Barkaidan, Engraxi, barkaidan.
ENGRAXI: Berorri barkatu?! Halakorik egin nezakeela pentsatzea ere! Berorrek ez du ezeren errurik. Halakoxea da mundua.
SANTXA: Mundua! Mundua! Aldatzerik bagenu!
ENGRAXI: Guk harri txikiak alde batetik bestera mugi ditzakegu, hori besterik ez; baina munduak bere tokian jarraituren du.
SANTXA: Iritsiren ote dun hor dauden harri horiekin itsaso gainean lurra jarriren dugun eguna, eta baita zeruan ere. Iritsi behar izanen dinate garai hobeak, pentsamenduarekin batera mundua hobeturen dutenak.
ENGRAXI: Pentsamenduak ez du sabela betetzen, ezta gaitza sendatzen ere.
SANTXA: Pentsamendu txarrek ordea, sabela ederki husten dute, baita gaitza sortu ere! Ondotxo zekinat.
ENGRAXI: Barka beza, anderea, ez diot inolako enbarazurik sortu nahi. Oinazea baretuko didan zerbait ematerik izanen balit...
SANTXA: Hator nirekin Engraxi. Urraka lagun nazazu, goazen Engraxirentzat sukalde ondoko gela prestatzera. Eta atera belarrak. Goazen, Engraxi, goazen!
ENGRAXI: Esker anitz, anderea, esker anitz!
URRAKA: Tira, Engraxi, sukaldeko eltzean dagoenak pizturen hau.
ENGRAXI: Zuek zarete aingeruak, zuek!
URRAKA: Ni ere gose naun, ez ezan uste!
SANTXA: (Barrez) Zure tripa zorriak al ziren kantuan ari zirenak?
URRAKA: Bai. Hainbeste bidaia, eta hainbeste mugimendu, eta etxeko janaria usaindu bai, baina ez dut dastatu.
SANTXA: Tira. Goazen.
hiru emakumeak atera egingo dira eszena tokitik.